Bide zuzenena aukeratuko balute, ordubete eskasean iritsiko lirateke txirrindulariak Madrilera, autoan, trenean, lasai-lasai, 100 kilometro pasatxo baitaude Avilatik, atzo etapa bukatu zen hiritik, Vuelta bukatuko den hiriraino, etzi. Egun hori iritsi arte, ordea, 300 kilometrotik gora egin beharko dituzte, eta ez autoan, edo trenean, bizikleta gainean baizik, eta egin beharrekoak, gora eta behera, etengabe. Errepideak berez dituen zailtasunak are gehiago zailtzeko asmoa dute zenbaitzuk, eta ez dira gutxi izango Madrilera kokotetik ere gora eginda ailegatuko direnak.
Zenbaitzuren artean, bat aritu zen atzo egoskorren, eta antzera jarraitzeko mehatxua egin zuen, gainera, ikusleon zorionerako: Francisco Mancebo. Sierra Nevadako kronoigoeran kale egin ostean ezkutuan ari da Illes Balears taldekoa, baina podiumean tokia egin nahi du nola-hala, eta garesti saldu behar du handik kanpo geratzea.Mancebo distira gutxiko txirrindularia da Valverde edo Herasekin alderatuz gero. Ez du haien erritmo aldaketarik, eta eutsita, sufrituta, ahalik eta denbora gutxiena galduta lortzen du arrakasta. Ezaguna da espainiarraren ibilera behartua aldapan gora, bizkarra oker-oker eginda, ezinean. Kontua da jarrera oldarkorragoa erakutsi zuela atzo, eta aurretik dituen hiru oilarrei eraso ziela. Serranillos gainean saiatu zen aurrena, eta Navalmoral mendatean gero. Heras liderraren taldekideek ondo eutsi zioten Mancebori, baina kontent egon behar du Mancebok, garbi dagoelako Libertyk eta Heras liderrak ez diotela mugitzeko askatasunik emango.
Mancebok gorriak ikusi zituen Navalmoral mendateko azken hiru kilometroetan, berak erasoa jo ostean errematea ematen saiatu baitzen Santi Perez. Nekatuta, atzean geratu zen Mancebo, Perez, Heras eta Valverderi jarraitu ezinik. Horrach eta Garcia-Acosta taldekideak aurretik zeuden, halere, eta haiek eraman zuten berriro Mancebo liderraren taldera.Bizitasuna eman dio Mancebok Vueltari, interesa piztu, eta Valverdek, Santi Perezek eta Herasek nahi baino gehiago sufritu beharko dute orain arte lortu dutenari eusteko jardunean. Mancebo da lauren artean erlojupekoetan ongien moldatzen dena. Madrilgoak 28 kilometro bakarrik ditu, eta zaila izango da Herasi 2.16 kentzea, baina Valverde segundo bakar batera du, eta Perez, lauren artean kaskarren moldatzen dena, 1.03ra bakarrik.Sei mendate ditu gaurko etapak, Abantos gogorrena, eta ustekabekoren bat gerta daiteke, hirugarren astean ohikoagoak baitira halakoak. Biharkoarekin ere kontuz. Lehen mailako lau mendate daude, eta Navacerradan bukatuko da etapa. Emozioaz, behintzat, ezin kexatu.
Kelme taldearen laugarren etapa garaipena
Tropel nagusian mokoka eta etapa lortzeko lehian ere bai. Helmugara irits daitekeena hartzea da zailena. Atzo 10 lagunekoa egin zen 25. kilometroan: Horrach eta Txente Garcia-Acosta (Illes Balears), Plaza eta Pascual Rodriguez (Kelme), Ivan Parra eta Buenahora (Baque), Veneberg (Rabobank), Fuentes (Saeco), Tankink (Quick Step) eta Calcagni (Vini Caldirola). Zuloa ireki zuten azkar, eta lana txukun egin.
Muturrekoak Navalmoral gainean gora hasi ziren hamarreko taldean. Calcagnik ekin zion, Parrak jarraitu, Pascual Rodriguezek eta Horrachek erantzun. Parra eta Pascual Rodriguezek egin zuten aurrera, baina Kelmekoa erraz nagusitu zen Avilako ailegaeran. Ikusteko dago Valverdek sailkapeneko zein postutan bukatuko duen, baina Kelme izango da Vueltako talde onena. Pascual Rodriguezena taldeak Vueltan lortzen duen laugarren etapa garaipena da.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Madril gertu, baina urrun
Herasek, Perezek eta Valverdek nahi baino gehiago sufritu beharko dute euren postuei eusteko, Mancebo ez baitago konforme laugarren tokian; Kelmeko Pascual Rodriguez nagusitu da Avilan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu