TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Burua, lana eta klasea

Imanol Erbiti iruindarrak irabazi du Vueltako hamargarren etapa, ihesaldian sartu eta Rat Penaten behera erasoa jota

unai zubeldia
2010eko irailaren 8a
00:00
Entzun
«Bururik gabeko txirrindularia ez da txirrindulari ona izango. Buruari esker ikasten da sufritzen, eta pixka bat gehiago entrenatzen». Imanol Erbitiren hitzak dira horiek. Burua nabari da adierazpen horietan. Psikologia ikasketak egiten ari den txirrindulari puskaren burua. Burua, lana eta klasea. Hiru hitz horien batuketa da Erbiti. Tropelean txirrindulari gutxi egongo dira bera bezain saiatuak, eta horietako bat da beraren ispilua: Txente Garcia-Acosta taldekidea eta gelakidea. Ispilu hori puskatu egin zen atzo, nafarra lurrera erorita -kolpe handia hartu zuen, eta 16.38 minutu galdu zituen helmugan-. Beharrean egongo zela eta, opari ederra egin zion nafarrak nafarrari: Vueltako hamargarren etapa.

Langilearen egunerokoan luzimendurako tarte txikia egoten da. Liderra babestu, haizea kendu, tropel burura ur botilak eraman, tropel buruan egurrean joan... Hori da Erbitiren egunerokoa. Horrek betetzen du. «Valverdek iaz Vuelta irabazi zuenean, egurrean ibili ginen 21 egunetan. Berak irabazi zuen itzulia, baina autobusera igo eta besarkatu ninduenean, garaipenaren zati bat neurea zela sentitu nuen». Hori da tropeleko langileen filosofia.

Lan eginda, gozatu egiten du nafarrak, eta, neurri batean, horren ondorioa da garaipen zerrenda. Bi etapa besterik ez du irabazi 2005etik, debuta egin zuenetik, baina garaipen handiak dira biak. 2008ko irailaren 18an Vueltako 18. etapa irabazi zuen, Las Rozasen (Madril), hemezortzi laguneko ihesaldian sartu eta esprint estuan Nicolas Rocheri gurpil laurdeneko aldea aterata. «Izugarrizko askatasuna» sentitu zuela aitortu zuen orduan. Baina are garaipen ederragoa izan zen atzokoa. 11 laguneko ihesaldian sartzea lortu zuen, Rat Penat lehen mailako mendate tentean 1.90 metroko gorputza gogotik estutu zuen gero, eta jaitsieran erasoa jota altxatu zituen helmugan bi besoak. Buruari eta lanari klasea gehitu zien atzokoan Caisse d'Epargneko txirrindulariak.

Igor Anton, David Lopez eta Imanol Erbiti. Hamar etapa jokatu dira orain arte Vueltan, eta hiru irabazi dituzte euskal txirrindulariek. Hori bai, garrantzi handirik ez badauka ere, atzoko etapan beste euskaldun bat galtzaile irten zen. Joaquim Rodriguezek (Katuxa) ez zeukan maillot gorria jantzi arteko onik, eta lehen tarteko helmugan epaileek hirugarren postua eman zioten kataluniarrari. Gaur, Andorrara bidean, maillot gorriarekin gozatua hartuko du Katuxakoak.

Oso hasiera azkarra izan zuen atzoko etapak, lehen ordubetean ia 50 kilometro egin baitzituzten. Orduantxe hasi zen gauzatzen ihesaldia, eta tartean ziren, besteak beste, Erbiti bera, Philippe Gilbert, Greg Van Avermaet (Lotto), Javier Moreno (Andalucia-Cajasur), Laurens Ten Dam (Rabobank) eta Christophe Le Mevel (Francaise des Jeux). Gilberten presentzia arriskutsuegia zen Katuxarentzat -ordurako bi segundoko gainsaria hartuta zeukan Rodriguezek-, eta hala ulertu zuen belgikarrak berak ere. Hain zuzen ere, Lottokoak amore eman zuenean argitu zen ihesaldiaren etorkizuna. Katuxak une oro kontrolpean izan zituen aurreko 11 txirrindulariak, baina aurrean zegoen garailea.

Rat Penaten gora taldetxoa astindu zuten Morenok eta Le Mevelek, baina jaitsieran estutu zuen egoera Erbitik. Erlojupekoa balitz bezala, egurrean egin zituen azken kilometroak, eta erakustaldi handia eman zuen. Merezitako garaipena eta gozatua nafarrarentzat.

Andy Schleck, taldetik kanpo

Atzo goizekoa da albistea. Bjarne Riis Saxo Bankeko managerrak Vueltatik kanporatu zituen Andy Schleck eta Stuart O'Grady, «talde barruko arauak hausteagatik». Afari baten ondoren koparen bat hartzera joan izana dago horren atzean. Schleckek onartu zuen hori. «Taldearen barruko arauak hautsi ditudala onartzen dut, afaldu ondoren kopa bat hartzera joan ginelako. Gehiegizkoa iruditzen zait erabakia, baina bera da nagusia, eta onartzen dut». Frank Schleck anaiari Vuelta irabazten laguntzea zen Andy Schlecken helburua.



Sailkapenak

HAMARGARREN ETAPA

1. Imanol Erbiti (Caisse) 4.13.31

2. Romain Zingle (Cofidis) 37ra

3. Greg Van Avermaet (Lotto) d.b.

4. Mauro Finetto (Liquigas) d.b.

5. Javier Moreno (Andalucia) d.b.

6. Anders Lund (Saxo Bank) d.b.

7. Christophe Le Mevel (Francaise) d.b.

8. Giampaolo Cheula (Footon) d.b.

9. Laurens Ten Dam (Rabobank) 42ra

10. Dmitri Fofonov (Astana) 1.36ra

11. Daniele Bennati (Liquigas) 1.38ra

12. Grega Bole (Saxo Bank) d.b.

34. Juanjo Oroz (Euskaltel) d.b.

37. Igor Anton (Euskaltel) d.b.

39. Amets Txurruka (Euskal.) d.b.

NAGUSIA

1. Joaquim Rodriguez (Katuxa) 42.11.49

2. Igor Anton (Euskaltel) 2ra

3. Vincenzo Nibali (Liquigas) 4ra

4. Xavier Tondo (Cervelo) 44ra

5. Jean-Christophe Peraud (Lotto) 54ra

6. Ruben Plaza (Caisse) 1.17ra

7. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 1.20ra

8. Nicolas Roche (Ag2r) 1.21era

9. Marzio Bruseghin (Caisse) 1.24ra

10. Peter Velits (Columbia) 1.28ra

11. Tejay Van Garderen (Columbia) d.b.

12. Rigoberto Uran (Caisse) 1.40ra

22. Mikel Nieve (Euskaltel) 3.39ra

33. David Lopez (Caisse) 6.52ra

37. Egoi Martinez (Euskal.) 10.50era



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.