Zer moduz atseden eguna? Egun bakarrean hainbeste elkarrizketa egin izanak badakizu zer esan nahi duen, ezta?
Seinale ona da. Denboraldiko bigarren helburua da Vuelta, eta uste baino hobeto nabil oraingoz. Niretzat egokia den etaparik ez dut eduki, eta, hala ere, aurrean sartu naiz. Ilusioz gainezka nago, baina asko geratzen da oraindik.
Iazko zortzigarren postua hobetu nahi zenuela esan zenuen Vuelta hasi zenean. Zazpigarren postua nahikoa da orduan?
Ez da postu kontua bakarrik. Iaz zortzigarren geratu nintzen, eta etorkizunerako oso garrantzitsua da hori, baina jendeari berehala ahazten zaizkio postu horiek. Pixkanaka ikastea da kontua, aurrean ibiltzea, tentsioa jasatea, momentu txarrak pasatzea... Eta ea etaparen bat irabazteko gai naizen. Hanka onak dauzkat, baina jende indartsua dago hemen. Saiatuko naiz ezustea ematen, baina zaila izango da.
Sastre, Contador eta Valverde elkarri begira daude, eta Leipheimer ere tartean sartu da. Ezustea emateko aukera izan dezakezula dirudi.
Bi minutu eta erdi dauzkat galduta, eta urrutitik agian ez, baina, une jakin batzuetan, helmugatik gertu mugitzeko askatasuna izan dezaket. Aldeak oso txikiak dira, hala ere, eta, momentuz, ez didateaskorik mugitzen utziko.
2.27ra zaude sailkapen nagusian, eta, erlojupekoa igarota, itxuraz, zailena pasa duzula esan daiteke.
Bai, baina kontuz Asturiaseko mendiko etapen ondorengo gorabeherekin. Taldearen babesa beharko dut etapa horietan, arriskutsuak izan baitaitezke.
Gorabehera horiez gain, zerbaitek ematen dizu beldurrik?
Beldurra ezerk ez, baina erorketei edo ezustean denbora galtzeari errespetu handia diet. Mendian ez dago horrelako arriskurik. Ez dakit noraino helduko naizen, baina badakit ondo nagoela.
Ibilbideari beldurrik ez beraz. Eta aurkariei?
Ez, ez. Neure buruari begiratu behar diot nik. Izen handiko txirrindulariak izango ditut ondoan, eta baita hainbesteko izenik ez daukatenak ere, Dani Moreno edo Ezequiel Mosquera, esaterako. Contadorri errespetua? Bai, noski. Baina beldurrik ez. Ilusioa egiten dit Contadorren edo Sastreren ondoan egoteak.
La Rabassan eta Pla de Bereten amaituko dira hurrengo bi etapak. Zer espero duzu etapa horietan?
Bi etapek daukate arriskua. Pla de Beretekoa oso motza da, baina ez da hain gogorra. La Rabassakoa [gaurkoa], berriz, oso menditsua eta luzea da. Alde handiak egongo direla uste dut.
Zein jarrera izango du Igor Antonek Pirinioetan? Erasotzeko asmorik bai edo eusten saiatuko zara?
Eusten saiatu behar dut oraingoz. Aurkariak nola dauden ikusi behar dut. Orain esan dezaket erasotu egingo dudala, baina lasterketa aztertu behar da lehenengo. Azken unean aurrean banago, saiatuko naiz erasotzen, baina alferrik da orain izugarrizko erasoa jotzea, gero beste norbaitek atzetik errematea emateko.
Zale asko apustuak egiten hasita daude dagoeneko. Bost izen emateko eskatuz gero?
Contador, Leipheimer, Sastre, Valverde eta Gesink.
Zuretzat, orduan, etaparen bat?
Oso-oso pozik egongo nintzateke etaparen bat irabazita.
Vuelta La Rabassan eta Pla de Bereten hasiko da erabakitzen, gaur eta bihar
Barbastron hasi eta La Rabassako gainean amaitu. 223,2 kilometro. Hirugarren mailako mendate bat, bigarren mailako beste bat, lehen mailako La Rabassa (1.830 metro) helmugara iristeko 30 kilometro falta direnean, eta maila bereziko Naturlandia-La Rabassa (2.050 metro). Amaitu dira lehen asteko esprintak eta gainsariak lortzeko borrokak. Sailkapen nagusia estu-estu iritsi da Pirinioetara. Lehen 13 sailkatuen artean bi minutu eta erdiko aldea besterik ez dago, baina La Rabassako pendiza gogorrek (%10,6 eta %9,4ko pendizak ere badauzka La Rabassak erdialdean) eta bost ordu eta erditik gorako ahaleginak tropela txiki-txiki eginda utz dezakete gaur.Eta gaurko lehen neke zantzuak biharko etapa labur-laburrean geratuko dira nabarmen. Andorran hasi eta Pla de Bereten amaitu bitartean, 151 kilometro egin beharko dituzte bihar, eta tartean bigarren mailako mendate bat eta lehen mailako hiru igo beharko dituzte, azkena Pla de Beret etzana. Ez dute askorik erabakiko gaurko eta biharko etapek, baina dezente argituko dute.