Non jo, non saiatu sobera zegoen atzo, baina inork ez zuen jo, inor ez zen saiatu. Zergatia? Gaurko etapak errespetu handia sortzen duela oilarren artean, eta atzokoan, zail samarra zela errenta polita lortzea, eta errazegia indarrak alferrik erretzea. Zer irabazi gutxi, eta zer galdu asko, finean.
Abantos helmugatik 61 kilometrora zegoen. Urrunegi Liberty taldekoak lozorroan harrapatzeko, eta azken 25 kilometroak lau-lauak ziren. Bakarrik, edo gutxi batzuk lanean jarduteko ibilbide txarrena, baina antolatzen dakien talde indartsuarentzat, onena. Abantosen gora errepide estu osoa hartu zuten Libertyko txirrindulariek, haiek lasterketa lasai eraman nahi zutela adierazten. Inor ez zen ausartu haien agintea zalantzan jartzen. Artaldean bezala joan ziren, isil-isilik, mugitu gabe.Jakina zen ihesaldi batek aurrera egiteko baimena edukiko zuela, aurreko egunetan gertatu bezala. Libertyk lan errazagoa du horrela, lasaiagoa, haiek nahi duten erritmoan eraman dezakete talde nagusia. Izar asko sartu ziren eguneko ihesaldian: Damiano Cunego, Stefano Garzelli, Marcos Serrano, Carlos Garcia-Quesada, Juanma Garate, Felix Cardenas, Haimar Zubeldia, Dario Cioni, Roberto Laiseka... Latasa eta Arrieta euskaldunak ere han ziren. 20 laguneko taldea elkartu zen aurrean.Azkar egin zuten zuloa, baina multzo handi hartan bazegoen gustura ez zegoen txirrindulari bat: Tino Zaballa. Saunier Duvaleko espainiarrak apustu arriskutsua egin zuen. 110 kilometro eta ibilbide gogaikarria, nekagarria zituen aurretik, bakar-bakarrik egiteko, baina ausartu egin zen eta merezitako saria lortu, etapa dotorea irabazita. Bi minutuko zuloa egin zuen atzekoak konturatzerako.Zorte apur bat ere eduki zuen, atzekoak ez zirelako batere ondo moldatu jazarpenean. Kelmek eta Saecok bina ordezkari zituzten eta Baquek hiru, baina batek tiratu, bestea begira geratu, haserretu eta Zaballa gero eta urrunago. Jazarpenean ondo moldatuz gero, jai zuen Zaballak, baina Zaballak berak ere garaipena kendu nahi ziotenak nekatu zituen, aldea minutu eta erditik gora mantenduz beti.Saunier Duval taldeak eta Josean Fernandez Matxin kirol zuzendariak bestelako asmoak zituzten Vuelta hasieran. Sailkapen nagusian lan txukuna egiteko helburua zuten, bai Joseba Belokirekin, bai Joaquim Rodriguez kataluniarrarekin, baina kale egin dute. Piepolik Aitanan irabazitako etaparekin ez zegoen konforme Matxin, baina Zaballak atzo lortutakoak dezente biribiltzen du Saunier Duvalen balantzea.
Morcuera, Cotos, Leones eta Navacerrada gaur
Gaurko etapan mugimendua handia izatea espero da. Ibilbidea aproposa da horretarako, eta batzuen grina ere bai. Mancebok du premia handiena, eta hark zer egin zain egongo dira besteak. Atzoko etapa lasai osatu zuten Illes Balears taldekoek, Arrietak izan ezik. Gaur egurra emateko gogotsu izango dira, Mancebori laguntzeko prest. Kelmekoak ere Valverderi laguntzeko moduan daude, baina Garcia-Quesadak eta Latasak jipoi handia hartu zuten atzo.
Min handia egin nahi duenak, Liberty taldea hautsi nahi duenak, morrontza lanean jardun behar duten txirrindulariak behar ditu Leones eta Navacerrada arteko 30 kilometroko ordekan taldeburuak eguneko azken mendatean behar duen indarra ez galtzeko. Santi Perez nekez mugituko da Navacerrada baino lehenago, lagunduko dion taldekiderik ez daukalako. Herasek ez du mugitzeko beharrik. Perez estu zaintzea da bere lana. Mancebo eta Valverderen erasoak eteteko taldekideen laguntza dauka. Navacerradak zortzi kilometro ditu eta batez bestekoa %7koa da.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Lasaitasun susmagarria
Abantosen, Escorialen gora bazegoen non jo, baina indarrak gordetzen aritu ziren oilarrak, gaurko etaparen beldur; Saunier Duvaleko Zaballak 110 kilometro egin zituen ihesi, eta etapa irabazi zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu