Orain bi urte heldu nintzen azkeneko aldiz Burgosera, eta, kasualitatez, Egoi Martinezek irabazi zuen etapa hura, Discovery Channel taldeko maillotarekin. Ag2r taldean nengoen ni orduan, eta gogoratzen naiz asko poztu nintzela Egoiren garaipenarekin, lagun handiak baikinen orduan ere, nahiz eta taldekideak ez izan. Bi urte geroago itzuli gara Burgosera, eta, aitortu beharra daukat orduz geroztik ez naizela hiri honetatik pasa. Eta, tira, oraingoan Egoik ez du etaparik irabazi, baina liderraren maillota jantzita sartu da Burgosen. Handia da hori.
Baina duela bi urte gertatu zitzaidan bezala, oraingoan ere Burgos izenak lagun bat ekarri dit gogora. Asier izena du lagun horrek, eta hemen bizi da, Burgosen. Zoritxarrez, aspaldi ez dut ikusi, esan bezala bera Burgosen dagoelako, eta gu batera eta bestera bueltaka ibiltzen garelako. Berekin harremanetan jarraitzen dut hala ere, eta ilusio handia egiten dit berarengandik hain gertu egoteak. Bera bezalaxe, badakit jende asko egoten dela guri begira, nahiz eta ezin izaten duten errepide bazterrera lasterketak ikustera joan.
Baina badakit bera bezalako beste jarraitzaile asko eta asko dauzkagula. Pentsatzen dut eurei ere ilusioa egingo diela euren inguruan ibiltzen garenean hain gertu sentitzeak, telebistaz ikusteak, gure herriaren izena daraman talde bat beste guztien tartean dabilela ikusteak... Orain, gainera, liderraren maillotarekin gaudenez, egoera are bereziagoa dela uste dut.
Badakit Asierrek, urruti egonagatik, oso gertutik zaintzen nauela. Astebeteko atzerapenarekin bada ere, BERRIAko kronikak egunero-egunero irakurtzen ditu, beste hainbeste lagunek bezalaxe, eta nire gutunak ere jasotzen ditu. Aukera hau baliatu nahiko nuke lagun horiei guztiei besarkada handi bat bidaltzeko, eta balio dezala liderraren maillotarekin goazen une honek eurei ere ahalik eta animo gehien bidaltzeko.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. Besarkada bat, Asier
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu