TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. Hau ez da normala!

Mikel Astarloza.
2008ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Oso haserre nago. 20:30 pasatxo dira, eta oraintxe heldu gara hotelera. Hala ere, goizetik hasi beharko dut nire haserraldia azaltzen. 08:00etan esnatu gaituzte taldeko masaje-emaileek. Vueltan, normalean, etapak motzak izaten direnez, 10:00etan esnatzen gara. Baina aurtengo etaparik luzeena geneukanez, 08:00etan esnatu gaituzte. Eguna gaizki hasi dugu, beraz, dezenteko logura baikeneukan. Leihotik begiratu, eta izugarrizko euritea ari zuen, gainera! Bigarren albiste txarra.

Ez dakit Vueltako etaparik gogorrena izango den, baina gogorrenetakoa bai behintzat. Oso azkar ibili gara. Ihesaldian lan ederra egin dute, eta atzean ere Cofidisek lan handia egin du lidergoa ez galtzen saiatzeko. Oso-oso eguraldi txarra izan dugu egun osoan; euria, hotza... Eta Pirinioak ezagutzen ditugunok badakigu mendian lainoa sartzen denean ez dela berehalakoan joaten. Nahikoa miseria pasatu dugu!

Baina taldea oso ondo ibili dela esan daiteke. Landaluze ihesaldian sartu da, eta Anton taldetxoan. Helburua bete dugu, beraz. Helmugara iritsi garenean izan dugu, ordea, eguneko egoerarik okerrena. Autobusak ezin izan dituzte goraino igo, eta autoetan aldatu behar izan dugu. Denbora pila bat pasatu dugu goian, noiz jaitsiko zain. La Rabassak alderdi bakarra dauka, igo duguna, eta azkena iritsi bitartean zain egon gara. Baina azkena iritsi eta gero ere ordubete inguru pasatu dugu auto barruan poliziek pasatzeko baimena eman zain. Pentsatuko duzuenez, erabat nekatuta eta oso haserre geunden denok. Tentsio handia bizi izan dugu.

Argi dago antolakuntza oso txarra izan dela. Tourrean, esaterako, errepidea mozten dute, baina Vueltan hori ez dute kontuan hartu. Hain zorte txarra izan dugu, non meriendarik ere ez geneukan autoetan. Izugarrizko gosea eta jatekorik ez. Kostako zaigu indarrak berreskuratzea. Eta horrekin nahikoa ez eta helmugan esan digute telebistan ezin izan duzuela ezer ikusi. Ez da normala horrela ibiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.