TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Talde puska

Samuel Sanchezek irabazi du Abantosen, eta bederatzi segundora du podiuma; bikain aritu da Euskaltel

Andoni Urbistondo.
2007ko irailaren 22a
00:00
Entzun


Samuel Sanchezek irabazi du Abantosen, eta bederatzi segundora du podiuma; bikain aritu da Euskaltel
A. urbistondo

Donostia

Igor Gonzalez de Galdeanok ideia on bat zeukan buruan 2005eko udazkenean. Bere langile izango zirenekin talde bat, bloke bat osatu. Bi urte eman ditu, egoskor, helburu hori lortzeko, baina lortu du, eta Euskaltel-Euskadik berri pozgarri asko emango ditu etorkizunean. Vueltan ez, Tourrean lortu zuen talde laranjak pitzadurarik gabeko multzo sendoa osatzea. Bikain aritu ziren urteko proba onenean, baina erremate perfektua eman gabe. Alegia, etapa garaipenik lortu gabe. Vueltan Tourrean baino apalago ikusi da taldea errepidean, egunez egunekoan, baina trukean, taldeak bi etapa garaipen lortu ditu, eta etapa erabakigarrietan lanerako, liderra laguntzeko borondate itzela erakutsi dute taldeko morroiek.

Atzo etapa bikaina egin zuen taldeak, ikusgarria, eta garbi utzi Vueltan ari diren talde onenen pare jardun daitekeela arazorik gabe. Egurra emateko prest beti, mugimendu orori adi, gustuko egoera bilatu arte. Ihesaldietan batzuetan, tropeletik tiraka besteetan, nekaezin beti. Eta helmugan, uzta aparta. Ereindakoaren neurrira. Lana txukun egiten duenarentzat ez dago merezitako saria baino lorpen hoberik.

Jokoa eta errematea edukizituen atzo Euskaltel-Euskadik, eta bitxia bada ere, erremate hori ez zen kirol zuzendariek etapa hasi aurretik prestatutakoa. Igor Antonekin nahi zuten garaipena lortu Abantos gainean, eta podiumera jauzia egin Samuel Sanchezekin. Erdi bidean geratu ziren, baina ez esku-hutsik. Sanchezek irabazi zuen etapa, baina podiumeko postuetara heldu gabe. Bederatzi segundora bakarrik du Galdeanoren taldeak lorpen historiko hori, eta tartea txikia bada ere, zail izango du mugarri hori lortzea, Cadel Evans oso ondo moldatzen delako erlojupekoetan.

Herenegun, Avilara bidean, CSC eta Caisse d'Epargne taldeak aritu ziren borrokan, eta CSCk irabazi zuen, Efimkin atzeratzea lortuta. Atzo Mentxov zirikatu nahi zuten, baina errusiarra atzeratzea ezinezkoa izan zitekeela jakitun, Cadel Evans zigortu zuten. Asko borrokatu ondoren Sastre podiumean kokatu dute, eta horregatik, Danimarkako taldearen lana txalotu behar da.



HASIERATIK TINKO. 133 kilometroko etapa laburrak urduritasun handia eragin zuen txirrindulariengan, eta lanari ekin eta erasoak hasi, biak bat. Zalaparta ikaragarria izan zen lehen 40 kilometroetan, eta lasterketako egoera kilometro gutxitan aldatzen zen. CSCk, Euskaltel-Euskadik eta Caisse d'Epargnek ordezkariak sartu nahi zituzten tropelaren aurretik, eta horrek eraso festa eragin zuen. Taldetxo bat joaten zen, baina hiru talderen artean beti zegoen ados edo erabat gustura ez zegoen bat, eta buelta artaldera, tropelera. Borroka horretan bitartekari lanak egiten saiatu zen Rabobank, liderraren taldea. Lasterketa lasaia nahi zuten haiek, eta saiatu ziren erritmo motelagoa jartzen, baina alferrik. Lasaitasunik gabekoa, eroa izan zen etapako lehen ordua.

Dozena bat lagunek aurrera egin zuten arte. Han zeuden CSCko Karsten Kroon eta Marcus Ljungqvist, Caisse d'Epargneko David Lopez eta Imanol Erbiti, eta Euskaltel-Euskadiko Iñaki Isasi eta Alan Perez. Rabobankek Joos Posthuma sartu zuen, eta lasai antzean geratu zen. Bi minutuko zuloa lortu zuten aurrekoek, baina CSC ez zegoen konforme, eta Abantosko lehen igoeran Sastrek Iñigo Cuestari erasotzeko agindu zion. Berehala etorri zen Sastre liderraren erasoa, eta bakandu handia egin zuen tropelean. Sailkapen nagusian hamar onenen artean daudenek eutsi zioten, Vladimir Efimkin, Karpets eta Barredo izan ezik.

Elkarrekin igaro ziren Abantosetik, Sastre ausart Mentxov zigortzen saiatu bazen ere. Euria tarteka egin zuen, baina Abantosko lehen pasaeran zorua lehorra zegoen. Samuel Sanchezek bazekien arriskatu egin behar zuela, ordea, eta hanka egiten saiatu zen. Mentxov bera izan zen asturiarraren gurpilera itsatsi zena, eta Euskaltel-Euskadiren lehen ahalegina zapuztu.

Galdeano, Gorka Gerrikagoitia eta Xabier Carbayeda kirol zuzendariek ez zuten etsi, dena den, eta lanean jarraitu zuten. Isasi eta Perez aurrean zeuden, tiraka. Robledondo mendatean Sanchez berriro saiatu zain, badaezpada. Aurrean, laranja kolorea nagusi, eta tropelean ere bai. Aitor Hernandezek erritmo bizi-bizia mantendu zuen buruan, oilarrak eroso joan ez zitezen. Abantos jaitsi eta Robledondo mendatea pasa arte euri batean ibili ziren txirrindulariak, mela-mela eginda, baina gaina pasa eta errepidea lehorra zegoen. Euskaltel-Euskadi taldeko kideak nahi eta ezin geratu ziren. Errepide ona, zabala eta lehorra. Ezinezkoa zen Sanchezek zuloa irekitzea.

Sutan zeuden Euskaltel-Euskadi taldeko kirol zuzendarien irratiak. Zer egin, galdera. Galdeanok etapa bukaeran esan zuen Igor Anton aurrerantz bidaltzea erabaki zutela, etapa garaipena bilatzeko. Joan zen Galdakaokoa, eta 20 segundoko tarte txikiarekin ekin Abantosko azken igoerari.



JAISTEN TREBEA, IGOTZEN INDARTSUA. San Lorenzo de El Escorial herriko harbidea antzerkiarekin hasi zen. Sastre atzean geratzen hasi zen, Mentxovek metro batzuk hartu, eta Evans majo sufritzen hasi. Samuel Sanchezek ez du antzerkia gustuko, nonbait, eta lehen bi kilometro tenteak bukatu baino lehen hanka egin zuen. Begira geratu zen Mentxov. Bazekien alde nahikoa zuela Mentxovekiko (lau minutu), eta buru hotz jokatu zuen berriro, maisuki. Sanchezek bidea egin zuen, pixkanaka. Jakin bazekien Sastre etorri, etorriko zela, baina Evans ahalik eta gehien atzeratzea zen erronka. Australiarrari 1.34 kentzea, hain zuzen ere.

Sastrek helmugatik zazpi kilometrora jo zuen erasoa, eta Mentxov ez, baina Evans askatu zuen. Aise egin zuten biek bat Samuel Sanchezekin, eta bi espainiarrak ondo moldatu ziren lana egin eta Evansi denbora jateko. Biek zuten helburu bera, eta etapa garaipena ere jokoan zegoen. Evans oso justu zihoan, baina ez zen berotu, eta 8-10 segundo galdu zituen kilometroko. 45 segundoko atzerapena zeukan bost kilometro falta zirela, eta 1.15ekoa azken 1.000 metroko pankartatik pasatu zirenean.

Helmugan, Mentxov, gizon, ez zen etapa garaipena lortzeko lehian sartu, eta Sastrek ere ez zuen imintziorik egin. Relax taldeko Daniel Morenok bai. Moreno txirrindulari azkarra da, baina bera baino hobeto dauden hiru lagunen erritmo azkarragoari eusten nahiko komeria izan zuen Abantosen gora, eta Sanchezek nahiko erraz lortu zuen bigarren etapa garaipena Euskaltel-Euskadi taldearentzat. Dozena bat segundora helmugaratu zen Anton, eta Samuel kideak irabazi zuela jakin zuenean asko poztu zen, berak irabazi balu bezala, ia-ia.

Evansek 1.25 galdu zuen, eta Sanchezekiko bederatzi segundoko errentari eutsi zion. Podiuma hain gertu eduki eta ez lortzeak Euskaltel-Euskadi taldearen jarduna ilundu zuen apur bat, bainaEvans ere ez da herrena. Podiuma gaurko etapan zehaztuko da behin betiko. 20 kilometroko erlojupekoa jokatuko da Collado Villalban. Laua da erlojupekoa, eta autobidean barrena ia guztia. Itxuraz, egokiagoa da Evansentzat Samuel Sanchezentzat baino, baina itzuli handietako bigarren erlojupekoan espezialista izateak ezer gutxirako balio du. Indarra erabakigarriagoa da, eta atzo ikusitakoaren arabera, bistan da Euskaltel-Euskadi taldekoa Evans baino osoago dagoela. Bederatzi segundo ez da ezer. Badaezpada, Sastrek Sanchezi kentzen dion aldeari erreparatzea ez dago sobera. 56 segundo dira. Hiru segundo dira kilometroko, baina Sastre oso erlojupeko kaskarrak egiten ari da azken bi urteetan. Samuel Sanchez Vueltako bigarren erlojupekoa irabazteko zorian egon zen iaz. Vinokurovek bakarrik hartu zion aurrea, sei segundogatik. Sanchezek, aldiz, 38 segundo sartu zizkion Sastreri. Iaz, halere, 27,5 kilometroko saioa jokatu zen.



SaILKaPenaK
HOGEIGARREN ETAPA

1. Samuel Sanchez (Eusk.-Eusk.) 3.37.01

2. Daniel Moreno (Relax) d. b.

3. Denis Mentxov (Rabobank) 3ra

4. Carlos Sastre (CSC) d. b.

5. Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) 14ra

6. Sylvester Szmyd (Lampre) 29ra

7. Stephane Goubert (Ag2r) 41era

8. Manuel Beltran (Liquigas) 49ra

9. Ezequiel Mosquera (Karpin-G.) 51ra

10. David Lopez (Caisse d'Epargne) 59ra

11. Maxime Monfort (Cofidis) 1.20ra

12. Oliver Zaugg (Gerolsteiner) d. b.

13. Vladimir Efimkin (C. d'Epargne) 1.23ra

14. Carlos Barredo (Quick Step) d. b.

15. Cadel Evans (Predictor-Lotto) 1.25era

16. V. Karpets (C. d'Epargne) 1.41era

17. Ludovic Turpin (Ag2r) 2.18ra

18. Hubert Dupont (Ag2r) 2.21era

19. Alessandro Vannotti (Liquigas) 2.37ra

20. Aitor Hernandez (Eus.-Eus.) 2.50era



NAGUSIA

1. Denis Mentxov (Rabobank) 77.59.17

2. Carlos Sastre (CSC) 3.02ra

3. Cadel Evans (Predictor-Lotto) 3.49ra

4. Samuel Sanchez (Eusk.-Eusk.) 3.58ra

5. Ezequiel Mosquera (Karpin) 5.23ra

6. Vladimir Efimin (C. d'Epargne) 5.47ra

7. V. Karpets (Caisse d'Epargne) 7.55ra

8. Igor Anton (Eusk.-Eusk.) 7.58ra

9. Manuel Beltran (Liquigas) 8.27ra

10. Carlos Barredo (Quick Step) 10.08ra

11. Maxime Monfort (Cofidis) 10.21era

12. Daniel Moreno (Relax) 11.51ra

13. Stephane Goubert (Ag2r) 12.46ra

14. David Lopez (C. d'Epargne) 16.03ra

15. Oliver Zaugg (Gerolsteiner) 17.18ra

16. Sylvain Chavanel (Cofidis) 21.53ra

17. Hubert Dupont (Ag2r) 27.19ra

19. Sylvester Szmyd (Lampre)41.34ra

20. Chris Horner (Predictor) 50.16ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.