Jesus Rosendoren ahalegin ausartari esker, egun lasaia pasatu ahal izan genuen atzo. Beraz, nire eskerrik beroena eman nahiko nioke. Egia esan, etapa bukatu ondoren mezu bat bidali nion sakelakora, zera esanez: «Etxe orratz baten 11. pisutik zeure burua bota izan bazenu, gaur [atzo] baino min gutxiago hartuko zenukeen». Tipo alaia da, eta astakeria handiagoa erantzun zidan.
Dena den, bere ahalegina gorabehera, eguna aspergarria izan zen oso; batik bat, ikuslearentzat. Anekdota bat kontatuko dut. Behin, lasterketa bat hasi baino lehenago, lagun batekin nenbilen auto eta txirrindulari artean, eta Carlos de Andres TVEko kazetariarekin hizketan hasi nintzen. Lagunak ez zuen ezagutzen, baina De Andresen ahotsa entzutean, zera bota zuen atoan: «Hara, hau da-eta lo eragilea!!!». Ni barrez hasi nintzen, eta De Andres bera ere bai. Halere, esango nuke ez ziola graziarik egin.
Vuelta honen hasieran, Asseenen, berarekin hizketan egon nintzen, hain zuzen, gai horri buruz. Askotan ez dakitela zer esan; ez daukatela argumenturik, eta ezin saihestuzko kontua dela lo hartzearena. Hori esan zidan. Ez zaio arrazoirik falta. Atzo zertaz hitz egin zuten? Olibondoez? Almendrondoez? Gari sailez? Ez nintzen harrituko...
Zuentzat astunak diren bezala, guretzat ere halakoxeak dira atzokoaren gisako etapak. Badakizu ez dela ezer gertatuko, eta horregatik gehiegi lasaitzen zara, eta bat-batean nekatuta zaudela nabaritzen duzu. Zuen zoritxarrerako, gaurko etapa antzekoa izango da.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Nire esker ona Rosendori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu