TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Jaitsiera arriskutsua

Juanma Garate.
2009ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Zer moduz nengoen ikusteko gogoa nuen, eta saiatu egin nintzen. Azkar osatu genuen etapa, baina une erabakigarrira iritsita, ba, jendeak gehiago zaintzen zaituela konturatzen zara. Tourrean etapa irabazi nuelako izango da... Halere, igoeran ez nuela asmatu uste dut. Aurrekoengandik gertu pasa nintzen tontorretik, baina... Eta jaisten ari nintzela, danba, lurrera! Aurreko gurpilak irrist egin zidan. Eskerrak lastaira batzuk jarri zituzten kolpea leuntzeko... Antolatzaileek bazekiten jaitsiera oso arriskutsua zela.

Horregatik, antolatzaileei buruz kritiko mintzatuko naiz. Ezin dute horrelako jaitsiera bat sartu. Artxintxar piloa zegoen, adabakiak jarrita errepidean... Desastre hutsa. Edo, sartzen baldin baduzu, asfaltatu ezazu gutxienez. Bestela, gauza asko jartzen da jokoan, denboraldi osoa edo dena delakoa. Min handia har dezakezu.

Bai, egia da jendeak esaten duela ez garela kexatzen Flandriako, Valoniako edo Herbehereetako klasikoetara joaten garenean. Baina badakigu han zeri aurre egin behar diogun. Oso argi daukagu. Gainera, ibilbideak arriskutsuak izanagatik, errepidea asfaltatuta dago behintzat.

Vueltan horrelako ibilbideak jartzea, ordea... Ikuskizuna emateko dela esaten dute, baina pentsa atzo Valverdek zulaturen bat eduki izan balu... Horrelakoetan helmuga zeharkatzean arintze sentsazio handia edukitzen duzu. Izan ere, 200 kilometroan arriskutsuak izan daitezkeen 50 egoerari aurre egiten diezu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.