TXIRRINDULARITZA. Eskapada ederra!

Mikel Astarloza.
2008ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Irakurleei barkamena eskatuz hasi beharko dut zutabea, egunkaria hartu eta ia-ia Astarlozaren iritzirik irakurri gabe geratu baitzarete. Uste dut inork ezin duela pentsatu guretzat atseden eguna zer den. Pirinioetan, gainera, etxetik gertu... Pentsa, goizeko hamarretan esnatu gara, eta lasai-lasai gosaldu dugu, gustura. Ez dakit zeinek, baina BERRIA ekarri digu norbaitek, eta, zorionez, albisteak ez ditut Interneten begiratu behar izan. Izan ere, nik nahiago dut paperean irakurri. Sentsazio desberdina da.

BERRIA irakurri ostean, entrenatzera joan gara. Oso-oso saio txikia egin dugu, ordu eta erdi ingurukoa, eta hortik bueltan prentsaurrekoa eman dugu Haimarrek [Zubeldia], Samuel Sanchezek eta hirurok. 15 bat kazetari egongo ziren, eta prentsaurreko laburra ematen saiatu gara, inongo berritasunik ez zegoelako, batez ere. Dei asko jasotzen ditugu horrelako egunetan, eta hamaika aldiz errepikatu behar izaten dugu gauza bera. Taldeak egun osoko lasaitasuna lortu nahi zuen prentsaurrekoa emanda, guretzat benetako atseden eguna izan zedin. Eta oso ideia ona izan da, eskertzekoa, gero kazetarien dei gutxi jaso baititut, eta gozatu egin baitut. Taldeetako arduradunek goizean egin duten bilerarekin ere ez gara ohartu ia-ia. Erabat lasai egon gara.

Bazkaldu ostean, bi orduko siesta egin dut. Horrelakoetan siesta handiak egiten ditut normalean; bitxikeria gisa, Samuel Sanchezek hiru ordu eta erdi pasatu ditu lotan. Pentsa gorputza nola daukagun! Beharra dagoen seinale izaten da hori. Arratsaldean, masajea jaso eta gero, gurasoak, arreba, neska-laguna... etxekoak etorri zaizkit bisitan.

Eta lasai ederrean afaldu ondoren, BERRIAko kazetariaren deia jaso dut kronika eske. Zeharo ahaztuta nengoen! Ikusten duzuen moduan, alde guztietik izan da atseden eguna; eskerrak Martin Ugalden ez zeukaten atseden egunik. Bestela...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.