TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Lumak erakutsi dituen lehen oilarra

Denis Mentxovek irabazi du aitzin-etapa eta Aitor Gonzalezek hogeita sei segundo galdu ditu

Imanol Magro Eizmendi.
2005eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun


Aitzin etapek ez dutela deus ere erabakitzen esatea, topikoaz gain, gauza jakina da. Bukaerako sailkapen nagusirako ez dira erabakigarriak izaten, baina txirrindularien sasoi puntuaren inguruko solasaldi ugari pizten dituzte zaleen artean. Normalean aitzin etapak erlojuaren kontrako lasterketa laburrak izaten dira eta, halakoetan, etapa irabazteko grina sasoia baino garrantzitsuagoa izaten da.

Atzo Denis Mentxovek (Rabobank) aitzin etapa irabazteko gogo bizia zuela erakutsi zuen. Iruñean bizi eta Nafarroa aldean entrenatzen duen errusiar gazteak hortzak estutuz bete zituen ibilbideko zazpi kilometro malkartsuak. Hogeita hamazazpi graduko beroaren azpian segundo bakar baten aldearekin nagusitu zitzaion Rik Verbrugheri (Quick). Iazko Euskal Herriko Itzulian, Lazkaoko euripean, erakutsi zuen Mentxovek, jada,erlojupeko laburretan trebea zela, eta atzo inor gutxi harritu zen haren garaipenarekin. Mentxov Espainiako Vuelta irabazteko faboritoen artean dago, eta aurten Tourrean emaniko maila kaskarraren ostean irailean konpondu nahi du denboraldia. Atzo Alhambrako jauregiko lorategietan barrena emaniko indar erakustaldiarekin, sasoia berreskuratu duela erakutsi nahi izan zuen. Oilategiko lehen oilarrak bere lumak erakutsi zituen.

Aitor Gonzalez, erdipurdi

Sailkapenerako faborito ia guztiek maila ona eman zuten atzo. Roberto Herasek (Liberty) Vuelta laugarrenez irabaztea du helburu eta atzo zazpigarren izan zen, irabazlearengandik 15 segundora. Santi Boterok (Phonak) bederatzigarren tokian bukatu zuen, Mentxovengandik 18 segundora. Hamargarren Gilberto Simoni (Lampre) izan zen, 20 segundora.

Faborito gehienek ez bezala, Aitor Gonzalezek aurrez uste zitekeen baino makalago jardun zuen. Zumarragakoa hogeigarren izan zen, irabazlearengandik 26 segundora. Euskal herritar onena Patxi Vila izan zen, hamalaugarren, 21 segundora. Zorte txarra beste behin Joseba Belokiren bidean gurutzatu zen. Lazkaotarra ibilbideko lehen bihurgunean erori zen, eta minutu bat eta berrogei segundo galdu zituen. Gaurko etapan txirrindulariek Granada eta Kordoba arteko 190 kilometroak bete beharko dituzte. Ihesaldientzako etapa egokia da, helmugatik hogei kilometrora bigarren mailako mendatea baitago. Halere, beroa izango da txirrindularien arerio nagusia. Atzo Kordoban berrogei gradu egin zituen.

-

Sailkapenak



LEHEN ETAPA ETA NAGUSIA



1. Denis Mentxov (Rab.) 9.452. Rik Verbrugghe (QST) 1era3. Bradley Mc Gee (FDJ) 3ra4. Carlos Sastre (CSC) 7ra5. Tom Danielson (Dis.) 12ra6. Ruben Plaza (Com.) 13ra7. Roberto Heras (Lib.) 15era8. David Bernabeu (Com.) 15era9. S. Botero (Phon.) 18ra10. G. Simoni (Lampre) 20ra14.

Patxi Vila

(Lampre) 21era16.

R. Laiseka

(Eus-Eus.) 23ra20.

A. Gonzalez

(Eus-Eus.) 26ra32.

I. Cuesta

(Saunier) 30era

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.