TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Lancaster garaile Alemanian, aitzin-etapan

Espainiako Vuelta gaur hasiko da Granadan, eta antolatzaileek ibilbide erakargarria osatu dute eta txirrindulari zerrenda polita bildu

2008ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Milram taldeko Brett Lancaster nagusitu zen atzo jokatutako Alemaniako Itzuliko aitzin-etapan. Txirrindulari australiarrak hiru minutu eta 59 segundo behar izan zituen saioaren 3,6 kilometroak betetzeko. CSC taldeko Gustav Larsson sailkatu zen bigarren tokian, ehuneneko eskas batera. Itzuliaren azkeneko bi ekitaldiak irabazi dituen Jens Voigt (CSC), aldiz, 52. izan zen



Unzue: «Valverde etapa bat irabazten saiatuko da»

Caisse d'Epargneko kirol zuzendari Eusebio Unzueren esanetan, Alberto Contador da Espainiako Vuelta irabazteko faborito «argia». Gainera, bere txirrindulari Alejandro valverde «etapa bat irabazten» saiatuko dela esan zuen atzo Granadan. «Jarritako helburuak bete ditu dagoeneko Valverdek, eta Pirinioetako etapetan ikusiko da nagusian lehiatzeko dagoen ala ez».





Denak berari begira

Espainiako Vuelta gaur hasiko da Granadan, eta antolatzaileek ibilbide erakargarria osatu dute eta txirrindulari zerrenda polita bildu
Alberto Contador espainiarra dalasterketa irabazteko faboritoa nagusia
Igor Susaeta Donostia

Motibatuta dago Alberto Contador (Astana). Ez zioten Tourra korritzen utzi. Hortaz, Italiako Giroa -ia kasualitatez gonbidatu zuten bere taldea han korritzeko- irabazi eta gero, nahi adina denbora eduki du bere aurtengo helburu nagusia, Espainiako Vuelta, prestatzeko. Nahi adina denbora ibilbidea aztertzeko, mendateak goitik behera eta behetik gora ezagutzeko, eta nahi adina denbora, bera eta, bide batez, bere taldekideak motibatzeko. Izan ere, motibatuta behar du txirrindulari espainiarrak, handia egitekotan da-eta. Vueltan gailentzen baldin bada, hiru itzuli handiak irabazi dituen bosgarren txirrindularia bihutuko litzateke; eta 25 urte baino ez dauka. Baina bera da gaur Granadan abiatuko den Espainiako Vuelta -lehen etapa taldekako erlojupekoa da, zazpi kilometro pasatxokoa- irabazteko faborito nagusia. Denak berari begira daude: arerioak, zaleak, kazetariak, antolatzaileak... Den-denak. Esan beharra dago antolatzaileek ibilbide erakargarria prestatu dutela, eta parte-hartzea ere aspaldiko onena dela.

Eta denen buru, Contador. Gaztela Leongo Itzulian irabazi zuen, Euskal Herriko Itzulia ere bai, eta Italiako Giroko mendatetzarretan italiarrak desafiatu zituen eta garaile atera zen. Horregatik beragatik, bere dohainengatik, klaseagatik, Vuelta propio prestatu duelako, talde osoa duelako -Andreas Kloeden, Levi Leipheimer, Chechu Rubiera...-eta ibilbidea menditsua delako, bera da irabazteko faborito nagusia; ia-ia, bakarra. «Amets bat betetzea bezalakoa izango litzateke Vuelta irabaztea», esan izan du.

Bost etapa mendate batean bukatuko dira, eta horietako bat, gainera, Navacerradakoa, erlojuaren kontra jokatuko da. Vuelta bera, berriz, erabakita gelditu daiteke bigarren astea bukatutakoan, hirugarrenaren faltan. Izan ere, 13. etapa L'Angliru tentean bukatuko da -sei urte geroago-, eta hurrengo egunekoa, berriz, Fuentes de Invierno eski estazioan. Pirinioak, berriz, lehen astean gaindituko dituzte. Bestela, erlojupeko bakarra jokatuko da, 42 kilometrokoa, bosgarren etapan, Ciudad Realen.

Hortaz, ibilbidea ezin egokiagoa da Contadorrentzat. Carlos Sastrerentzat (CSC) ere bai. Tourreko garailea lasai antzean abiatuko da Granadatik, uztailean handia egin eta gero. Gainera, faborito argia Contador dela esan du. Alejandro Valverdek (Caisse d'Epargne) ere gauza bera pentsatzen du. Halere, espainiarra da, berez, hirugarren faboritoa. Eta hasiera batean, horien atzetik, ba, izen gutxi nagusiaren lehian sartzeko: Robert Gesink (Rabobank) igotzaile gaztea, Damiano Cunego (Lampre), Tourrean porrot egin eta gero...

Esprinterren zerrenda, berriz, oparoa da: Tom Boonen (Quick Step), Daniele Bennati (Liquigas), Erik Zabel (Milram), Oscar Freire (Rabobank), Danilo Napolitano (Lampre), Leonardo Duque (Cofidis), Alexandre Usov (Ag2R)... Eta Koldo Fernandez de Larrea (Euskaltel-Euskadi) ere bai. Ibilbidea ikusita etapa dezente bukatu daitezke esprintean, beraz, arabarrak izango du luzitzeko aukeraren bat.

Igor Antonek (Euskaltel-Euskadi) ere bai. Bera da bere taldearen burua, eta etapa bat irabazten eta podiumera hurbiltzen saiatuko da. Guztira Euskal Herriko 18 txirrindulari lehiatuko dira. Tartean dago, denboraldi hasiera bikaina egin zuen David Herrero (Karpin Galizia), jasan zuen erorikotik osatu eta gero.

Txirrindulari garailea da bilbotarra, eta Vueltan ariko diren gisa horretako txirrindularien zerrenda handia da: Paolo Bettini (Quck Step), Stefan Schumacher eta Davide Rebellin (Gerolsteiner), Sylvain Chavanel (Cofidis), Philippe Gilbert (Francaise des Jeux), Joaquim Rodriguez (Caisse d'Epargne), Alexandr Kolobnev (CSC), Alessandro Ballan (Lampre)... Zerrenda oparoa, beraz. Baina mundu guztia berari begira dago; Albeto Contadorri, hain zuzen ere.



Datua

4

Hiru handietan garaile. Eddy Merckx, Jacques Anquetil, Bernard Hinault eta Felice Gimondi dira hiru itzuli handiak irabazi dituzten txirrindulari bakarrak. Alberto Contador izan daiteke bosgarrena, Madrilen nagusitzea lortzen baldin badu.





Hautagai nagusiak

Alberto Contador
Astanako txirrindularia
Alde: Bere taldeari Tourrean parte hartzea debekatu ziotenez, lasterketa gutxi korritu ditu, baina korritu dituenetan nabarmendu egin da. Txirrindulari garailea, sekulako igotzailea, erlojupekoetan gorantz egin duena. Iaz Tourra irabazi zuen, eta aurten, berriz Giroan nagusitu zen, bete-betean ez egonda ere. Vuelta buru-belarri prestatu du, eta, gainera, ibilbide aprimeran moldatzen da bere dohainetara.

Kontra: Presioa nabaritu dezake, beharbada.





Alejandro Valverde
Caisse d'Epargneko txirrindularia
Alde: Ateratzen den lasterketa guztietan muturrean ibiltzen da, eta horregatik da faboritoetako bat. Vueltako mendateak Tourrekoak baina egokiagoak dira bere dohainetarako, eta L'Anglirun ezik, besteetan ondo, erraz, ibili daiteke.

Kontra: Berak ere ez daki nola dagoen. Hori esan du, behintzat. Beharbada luzea egingo zaio denboraldia, eta Vuelta Sastreren eta Contadorren arteko kontua izango dela adierazi du. Ia beti etaparen batean kale egiten du.





Carlos Sastre
CSCko txirrindularia
Alde:Tourra irabazi berri du, eta moralez gaindi egongo da. Txirrindulari erregularretan erregularrena, Vueltan bigarren bitan izandakoa da. Buruari hotz eusten dio beti, eta eskarmentua lagun, taktikoki ez dago beraren parekorik. Ibilbidea bere gustukoa da eta taldearen babesa edukiko du.

Kontra: Betidanik amestutako lasterketa irabazi ondoren, lasai, lasaiegi ariko da agian Sastre, nagusiaren lehian sartzeko. Nekea ere nabaritu dezake etapak jokatu ahala.





Azken garaileak

2007. Denis Mentxov (Errusia)

2006. Alexandr Vinokourov (Kazakhstan)

2005. Denis Mentxov (Errusia)

2004. Roberto Heras (Espainia)

2003. Roberto Heras (Espainia)

2002. Aitor Gonzalez (Espainia)

2001. Angel Luis Casero (Espainia)

2000. Roberto Heras (Espainia)

1999. Jan Ullrich (Alemania)

1998. Abraham Olano (Euskal Herria)







Vladimir KarpetsekCaisse d'Epargne utziko du

Vladimir Karpets txirrindulari errusiarrak Caisse d'Epargne utziko du denboraldia bukatutakoan. Halaxe jakinarazi zuen, atzo, taldeko kirol zuzendari Eusebio Unzuek. «Azkeneko urteotan ez du guk espero genuen jauzia eman». Karpetsek 28 urte dauzka eta sei denboraldi egin ditu Unzueren aginduetara. Iaz Kataluniako Volta eta Suitzako Itzulia irabazi zituen, besteak beste.





Itzulia eta Klasikoa, UCIkoak 2012 arte

Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasuneko UCIko lasterketak izango dira 2012 biartean. UCI bi proba horien lizentziak berritu zituen atzo, eta Kataluniako Voltarena, Poloniako Itzuliarena eta Plouayiko Sari Nagusiarena ere bai.





UCIk atzera bota du Saunier Duvalen eskaera

Saunier Duvalek Espainiako Vueltan parte hartzeko eskaera egin zion UCIri, baina Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunak atzera bota zuen atzo, Granadan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.