Amaitzera doa bidea, baina ez da amaitu, eta hasiera bezain amaiera bikaina eman nahiko lioke Beñat Intxaustik (Muxika, Bizkaia, 1988) Euskaltel-Euskadiko urtebeteko proiektuari. Euskal Herriko Itzulian eta Asturiasko Itzulian podiumera igota, eta azken horretan kirol ibilbideko lehen etapa irabazita -erlojupekoa-, ofizialki Igor Antoni laguntzera joan da Espainiako Vueltara. Baina Euskal Herriko Itzulian ere Samuel Sanchezi laguntzera joanda igo zen podiumera. Movistar, Geox, Sky, RadioShack... Talde askoren izenak agertu dira Intxaustiren izenaren ondoan. Baina berak bakarrik dauka abizenaren izenaren berri. Datorren astean askatuko du korapiloa.
Denboraldi hasiera bikaina egin ondoren, zer sasoi puntutan iritsi zara Espainiako Vueltara?
Oso ondo nago. Atseden hartu nuen denboraldiko lehen zatia amaitu ondoren, eta entrenamendu onak egin ditut gero Vueltara sasoi betean iristeko.
Apirilean eta maiatzean Euskal Herriko Itzuliko eta Asturiasko Itzuliko podiumera igo ondoren, zenbateko karga sartu duzu entrenamenduetan?
Lehenik eta behin, bi astez atseden hartu nuen; oporretara joan nintzen, txirrindularitza pixka bat burutik kendu, eta indarberritzeko. Pixkanaka entrenamendu luzeak egiten hasi nintzen gero, eta azken aldera entrenamendu laburragoak baina oso gogorrak egin ditut.
Entrenamendu gogor horien atzean serieak, igoera motz baina pikoak, test bereziak... egongo dira, noski.
Bai. Mendateak igoz eta jaitsiz serie asko sartu ditugu entrenamenduetan. Ez daukat mendate zehatzik serieak egiteko, baina etxe aldetik ibili naiz, Dima eta Barazar inguruan.
Igor Anton ageri da Vueltarako taldeburu gisa. Taldeburua bai, baina podiumerako taldeburua, Vuelta irabazteko taldeburua, etaparen bat irabazteko taldeburua...?
Igor Antonekin Vuelta irabazteko asmoa daukagu, baina hotz jokatu beharko dugu. Txirrindulari ona da igoeretarako, eta podiumean sartzeko eta etaparen bat irabazteko, behintzat, gai ikusten dut.
Zuri dagokizunez, hasiera batean lan egitea egokituko zaizu. Mendiko etaparen bat edukiko duzu, hala ere, gorriz margotuta, ezta?
Ez daukat etapa jakin bat markatuta. Azken momentura arte Igorrekin [Anton] egotea izango da nire lana, erritmo bizia jartzea, berak amaieran errematea eman ahal izateko.
Zer emaitzarekin zeundeke gustura?
Niretzat zoragarria litzateke etapa bat irabaztea, baina taldeburuaren ondoan egotea izango da nire egitekoa. Taldeari dagokionez, berriz, podiuma eta etapa bat irabaztea dira helburuak.
Sailkapen nagusia erabat alboratuko duzu orduan, edo Euskal Herriko Itzulian bezala, ezkutuko izarra izan zaitezke?
Bigarren multzo horretan egoteko aukera eduki dezaket. Ezkutuan egonda, aukera txikiren bat eduki dezaket agian. Askatasun gehiexeago edukiko dut, eta taktikoki baliatu beharra dago hori.
Igor Anton eta Beñat Intxausti aipatu eta aipatu ari gara, baina hor daude Amets Txurruka, Juanjo Oroz, Koldo Fernandez de Larrea... Aukera asko dauzkazue taldean.
Talde osoa garela esango nuke. Igor [Anton], Mikel ]Nieve] eta hirurok gaude mendirako; Amets Txurruka, Juanjo Oroz... horiek taldekide finak eta onak dira; eta Koldo [Fernandez de Larrea] zer esanik ez. Esprintetarako txirrindulari garrantzitsua izango da.
Vuelta ezagutzen duzu. Iaz 60. postuan amaitu zenuen itzulia, eta bizpahiru etapatan lehen hogeien artean iritsi zinen helmugara.
Bai. Iazko esperientzia hor daukat, eta oraindik gaztea banaiz ere, aurten aurrerapausoa eman dut, eta gogotsu nago. Urtetik urtera pausoak ematen ari naiz, eta konfiantzaz gainezka nago. Etapak ikustera joan gara gainera, eta ondo ezagutzen dugu ibilbidea.
Lehen begiratuan igotzaileentzat da aproposa aurtengo Vuelta, 46 kilometro besterik ez baitaude erlojuaren aurka, bakarka.
Ibilbidea, orokorrean, gogorra da. Igotzaileentzat aproposa da, baina kontuan eduki behar da azken erlojupekoa 46 kilometrokoa dela. Oso erlojupeko luzea da, eta alde handiak egon daitezke.
Podiumeko hiru kosketan izen bana jartzeko eskatuz gero?
Zaila da orain hiru izen ematea. Denis Mentxov, Frank eta Andy Schleck, Carlos Sastre, Igor Anton, Vincenzo Nibali...
Mendiko sei etapa dauzka Vueltak, eta bi amaiera berriak dira. Hasteko, nolako igoera da Cotobello?
Igoera gogorra da, eta kontuan eduki behar da etapa horretan beste bi mendate gogor igoko ditugula aurretik, San Lorenzo eta Cobertoria lehen mailakoak. Hor nekea pilatuko dugu. Azken mendatea, Cotobello, hamar kilometrokoa da, oso gogorra. %8,5eko etengabeko batez besteko aldapa dauka. Kilometro batzuetan, gainera, %11-12ko batez bestekoak ere badauzka. Igoera gogorra da, aldeak sortzeko aproposa. Hori izango da Vueltako etapa nagusia. Hamar kilometroko igoerak dira hirurak, oso gogorrak, eta hirugarren astean sartuta egongo gara gainera.
Hala ere, Bola del Mundori begira daude denak, azkenaurreko etapari begira. Navacerradatik gora, azken hiru kilometroen batez bestekoa %11,5ekoa da.
Oso igoera gogorra da hori ere. Kontuan eduki behar da Navacerrada igo behar dela lehenengo, eta hortik gora beste hiru kilometro gogor-gogor edukiko ditugula gero. 2.000 metrotik gora ibiliko gara, eta gorputzak nabarituko du hori. Azken-aurreko etapa da gainera.
Mendiko sei etapez gain, beste etapa askoren amaierak oso bihurriak dira, hala ere. Malagakoa, Valdepeñas de Jaengoa, Murtziakoa eta Alcoykoa, besteak beste.
Hala da. Etapa askotan daude zailtasunak amaieran, eta oso kontuz ibili beharko dugu. Hor segundoak galduz gero, ondoren zaila izaten da berreskuratzea.
Gorputza puntu-puntuan daukazula adierazi duzu lehen, baina nola dago burua?
Burua ere ondo dago. Hilabete batzuk badaramatzat Vuelta prestatzen, eta itzuli ona egiteko gogotsu nago.
Taldean jarraituko zenuela, ez zenuela, baietz, ezetz... Zure etorkizunari buruzko zalaparta horrek eraginik izan al du entrenamenduetan?
Tira, pixka bat, agian, bai. Baina eguneroko lanean murgiltzen saiatu naiz, gauzak ondo egin ditut eta orain zain nago. Taldean ez jarraitzeko erabakia hartu dugu, eta orain jada burua eta gorputza ondo daude.
Bai zuk eta bai Euskaltel-Euskadik apustu serioa egin zenuten orain urtebete, baina hasterako amaitu da proiektua. Zergatik?
Erabaki pertsonala izan da. Oso gustura egon naiz taldean, baina eskaintza onak eduki ditut, eta taldez aldatzea erabaki dugu azkenean.
Asko hitz egin da zure erabakiaren inguruan. Diru kontuak daudela atzean, Eusebio Unzuek babesle berria iragarri eta 24 ordura jakinarazitako albistea izan zela, Geox-ekin hitzarmena oso aurreratuta dagoela... Zerbaitek min eman al dizu?
Ez, ez. Ez ezerk eta ez inork ez dit minik eman. Gauza asko irakurri ditut, eta batzuk ez dakit nondik irten diren. Baina nik daukadana daukat eta kito.
Zure erabakian zenbateko eragina izan du Frantziako Tourreko taldean sartu ez izanak?
Batere ez. Hasieratik pentsatuta geneukan Vueltara joatea. Beste urteren batean Tourrera joatea espero dut, noski, baina ez, ez, erabaki horrek ez du inolako eraginik izan.
«Erabaki pertsonala izan da», esan duzu behin eta berriz. Baina zer dago erabaki pertsonal horren atzean? Etorkizunari begiratuta, zer dago Beñat Intxaustiren buruan?
Koska bat gora egitea. Talde on batera joateko aukera izan dut, eta aukera hori baliatu nahi dut.
Eta Euskaltel-Euskadin ez zen posible koska bat gehiago igotzea?
Beste aukera bat sortu zaigu eta aldatzeko erabakia hartu dugu.
Etxeko atea zabalik geratuko da, hala ere, ezta?
Bai, bai. Azkenean oso ondo ulertu dute nire erabakia, eta hartu-eman ona izan dugu Euskaltel-Euskadirekin.
Hala ere, Miguel Madariagak gogor kritikatu du Antonio Vaquerizas zure ordezkariaren lana. Hori ez zitzaizun askorik gustatuko...
Horrelako gauzak ez dira gustagarriak, nire ordezkaria laguna ere badelako. Baina kontu horietan ez naiz sartuko.
Bi aldiz igo zara jada astebeteko itzuliko podium batera. Etorkizunari begiratuta, zer egin dezake Beñat Intxaustik?
Goraka jarraitzea espero dut. Urtetik urtera hobetuz noa; aurten etapa bat irabazi dut, Euskal Herriko Itzulian eta Asturiasen podiumera igo nintzen, eta, orokorrean, gauza garrantzitsuak egin ditudala uste dut. Hemendik aurrera are gauza handiagoak egitea espero dut. Hurrengo denboraldian itzuliren bat irabaztea gustatuko litzaidake; Euskal Herrikoa bada, hobeto. Eta Tourrean parte hartzeaz gain, lan ona egin, eta probak irabazten jarraitu nahiko nuke.
Pentsatzekoa da etorkizun hurbilean taldeburu izatea gustatuko litzaizukeela, noski. Esan duzu etorkizunean, agian, taldeburu gisa itzuliko zarela etxera.
Hala da. Pausoak ematea da helburua, eta hemendik urte batzuetara, agian, lider gisa itzuliko naiz Euskaltel-Euskadira.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. «Ezkutuan egonda, aukera txikiren bat eduki dezaket agian»
Lasai dago Beñat Intxausti. Euskaltel-Euskadi uzteko erabakia hartuta dauka, eta gai horri ez dio buelta askorik eman nahi. Etapa garaipen baten esperoan joan da Espainiako Vueltara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu