TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Hemen dena da arlotea

Juanma Garate.
2009ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Eeguna pasatu genuen atzo, eta iruditzen zait ez dela gutxi. Izan ere, errepidea ez zegoen txantxetarako; patinatzeko pista bat zirudien, eta horrek beldurra eragiten du gugan. Valentzian euri gutxi egiten du, eta, hortaz, euria egiten duen bakoitzean errepidea segituan zikintzen da. Gainera, atzo ez zuen egun osoan atertu, gogor-gogor bota ez bazuen ere.

Bestela, erlojupekoaz gauza gutxi esan daitezke. Faboritoen artean ez zen alde handirik egon, baina erortzeko arriskua handia zenez, handiagoak izan zitezkeen alde horiek. Cancellara ez zen erori, ez. Aurreneko eguneko gauza bera errepikatu dut: espezialista handia da, eta tokatzen zaion bakoitzean erakusten du. Egia esan, morroi horrena harrigarria da.

Eta harrigarria da Herbehereetatik hona paisaian izan dugun aldaketa. Hemen dena arlote samarra dela esan daiteke, eta gainera jende gutxi egoten da lasterketa ikusten. Valentziatik apur bat urruntzen zara, eta autobideak baino ez daude. Joaten zaren tokira joaten zarela, autobideak. Horregatik, erlojupeko ibilbidea ere pixka bat arlotea izan zen. Baina ez da erraza... Izan ere, hiri barruan edo kostako errepideetan zerbait ikusgarria egin nahi baldin baduzu, ba zirkulazioa moztu behar da, eta horrek buruhauste dezente eragin ditzake.

Buruhausteak gaurtik aurrera edukiko ditugu. Gure lana Robert Gesinki laguntzea izango da. Orain arte lasai ibili gara, eta ez dugu estresatzeko beharrik eduki; bueno, nik, nire sasoia kontuan hartuta, gogorik ere ez. Halere, estresatuko naizela zin egiten dizuet. Gaur ez, baina aurrerago bai. Oscar Freire, berriz, gutxitan estresatzen da. Jakingo duzuen bezala nire logelakidea da. Munduko Txapelketa laugarrenez irabazi nahi du, eta hori dauka buruan. Dena den, ez dio bere buruari presiorik jartzen; edo ez zaio nabaritzen behintzat. Herenegun, garagardo bat hartzen ari ginela, kontzentratuta noiz egon behar duen ondotxo dakiela esan zidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.