TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Gaztearen sua, zailduaren burua

Bost segundo daude Heras liderra eta Valverde hautagaiaren artean, azken astearen atarian, eta bost etapa erabakigarri balantza desorekatzeko; Santi Perezen jarduna erabakigarria izan daiteke

Andoni Urbistondo.
2004ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Sierra Nevadako kronoigoerak Vuelta erabakita edo bideratuta uztea espero zen, baina igandeko etapak sailkapena estutu egin du, eta dena dago airean. Bost segundoko aldea du Roberto Heras liderrak Alejandro Valverderekiko. Bitxia da 2.130 kilometro egin eta gero hain alde ziztrina egotea bien artean, baina alde txiki horrek bizitasun handia emango dio azken asteari.

Heras eta Valverde, Valverde eta Heras, eta Santi Perez. Phonak taldekoaren jarduna ahaztea bekatu larri samarra bailitzateke. Podiumera igoko diren hirurak goranzko joeran daude, eta gero eta hobeto, indartsuago jarduteko itxaropena dute. Hirukotik indartsuen nor dagoen jakitea da gakoa. Litekeena da Perez izatea, baina ez Herasek, ez Valverdek, ez dute Phonak taldekoaren erasoei erantzuteko beharrik eduki. Calar Alton Heras indartsuago aritu zen, Sierra Nevadan Perez. Bien arteko borroka polita izango da. Valverde ere ez da Perez baino makalagoa mendian gora. Calar Alton pilatutako atzerapenean bezperako erorketa eduki behar da gogoan.Valverdek gaztearen sua, grina du ikur. Suzkoa da, bihotz berokoa, erabakiak behar adina hausnartu gabe hartzen dituena. Buruak dioenari ez, bihotzari erreparatzen dio Kelme taldekoak. Aurrera egiten du, indarra baldin badu, ondoren kaltegarria izan daitekeen edo ez aintzat hartu gabe.Kontrakoa da Heras. Urteek eman dioten eskarmentua bere alde du. Badaki antzeko egoeretan nola jokatu, erantzukizuna bizkar gain hartzen, eta hori lagungarria gerta dakioke. Valverde urruntzen saiatu behar duela badaki, baina ez du ero-ero jardungo, nekez jarriko du bere sailkapena arriskuan segundo gutxi batzuk irabaztearen truke.Valverdek ontzat emango luke bost segundoko atzerapenarekin iristea azken eguneko erlojupekora, baita 45 segundo inguruko atzerapenarekin ere. 28 kilometroko jardunean irabazteko moduko errenta da hori (bost segundo jan zizkion Valverdek Herasi Valeentzian, lehen erlojupekoan).Erne hirukoaren lehia itxiari, eta erne taldeen jardunari. Libertyk Valverde eta Perezen erasoak saihestu nahiko ditu, nekarazi, eta azken unean Herasen erasoa ahalbidetu, leundu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.