TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. «Italian ere bai aita?»

Oscar Freirek irabazi du Vueltako 11. etapa, Burgosen, Tom Booneni esprintean estu eta larri aurrea hartuta

unai zubeldia
2008ko irailaren 11
00:00
Entzun
Zaila izango dela esan nahiko zion, ziurrenik; saiatuko dela, baina aurkari asko izango dituela. Burgosetik (Espainia) Varesera (Italia) bide luzea dagoela, eta punta-puntako esprinter guztiak elkartuko direla han, irailaren 28an; hiru aldiz irabazi duela dagoeneko Munduko Txapelketa, eta ia ezinezkoa dela laugarren aldiz irabaztea; garrantzitsuena parte hartzea dela, bakarrak irabazten duela... Hori guztia eta gehiago esan nahiko zion atzo Oscar Freire espainiarrak (Rabobank) Marcos semeari Burgoseko podiumean, baina irribarre goxo bat besterik ez zion egin. Azalpenak ematen hasi gabe, podiumean gozatzeko momentua zen. Eta ederki gozatu egin zuen.

Gozatu, podiumean, eta, hogei minutu lehenago, azken esprintean. Oscar Freire eta Tom Boonen (Quick Step); Tom Boonen eta Oscar Freire. Oso-oso estua izan zen Espainiako Vueltako 11. etapa amaiera, baina Freirek Munduko Txapelketarako lehen abisua eman zuen. «Atzo [herenegun] hanka onak neuzkan, baina ez nuen zirrikiturik aurkitu. Gaur [atzo], ordea, den-dena ondo atera zait. Merezitako garaipena izan da».

Zalantzarik gabe. Askotan esan izan da Rabobankek ez diola behar bezala laguntzen espainiarrari esprintetan, bere kabuz egin behar izaten duela ahalegin guztia, gainerakoen lanari etekina ateratzen ikasi behar izan duela... Baina atzo lan dotorea egin zuten Juan Antonio Flecha eta Pedro Horrillo taldekideek. «Asko nabaritzen da laguntza hori. Eurei esker hartu ahal izan dut Boonenen gurpila, eta une egokian ekin diot esprintari». Gaurko etapa amaitu eta etxera joango da, Munduko Txapelketa prestatzeko, baina balekoa izan da Vueltako azterketa. Burgosen bezala, Varesen ere, Italian, bi eskuak altxatuko al dituen? Marcos baietz sinetsita egongo da dagoeneko.

Baina atzoko etapak izan zuen saltsa apur bat azken esprintaren aurretik. Ia egunero bezala, Andalucia-Cajasur taldeak aztoratu zuen tropela lehen kilometrotik bertatik, baina Xacobeo-Galiciako Serafin Martinezek lortu zuen tropelaren baimena, 27. kilometroan. Bakarrik alfer-alferrik egingo zuela aurrera eta, tropeleko kontraerasoa ikusita, Jose Antonio Lopez Gilen (Andalucia-Cajasur) eta Andrii Grivkoren (Milram) zain egotea hobe izango zuela pentsatu zuen berehala. Elkarlanean txukun, zazpi minutuko aldea ere lortu zuten hiru iheslariek 47. kilometroan, baina une oro kontrolpean izan zuen ihesladia Euskaltel-Euskadik. Aurreko hirurak saihesten saiatu baziren ere, esprinta behar zuen etapak, Marcos txikiak aitari galdera bat egiteko gogoa baitzeukan.



Sailkapenak

HAMAIKAGARREN ETAPA

1. Oscar Freire (Rabobank) 4.19.28

2. Tom Boonen (Quick Step) d.b.

3. Juan Jose Haedo (CSC) d.b.

4. Erik Zabel (Milram) d.b.

5. Lloyd Mondory (Ag2r) d.b.

6. K. Fdez. de Larrea (E. Euskadi) d.b.

7. Xavier Florencio (Bouygues) d.b.

8. Greg Van Avermaet (Lotto) d.b.

9. Danilo Napolitano (Lampre) d.b.

10. H. Haussler (Gerolsteiner) d.b.

NAGUSIA

1. E. Martinez (E. Euskadi) 36.46.17

2. Levi Leipheimer (Astana) 11ra

3. Alberto Contador (Astana) 32ra

4. A. Valverde (C. d'Epargne) 1.00era

5. Carlos Sastre (CSC) 1.38ra

6. E. Mosquera (Xacobeo) 2.10era

7. Igor Anton (Euskaltel) 2.23ra

8. Daniel Moreno (C. d'Epargne) 2.32ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.