TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Neurrira egindako trajea

Roberto Herasek irabazi du Calar Alton eta lider jarri da; oker handirik ezean, eskura du Vuelta, hirugarrenez; Mancebo eta Valverde ditu aurkari, baina haiek baino indartsuago dago, eta bere taldea, Liberty, beste talde guztiak baino sendoago

Andoni Urbistondo.
2004ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Roberto Herasek uste baino beranduago jantzi du urrezko maillota, baina behin soinean duela, nekez erantziko du, edo erantzaraziko diote. Bera da Vueltako txirrindulari indartsuena eta bere taldea, Vueltako talde indartsuena. Txakalaldi serio batek bakarrik baztertuko du Liberty taldeko espainiarra garaipenetik, baina halakorik gerta daitekeenik ez da sumatzen, oraingoz bederen.

Liberty taldea eta Roberto Herasen jardunaren zain zeuden aurkari denak, eta espero zena egin zuten, ondo baino hobeto, gainera: Tropel buruan jarri eta etapa nahierara mugitu, aurkarien bihotza berotu aldats gora eta une egokian, Herasen eraso bortitza txukun-txukun prestatu... Jakina zen taktika ezinhobea izango zela, Libertyko Manuel Saiz kirol zuzendaria buru argia delako oso, baina taktikak emaitza emateko indarra behar da, eta Libertyk badu indarra, sobera.Gianpaolo Caruso, Igor Gonzalez de Galdeano, Koldo Gil, Dariusz Baranowski, Marcos Serrano eta Isidro Nozal, sei karrerista jarri zituen lanean Saizek liderraren, Herasen mesedetan. Erabat hustu egin ziren denak taldekide bakar baten alde, baina etapa bukaeran merezitako saria jaso zuten: etapa garaipena eta lidergoa. Hori babesteko lan gogorra egin beharko dute hurrengo egunetan, baina ez dute gogo txarrez egingo. Nahiko lukete beste askok eurentzat Libertykoen lana.Libertyrentzat txaloak eta Herasentzat ere bai, noski. Haren errematea gabe ustela bailitzateke talde lan onena. Hirugarren Vuelta irabazteko bidean da Heras. Aurrerapauso handia eman zuen atzo eta sailkapenean alde handirik ez badu ere, egia biribila da Heras beste denak baino indartsuago dagoela.Serrano taldekideak leundu zion erasorako bidea, atzokoan, Nozal ez zelako Aitanan gora bezain indartsu aritu. Arriskatu egin zen Heras, helmugatik 7,5 kilometrora jo zuelako erasoa. Pinoi bat edo bi jaitsi, eta egurra. Eraso ikusgarririk ez du Herasek, ez du eraso kolpe bizia, erritmo aldaketa baizik. Aldaketa gogorra, aurkariak erraz uzten baititu atzean: hamar bat segundo aurrena, 20 gero, minutu erdia hurrena. Igotzaile petoa da Heras, gozamena da hura bizikleta gainean dantzan ikustea, arin-arin, bizi-bizi.Helmugan 34 segundora iritsi zen Phonakeko Santi Perez. 53 segundora Mancebo, 1.27ra Valverde, Nozal alboan zuela. Landis liderrak 3.07 galdu zuen eta Vueltari agur esan zion. Sailkapen nagusian segundotan neurtu behar da oraindik Heras liderraren errenta, baina esan bezala, segundo eskas horiek baino askoz sendoagoa da Herasen lidergoa.Urrea mantentzen badu, hirugarrenez irabaziko du Vuelta Herasek. Bere neurrira egindako trajea dela dirudi. Hirurak antzeko moduan irabazi ditu, mendateetan segundoak irabaziz pixkanaka, erlojupekoetan galdutakoa berreskuratzeko. Orain urte batzuk polemika handi samarra eragin zuen US Postal taldearekin fitxatuko zuela-eta. Armstrongentzat morrontza lana egitea aukeratu izana kritikatu zuten Espainiako komunikabideek orduan, hura garaitzea baztertu zuelako. Herasek, ordea, badaki Tourra ez dela Vuelta, eta Vuelta bere neurrira egina dagoen moduan, Tourra gehitxo dela berarentzat. Aurten korritu du Tourra taldeburu gisa lehen aldiz eta kale egin du. Vueltan taldeburu da aspaldi, eta hiru irabazi ditu, egin kontu.

Valverdek gaixo plantak egin zituen, egon gabe

Alejandro Valverderen egoera fisikoa zen atzoko zalantza garrantzitsuena. Plantak egiten aritu zen etapa osoan: medikuarengana joan, telebista kameren aurrean min keinuak egin, taldekideen laguntza eskatu... Calar Altoko lehen igoeran atzean geratu zen une batez, baina itxura besterik ez zen. Borroka serioa hasi zenean, azken igoeran, onenekin, lehen hamarren artean egin zuen bidea, eta pedalkada erosoarekin, gainera.

Helmugatik zortzi kilometrora erritmo aldaketa egin zuen, ziurrenik Libertyko Serrano taldekidearen martxa itogarriari bukaera emateko. Haren ondoren Nozalen zigorra zetorrela bazekien, eta ondoren Herasena, eta Serrano erre zuen behintzat. Herasek jotako erasoa gogorregia izan zen, eta atzean geratu zen berehala, beste guztiak bezalatsu.Mancebo eta Santi Perezekin egin zuen bidea aurrena, bakarrik gero. Zaila da erorketarik gabe Valverderen jarduna hobea izango zen jakitea, baina litekeena da atzerapena antzekoa izatea, erorketarik gabe ere.Vuelta ez da bukatu, baina azkar buka daiteke. Sierra Nevadako kronoigoera da giltza, etzi. Herasek aukera ona du Valverde eta Mancebo urruntzeko, itzulia erabakita uzteko, bukatzeko aste osoa geratuko bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.