TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Txenterena da amets erdia

Imanol Erbiti iruindarrak irabazi du 18. etapa, 18 laguneko ihesaldian sartu eta taldekidearen lanari errematea emanda

unai zubeldia
2008ko irailaren 19a
00:00
Entzun
«Oso aholku onak eman dizkit etapa guztian; Vuelta guztian ari da oso aholku onak ematen. Lanak banatu ditugu, eta errematatzeko zortea izan dut». Egindakoa barneratu ezinik zegoen atzo Imanol Erbiti (Iruñea, 1983), Valladolid eta Las Rozas arteko etapa amaitu berritan. «Honaino iristeko egin dudan borroka guztiaren ordaina da garaipen hau». Malkoak ere ez zeuzkan urruti 2005ean debuta egin zuenetik taldekideei laguntzen aritu den iruindarrak. «Ametsa bete dut. Izugarrizko askatasuna sentitzen dut». Profesionaletako lehen garaipena lortu zuen atzo Erbitik. Non, eta Espainiako Vueltan, urteko hiru itzuli handietako batean. Nola, eta esprintean, abil-abila ez den diziplinan. Ez zuen besorik altxatu. «Roche [Nicolas Roche] eta nire artean gurpil laurden bateko aldea zegoela iruditu zait, baina ospatzeko beldurra izan dut». Zentimetro gutxiko aldearekin, baina berea zen garaipena.

Goranzko joera zeukan azken zuzenguneak, baina bazirudien Erbiti, Nicolas Roche (Credit Agricole), Vasili Kirienka (Tinkoff) eta David Herreroren (Xacobeo) artean bilbotarra zela azkarrena. Gehienak indarrak ahituta geratu ziren, ordea, 18 laguneko ihesaldian, eta Herrero bera ere hiruzpalau kilometro lehenago egindako ahaleginarekin gorputza bere onera ekarri ezinik zebilen artean. Hasi zen esprintean, baina amore eman zuen.

Ihesaldia aztertuta, handia egin zuen Erbitik. Hamaika ihesaldi saiakeraren ondoren, 47. kilometroan hasi zen ihesaldia gorpuzten. Cyril Lemoine (Credit Agricole), Jelle Vanendert (Francaise des Jeux), Iñigo Cuesta (CSC), Renaud Dion (Ag2r), Greg Van Avermaet (Silence-Lotto), Herrero eta Erbitik sortu zuten sua, eta, 11 lagun joan ziren atzetik, kontraerasoan: Karsten Kroon (CSC), Txente Garcia-Acosta (Caisse d'Epargne), Iñigo Landaluze eta Alan Perez (Euskaltel-Euskadi), Nicolas Roche (Credit Agricole), Paolo Bettini (Quick Step), Juan Antonio Flecha (Rabobank), Andrii Grivko (Milram), Jose Ruiz Sanchez (Andalucia-Cajasur), Enrico Franzoi (Liquigas) eta Vasili Kirienka (Tinkoff).

Roche zen txirrindularirik arriskutsuena, 17. postuan baitzegoen atzo arte, Contadorrengandik 19.31 minutura. Zortzi minutuko aldea ere izan zuten, eta David Moncoutie (Cofidis) eta Oliver Zauggen (Gerolsteiner) 9. eta 10. postuak defendatzeko lanean hasi ziren bi talde horiek atzean. Aurrean, berriz, jo zuen Bettinik, jo zuen Lemoinek, jo zuten Alan Perezek eta Garcia-Acostak, baina Erbiti zegoen osoen. Ez zaio berehalakoan ahaztuko atzoko eguna.



Sailkapenak

HEMEZORTZIGARREN ETAPA

1. Imanol Erbiti (C. d'Epargne) 3.53.17

2. Nicolas Roche (Credit Agricole) d.b.

3. David Herrero (Xacobeo) 1era

4. Vasili Kirienka (Tinkoff) 5era

5. Karsten Kroon (CSC) 10era

6. Greg Van Avermaet (Lotto) 13ra

7. Enrico Franzoi (Liquigas) d.b.

8. Paolo Bettini (Quick Step) d.b.

9. Andrii Grivko (Milram) d.b.

19. H. Haussler (Gerolsteiner) 7.29ra

NAGUSIA

1. A. Contador (Astana) 73.54.38

2. Levi Leipheimer (Astana) 1.17ra

3. Carlos Sastre (CSC) 3.41ra

4. E. Mosquera (Xacobeo) 4.35ra

5. Robert Gesink (Rabobank) 5.49ra

6. A. Valverde (C. d'Epargne) 6.00ra

7. J. Rodriguez (C. d'Epargne) 6.11ra

8. Egoi Martinez (E. Euskadi)8.56ra

9. D. Moncoutie (Cofidis) 9.32ra

10. O. Zaugg (Gerolsteiner) 10.01era
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.