Morroi hau jota dago, hori esan omen zion Manuel Beltran txirrindulariak bere taldeko kirol zuzendariari. Sierra Nevada jaisten ari zirela esan zion, 100 kilometro orduko abiaduran ibili ondoren. Beltranek ahalegin handia egin zuen Monachil gainean segundo batzuk irabazteko, baina lortutako altxor hori aitaren batean desagertu zen jaitsieran. Nazioarteko tropelean ondoen, azkarren jaisten den txirrindulariak aurreratu zuen, Samuel Sanchezek, eta haren gurpilari jarraitzen beldurra pasatu omen zuen bihurguneetan.
«Ez da hainbesterako izan. Azkar jaitsi naiz, bai, baina errepideak 12 metroko zabalera zeukan», esan zuen Euskaltel-Euskadi taldekoak garaipena lortu ondoren. «Errepide lehorrean askok jarraitzen didate, baina bustian ez dakit bakarren bat egongo ote den». Harrokeria pixka bat suma daiteke hitz horietan, baina Sanchez ezagutzen duten taldekideek jaitsieretan bikain moldatzen dela diote. Sobera arriskatzen duela ere bai, zuhurren ibiltzen direnek.
Samuel Sanchezek jaitsiera gaiztoak maite ditu, eta eguraldi petrala egiten badu, are gehiago. Vueltako 19. etapak ez du jaitsiera luze-luzerik, baina mendate txiki ugari bai. Igo egin behar dira haiek, baina jaitsi ere bai. Eguraldi aurreikuspena betetzen bada, zorua bustia egongo da erabat, eta horregatik da aproposa gaurko etapa asturiarrarentzat.
Non joko duen dakiena, aberatsa, joko duela ziurra delako. Euria, trumoia, zaparradak eta kazkabarra iragarri dituzte gaurko, Madril eta Avilako mendialdean, eta tenperatura freskoa mendateetan: 13-15 gradu. Etapa oso laburra da, 133 kilometro bakarrik, eta horrek urduritasun handia eragingo du tropelean. Ihesaldi ahaleginak baino gehiago, taldeek tropelaren aurretik bidali nahiko dituzten morroien borroka ikusiko da Abantosko lehen igoera hasi aurretik, haiek ondoren liderrentzat zubi lana egiteko (83. kilometroan pasatuko da lehen aldiz Abantos).
IBILBIDE GORABEHERATSUA. Abantos baino lehen hiru mendate igoko dira. Hirugarren mailako bi eta bigarren mailako beste bat. Hasi eta berehala, 15. kilometroan, Valdelavia mendatea igoko da, eta 47. ean Hoyo de la Guija aldapatxoa. Ez dute inoiz igo Vueltan, baina ikuskatu dutenek nahiko tentea dela diote. Igo eta jaitsi gabe, Robledondo aldapa igoko du tropelak, hirugarren mailakoa hori ere. Handik El Escorial herria arte 11 kilometroko jaitsiera dago.
Normalean jai izan behar lukete gaur ihesaldiek, sailkapen nagusian goi-goian daudenen artean kontu asko daudelako argitzeko, eta ihesaldiek nekez lortuko dutelako bi edo hiru minutuko aldea baino gehiago. Alde hori hutsaren hurrengoa da helmuga Abantos mendatean dagoenean.
Abantosko zenbakiak ez dira beldurtzeko modukoak, mendatea osorik hartuta. 12,3 kilometro da luze, eta 700 metroko desnibela gainditzen da. Batez bestekoa ez da handia, %5,7a, baina Abantos mendate bihurria da. Bi zatitan banatu daiteke igoera. El Escorial herrian hasten da lehen zatia, eta aurreneko 1.200 metrotan 200 metroko desnibela gainditzen da. San Lorenzo de El Escorialeko monasteriora iritsita, beste malda gaizto-gaizto bat dago. Kilometroak %9,1eko malda dauka, baina 700 metrotan %13koa da horma.
Abantosek arnasa hartzeko aukera ematen du hasiera gogor horren ondoren. Bi kilometro daude %6ko aldaparekin, baita %2,4ko beste bat, eta jaitsiera txiki bat daukan beste kilometro bat. Bigarren erdia erraz hasten da. %4,4 eta 5,3ko bi kilometro. Mendateko bederatzigarren kilometroa zerura begira jartzen da, %10,8. Txirrindulariak datorkiona ikusten du, gainera, eta hori beti da mingarria ahalegina muturrekoa denean. Azken bi kilometroak etzanagoak dira, lasaiagoak, baina ordurako lasaitasuna ezinezkoa izango da txirrindularien bihotzean.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Samuelek du arriskua
Gaur du podiumera igotzeko azken aukera Euskaltel-Euskadik, Samuel Sanchezekin. Ibilbideak baino gehiago, eguraldi petralak eta jaitsierek lagun diezaiokete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu