TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Erakustaldi handia eman du Columbiak Sevillan, ilargipean

Saxo Bank eta Caisse d'Epargne uste baino makalago ibili dira, eta Mark Cavendish da Vueltako lehen liderra

unai zubeldia
Donostia
2010eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Saxo Bank, Caisse d'Epargne eta Liquigas. Hiru talde horiek entzuten ziren batean eta bestean. Hiru talde horiek ziren Espainiako Vueltako lehen etapa irabazteko faboritoak, taldekako 13 kilometroko erlojupekoa eurentzat aproposa zelako. Baina Columbiak itzalean utzi zuen hiru talde horien lana. Hegan ibili zen Mark Cavendish esprinter handiaren taldea, eta Cavendish bera da Espainiako Vueltako lehen liderra.

Man uharteko morroskoari esprinta prestatzeko lan zoragarria egiten du askotan Columbiak, eta esprintik gabeko prestaketa lanaren parekoa izan zen atzokoa. Lasai antzean ekin zioten lanari, lehen metroetan erotu gabe. Baina ia 60 kilometro orduko batez bestekoa lortu zuten helmugan. Eta asko da hori. Esprinta behar luke gaurko lehen etapak, eta maillot gorri hori indartzeko aukera izango du Columbiako esprinter handiak.

Ezin da ondorio argirik atera 13 kilometroko taldekako erlojupekotik, baina talde batzuk espero baino pattalago aritu ziren atzoko erlojupekoan. Hamar segundo galdu zituen Liquigasek, etapa irabazteko faboritoen artean bazegoen ere, baina Vuelta irabazteko faboritoen artean denborarik onena lortu izanaren poza edukiko du Vincenzo Nibalik. Saxo Bankek hamabi segundo galdu zituen, eta kolpea da hori Fabian Cancellararentzat. Frank edo Andy Schleck larri samar ibili zen seinale izan daiteke galera hori. Caisse d'Epargneren 25 segundoko galera ere ez da normalegia, kolpea emanda hasi nahi zutelako Vuelta. Baina gehixeago larritzekoa da Rabobanken denbora. 36 segundo galdu zituen Denis Mentxoven taldeak. Hasterako, minutu erdia galduta dauka errusiarrak. Onetik Cervelok eduki zuen, 13 segundo soilik galdu zituelako Carlos Sastreren taldeak.

Euskaltel-Euskadi, larri

Euskaltel-Euskadi ere lan onegia egin ez zutenen taldean sartzeko moduan dago. Ezin esan daiteke lan txar-txarra egin zutenik, Katuxa taldeak, esaterako, zazpi segundo bakarrik atera zizkielako. Baina Igor Gonzalez de Galdeano taldeko managerrak berak onartu zuen ez zirela gustura geratu. Bosgarren txirrindulariak geratzen du denbora helmugan, eta bost txirrindularirekin heldu zen Euskaltel-Euskadi helmugara. Indarrez larri samar ibili ziren.



Sailkapena

LEHEN ETAPA

1. Columbia 14.06

2. Liquigas 14.16

3. Saxo Bank 14.18

4. Cervelo 14.19

5. Lampre 14.20

6. Garmin 14.23

7. Omega Pharma-Lotto 14.23

8. Milram 14.24

9. Katuxa 14.26

10. Quick Step 14.29

11. Caisse d'Epargne 14.31

12. Xacobeo Galicia 14.32

13. Euskaltel-Euskadi 14.33

14. Sky 14.34

15. Cofidis 14.35

16. Francaise des Jeux 14.39

17. Ag2r 14.39

18. Rabobank 14.42

19. Bouygues Telecom 14.45

20. Astana 14.47

21. Andalucia Cajasur 14.55

22. Footon-Servetto 15.03
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.