TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. 'Chapeau', Gesink

Juanma Garate.
2009ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Txirrindulariok, lehertu arte tiraka ibili baldin bagara, arraunean egin dugula esaten dugu. Eta atzo horixe tokatu zitzaigun taldekideoi: arraun egitea Robert Gesink helmugaraino eraman ahal izateko. Izugarria izan zen mutilak iristeagatik egin zuen esfortzua. Chapeau.

Herenegungo eta atzoko etapa batuta 4:45 galdu behar genuela esan izan balidate, ez nuen sinestuko. Izan ere, herenegungo etapan, seigarren kilometrorako hasi zen atzean geratzen Gesink. Baina a zer-nolako esfortzua egin zuen mutilak... Guk ere asko lan egin behar izan genuen; batik bat, arlo psikologikoan. Hain larri zihoan, non besteek erasoa noiz jo zain zegoen. Eta gu bera lasaitzen; momentua heldu arte ez arduratzeko. Ingelesez hitz egin nion: «You have to be easy», edo «We will go together». Etapa denok elkarrekin osatuko genuela esaten nion, lasai egoteko.

Autobusera helduta, ordea, lehertu egin zen gizajoa, eta negar apur bat ere egin zuen... Baina segituan lasaitu zen. Erik Breukink zuzendariak esan zigun lan ona egin genuela. Baina giro tristea nabari nuen. Nik esan nien, baina, ez zegoela triste egoteko motiborik. Batetik, laguntasun handia erakutsi genuelako. Eta bestetik, Gesinkek ez zuelako amore eman. Egia esan, badaramatzat urte batzuk, eta gutxi ikusi ditut bera bezala sufritzen. Errazena erretiratzea izango zen, baina eutsi egin zion. Ni, berriz, profesionaletara pasa nintzenean bezala: besteei laguntzen. Eta gustura egiten dut; batez ere, horrelako jendearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.