TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Goxatu da mutila

Egoi Martinez jarri da lider Vueltan, eguneko ihesaldian sartu eta Alan Perez taldekidearen lan ederra baliatuta

unai zubeldia
2008ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Etapa amaitu eta gehiago sufritzen hasi. Ia bost orduan eman eta eman aritu ostean, marka da gero, baina Egoi Martinezek (Euskaltel-Euskadi) aurreko bost orduetan baino gehiago sufritu zuen ondorengo sei minutu eta 42 segundoetan, telebistari begira. «Buelta bat ematera joan behar izan dut. Oso gaizki pasatu dut». Handia egin zuen atzo etxarriarrak. Tourrean, 15. etapan, Prato Nevoson gora, bigarren postu mikatzarekin mikaztuta geratu zen. Simon Gerrans australiarrak iruzur egin ziola esan zuen orduan; gezurra esan ziola. «Oso gaizki pasatu nuen etapa hura amaitu ondorengo hamar minutuetan». Baina azkar goxatu da mutila.

Lehen ordubeteko eraso festen ondoren, eguneko ihesaldian sartu ziren Egoi Martinez eta Alan Perez taldekideak, beste 10 txirrindularirekin batera. Tropelarekiko aldea handitzeko lan zailean, azkar ohartu ziren gaiztakeria ederra egiteko modua zeukatela. 16. postuan zegoen Martinez atzoko etapa hasi aurretik, Levi Leipheimerrengandik (Astana) 6.41era, eta bera zegoen ondoen sailkatuta ihesaldian sartu ziren txirrindularien artean. 1.20 minutu lehenengo, 3.24 bi ordu eta erdiko lanaren ondoren... Astana ari zen lanean tropelean, baina, lanean baino gehiago, jolasean ari ziren atzean.

Liderraren maillotak indarra adinako nekea ematen du etapa askotan. Lasterketa kontrolatu beharra, tiraka jardun beharra... «Maillota galdu, eta lasaitasuna», pentsatuko zuen Johan Bruynnel Astanako zuzendariak. Pentsatu, eta egin. Lanik ez egiteko, erritmo lasaia jarri eta ihesaldikoei helmugaraino iristen uzteko agindua eman zien zuzendariak Leipheimerri, Contadorri eta gainerakoei. Eta hor hasi ziren CSC eta Caisse d'Epargne urduritzen. Bi talde horiei komeni zaie Contadorren taldeak egunero nekea pilatzea, eta, Euskaltel-Euskadiren kalterako, itsu-itsuan tropeletik tiraka hasi ziren talde bakoitzeko lauzpabost txirrindulari. Ordurako Egoi Martinezek 10 segundo hartuta zeuzkan tarteko helmugetan. Sailkapen nagusiko aldeari begira zeuden denak (6.31). Hori zen muga.

Zazpi minutuko aldea ere izan zuten ihes egindakoek, baina, CSC, Caisse d'Epargne eta Astanaren jolasaren eraginez, Martinez saririk gabe geratzeko zorian zegoen helmugara iristeko 10 kilometro falta zirenean. Cunego, Moncoutie, Rebellin, Flecha, Tonti, Nocentini, Zandio, Halgand, Kern eta Van Avermaet erasoka aurrean, baina Alan Perez, zoragarri, Egoi Martinezen alde lanean. Etapa irabazteari uko egin eta maillot horia nahi zuen Euskaltel-Euskadik. Segi eta segi, hustuta amaitu zuten etapa Perezek eta Martinezek. Van Avermaet gaztearentzat izan zen etapa -Rebellin eta Flecharen aurretik-, baina hori zen gutxienekoa. Atzean zegoen jolasa. CSC eta Caisse d'Epargne erotu beharrean, eta Euskaltel-Euskadi tropel buruan bi erreleboak nahasi nahian, erritmoa lasaitzeko eskatuz.

6.31, 6.32, 6.33... Tentsio eta urduritasun handia, baina berea zen maillot horia. Urte osoan lanean aritzen denarentzat gozoki goxoa da itzuli handi bateko maillot horia. Nahi baino kolpe gehiago jaso ostean, balentria handia egin zuen atzo Martinezek.



Sailkapena

HAMARGARREN ETAPA

1. Greg Van Avermaet (Lotto) 4.57.22

2. Davide Rebellin (Gerolsteiner) d.b.

3. J. A. Flecha (Rabobank) d.b.

4. Rinaldo Nocentini (Ag2r) d.b.

5. Damiano Cunego (Lampre) d.b.

6. X. Zandio (Caisse d'Epargne) d.b.

7. P. Halgand (Credit Agricole) d.b.

10. Egoi Martinez (E. Euskadi) d.b.

12. Alan Perez (E. Euskadi) 52ra

13. W. Weylandt (Quick Step) 6.42ra

SAILKAPEN NAGUSIA

1. E. Martinez (E. Euskadi) 33.23.56

2. Levi Leipheimer (Astana)) 11ra

3. Alberto Contador (Astana) 32ra

4. A. Valverde (C. d'Epargne) 1.00era

5. Carlos Sastre (CSC) 1.38ra

6. E. Mosquera (Xacobeo) 2.10era

7. Igor Anton (Euskaltel) 2.23ra

8. Daniel Moreno (C. d'Epargne) 2.34ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.