Vuelta korritzen ari zela bagenekien, baina zein helbururekin, zein sasoitan ez. Morellako bukaeran indartsu dagoela erakutsi du, eta Euskal Herriko Itzulia ekarri digu gogora, Azpirotz mendatea eta Lekunberriko ailegaera. Han egindakoa errepikatu baitzuen atzo. Apirilekoa irailean, emaitza berarekin. Garrantzitsuagoa atzokoa, Vueltako etapa batek Euskal Herriko Itzuliko batek baino sona handiagoa duelako.Azpirotz eta Morella mendate ezberdinak dira. Azpirotz gogorragoa da, luzexeagoa da, bainaMorella etapa bukaera da, gainean bukatzen da. Mentxovek lasai jardun zuen Azpirotzen, Euskaltel-Euskadi taldekoen enbatari, eraso festari eutsi, David Etxebarriaren gurpilari itsatsi, eta errematea eman zion gainetik gertu.Morellakoa berdin-berdina izan zen. Joaquim Rodriguez kataluniarrak hasi zuen festa (Saunier Duval), Fassako Aitor Gonzalez haren bila abiatu zen, eta etapa bien artean erabakiko zela zirudienean, Mentxovek erasoa jo, Valverde, Cunego eta Heras faboritoak ito, aurreko bikoa irentsi, eta garaipen ederra lortu zuen, besoak lasai altxatzeko astiarekin, modu ezin hobean.Azpirotzen hasi, eta Morellan hazi, Mentxovek dagoeneko nahiko helduta dagoela erakutsi badu ere. Bietan itxuraz txirrindularitzan garrantzirik ez duen dohainari zukua aterata: pazientzia. Mentxov nekez urduritzen da. Zain geratu zen Azpirotzen, bere indarraz fio zen. Zain geratu zen atzo Morellan, Rodriguezek eta Gonzalezek 50 metroko errenta lortu zutela jakinda ere. Bere indarraz fidatu zen, eta une egokian erasoa jo eta garaipen dotorea lortu zuen.Etapa bukaera gorabeheratsua zen, txirrindulariei gehiegi gustatzen ez zaiena, errepide estuetatik. Gogorra, berez, eta gogorra egin zuten txirrindulariek. Valverde eta Cunego garaile petoak dira, garaipen usaina antzeman bezain pronto jartzen dute lanean taldea, eta hala egin zuten atzo, ihesaldi arriskutsu bat irensteko. Jazarpen lanak asko bizitu zuen tropelaren erritmoa, eta erritmo horrek askoren ezina eragin zuen. Torremiro gaina ez da gogor-gogorra, bigarren mailakoa izanda ere, baina Kelme taldekoek jarritako martxak tropel erdia ito zuen. Erdia esateko modua da, 26 txirrindulari bakarrik geratu baitziren tropel nagusian.Aldeak, dena den, txikiak izan ziren helmugan, onenen artean bederen. Segundo batzuk baino ez, baina nabaria da asko justu antzean doazela. Haimar Zubeldia eta Igor Gonzalez de Galdeano atzean geratu ziren Torremiron. Vinokourov ere bai, itxuraz sabeleko arazoengatik. Sevilla ere atzean geratu zen. Gaizki ez, oso txukun jardun zuten beste batzuek. Juanma Garatek, adibidez. Mendiko liderraren maillota eramango du soinean gaur, eta fresko-fresko igo zuen Torremiro. Joseba Belokik ere txaloak merezi ditu. Azterketa garrantzitsua zen atzokoa berarentzat, erabakigarria ia-ia, mendian gora onenen pare egoteko gai zen jakiteko. Gai izan zen.Txaloak baita Aitor Gonzalezentzat ere. Zumarragan jaiotako mutilak 2002ko Vueltan erakutsi zuen maila usaindu ere ez du egin bi urteotan, baina gogotsu dabil, eta postu dezente aurreratu ditu sailkapen nagusian. Eta txaloak Unai Osarentzat. Ezin okerrago hasi zen Vuelta Itziarkoarentzat, taldekako erlojupekoan bost minutu galduta. Etapa ehizean jardun beste erremediorik ez du aurrerantzean. Atzo saiatu zen lehen aldiz. Ez da azkena izango.
-
Sailkapenak
BOSGARREN ETAPA
1. Denis Mentxov (IBB) 5.07.442.
Aitor Gonzalez
(FAS) 3ra3. A. Valverde (KEL) d. b.4. Leonardo Piepoli (SDV) d. b.5. Carlos Sastre (CSC) 5eraSAILKAPEN NAGUSIA
1. Manuel Beltran (USP) 18.47.162. Floyd Landis (USP) d. b.3. Denis Mentxov (IBB) 4ra4. A. Valverde (KEL) 9ra5. Cadel Evans (TMO) 16ra