Abuztua beti izan ohi da oporren garaia. Jende gehienak oporrak izaten ditu eta lana egin behar dutenek, erritmo karibeinoan aritzen dira. Bizitza erritmoa zeharo lasaitzen da, Kuban egongo bagina bezala.
Geurean ere halaxe da. Uztailean Tourrean aritu ostean, batzuk lasterketa pare bat gehiago eginez bukatzen dute denboraldia eta beste batzuk Espainiako Vueltan izaten dute azkeneko konpromisoa. Nire kasua horixe da: Tourra egin ostean, abuztuan zehar entrenamendu lasaiak eginez, helburu nagusia hankak indarberritzea eta batez ere burua prestatzea da.
Espainiako Vuelta denboraldiko azkeneko lasterketa izanagatik, oso berezia da. Tropela bi azpitropeletan zatituko nuke, egia esan: denboraldian zehar arazo fisiko edo bestelakoengatik lasterketa gutxi egin dituzten txirrindulariak batetik; gogoz gainezka daude, urtean zehar lortu ez dituzten helburuak azkeneko aukera honetan lortu nahian. Eta bestetik, lasterketa ugari egin dituztenak eta ondorioz motibazio gehiegi ez dutenak, neke fisikoaz gain, neke psikologikoa dutenak, beraz.
Autengo sasoian, urtarriletik hasita 70 lasterketa egin ditudala edo 30.000 kilometro daramazkidala esanez, argi geratuko zaizue zein den nire tropela, ezta?
Horrek ez du esan nahi lasterketa asko egin ditugunok gaizki ibiliko garenik, gure sasoi puntu egokienean ez egoteak beste abantaila batzuk baititu, dudarik gabe; sailkapen nagusian pentsatu ordez, etapa garaipenak bilatzen utzi ditzakegulako indarrak eta presiorik ez izateak ere askotan emaitza onagoak ekartzen dituelako.
Gogotsuenen tropelean, berriz, bere sasoi puntu gorena hartu ez duen inor ere izango da ziurrenik, lasterketak eginez hartzen den pedal kolpea faltan duelarik edota besterik gabe, denboraldi bukaeran egonagatik motibaziorik gabe dagoena. Dena dela, apustu egin beharko banu, hauen alde egingo nuke!
Herenegun etorri ginen Granadara eta lasterketa hasi aurreko tentsioa alde batetara utzita, asko gozatu dugu inguru hauetan. Espainia osoan gehien gustatzen zaidan hiria dela aitortu behar dizuet. Orain dozena erdi bat urte oporretan etorri nintzen eta Albaicin edo Ahalambrako enkantuez aparte, bertako herri giroa, jendearen jarrera irekia, bizitzaren prezio baxua, eta giro Hippie-ak txundituta utzi ninduen baina taberna batetan sartu eta Kortatu entzuteak... Maitemindu egin ninduen!
Pena da, gaur egingo dugun aitzi- etaparekin agur esango bait dioguGranadari. Oroitzapen onarekin jarraitzeko beraz, taldekako erlojupeko ona egitea gustatuko litzaidake. Espero dut beste sei urte ez pasatzea berriro ere hona bueltatu aurretik!
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. Oporraldi ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu