Arrain handiak txikia jaten du sarritan, baina batzutan ihes egiteko aukera ematen dio, komeni zaionean. Hori gertatu zen atzo, Vueltako hamabosgarren etapan. Herenegun Contadorrek Mosquera jan zuen, baina atzo ez zuen horren beharrik. Ondorioz, sailkapen orokorrean atzean zeuden txirrindulariek aukera izan zuten beren dohainak erakusteko.
Cudillero eta Ponferrada bitarteko etapa luzea zen, 202 kilometrokoa, baina ez oso gogorra. Txirrindulariek bazekiten egun aproposa zela ihesaldiren bat eratzeko eta ez zuten denbora alferrik galdu. 37 kilometro egin zituztenean lehen ihesaldia antolatu zuten 17 txirrindularik. Horien artean zeuden: Xabier Zandio (Caisse d'Epargne), Jose Luis Arrieta (Ag2r), Mikel Astarloza (Euskaltel Euskadi) eta Juanma Garate (Quick Step). Tropela pixkanaka denbora galtzen joan zen ihes egindako txirrindulariekiko.Oceroko gainaren ostean lehen mugimenduak izan ziren ihes egindakoen artean.
Arrietak erasoa jo zuen helmugara iristeko 30 kilometro gelditzen zirenean, baina ihesaldiko kideek atzeman zuten. Lombilloko hiru kilometroko aldapa gogorrean erasoaldi gehiago izan ziren. Lau txirrindularik tartea irekitzea lortu zuten: Juanma Garate (Quick Step), David Arroyo (Caisse d'Epargne), Nick Nuyens (Cofidis) eta David Garciak (Xacobeo). Nuyens saiatu zen ihes egiten aurrena, baina ez zuen helburua lortu. Helmugara iristeko lau kilometro gelditzen zirenean, Garcia saiatu zen, baita lortu ere. Bakarrik iritsi zen Ponferradako helmugara eta Garate hirugarren sailkatu zen.
Gaurko etapa Ponferradan hasi eta Zamoran bukatuko da, Ibilbideak 186,3 kilometro ditu. Hasi eta gutxira lehen mailako Aceboko gaina igo beharko dute, eta, ondoren, laua izango da, esprinterrentzat egokia.
Sailkapenak
HAMABOSGARREN ETAPA1. D. Garcia Dapena (Xacobeo) 5.02.27
2. Nick Nuyens (Cofidis) 17ra.
3. Juanma Garate (Quick Step) db.
4. Paolo Tiralongo (Lampre) 33ra.
5. Mikel Astarloza (E. Euskadi) 36ra.
6. D. Arroyo (Caisse d'Epargne) 39ra.
7. Matti Breschel (CSC) 1.38ra.
8. X. Zandio (Caisse d'Epargne) db.
9. P. Gilbert (Française des Jeux) 1.39ra.
NAGUSIA
1. Alberto Contador (Astana) 61.13.48
2. Levi Leipheimer (Astana) 1.17ra.
3. Carlos Sastre (CSC) 3.41ra.
4. E. Mosquera (Xacobeo) 4.35ra.
5. Robert Gesink (Rabobank) 5.49ra.
6. A. Valverde (C. d'Epargne) 6.00ra.
7. J. Rodriguez (C. d'Epargne) 6.11ra.
8. Egoi Martinez (E. Euskadi)8.56ra.
9. D. Moncoutie (Cofidis) 9.32ra.