Izarrak beti izar, esango dute askok. Talentuarekin gertatzen den bezala. Egia izango da, eduki zuenak beti daukalako. David Millar txirrindulari ona da. Lehen hala zen eta orain ere horrela da. Bi urte eman ditu zigortuta dopinagatik, eta horrek hankaz gora bota zuen bere kirol ibilbidea, eta zulo beltz sakonenean hondoratu bere bizitza, debekatutako sustantziak hartu zituela onartu ondoren.
Bi urte horietan gorriak pasa zituela aitortu du sarritan Millarrek. Edariarekin kontsolatzen omen zen, eta bere ezinean, irabazitako diru guzia xahutu. Josean Fernandez Matxinek profesional izateko aukera eman zion berriz, eta Tourrean debutatu zuen, bi urteko zigorra bete eta zortzi egunera. Han ikaragarri sufritu omen zuen, bi urteko erritmo faltagatik. Bazekien, ordea, itzulera ez zela erraza izango, eta gogor saiatu zen Tourra bukatu ondoren ere, entrenamendu saio luze eta gogorrak egiten.
Atzo jaso zuen sufrimendu guztiaren saria. Etapa garaipen bat, berriro. 2003ko irailaren 21ean lortu zuen azkena, Espainiako Vueltan. Hiru urteko lehortea, eta garaipena, ezon justuagoa: segundo erdiko aldea atera zion Millarrek Cancellarari 33,2 kilometrotan. 546 milaren, hain zuzen ere.
Millarrek eta Cancellarak ustekabea eman zuten, Cuencako erlojupekoa ez zelako egoki-egokia espezialistentzat. Lehen erdia laua zen, baina ondoren bi kilometroko aldapa gainditu behar zen harbidean, eta tarte horretan bakarkako lanean iaioak direnek segundo asko galtzea zen normalena. Bai zelaian irabaziko zituztenak baino gehiago, behintzat. Erlojupekoko garailea, ordea, ez zen ez hasierako ordekan, ezta igoeran ere erabaki, azken 12 kilometrotako jaitsiera etzanean baizik.
Jaitsiera zelako, baina pedalei astindu beharreko jaitsiera. Indarrak ondo neurtzea funtsezkoa izan zen, azken tarte horretan indartsuago aritu zelako irabazi zuelako etapa Millarrek. Vinokurovek denbora onena egin zuen Castillo gainean, baina helmugan bost segundo galdu zituen Millar etapa garailearekiko. Azken heren horretan justu samar aritu zen seinale. Kazakshtangoak arriskurik hartu nahi ez izana ere litekeena da.
VALVERDE, SENDO LIDERGOAN.Oilarren arteko borrokan, Valverde Vueltako liderrak arnasa hartu du. Arnasa hartu eta aurkariak urduritu. Orain arte ondo moldatu ez den diziplinan txukun aritu zen, eta Vinokurovekin izan ezik, aldea atera zien lehiakide denei. Vinokurovek zortzi segundo kendu zizkion, baina askoz gehiago kentzea espero zuen, eta alde horretatik,aurrerapauso handia eman du liderrak. 1.38ra du oraindik Valverdek Vinokurov.
Kaxetxkinek eta Sastrek denbora galdu zuten Valverderekiko. 13 segundo lehenak, 33 Sastrek. Valverde ihes egiten ari da pixkanaka, eta Vinokurov bi horiek harrapatzen. Asko geratzen da oraindik, ordea.
saILKaPenaK13. ETAPA
1. David Millar (Saunier Duval) 40.54
2. Fabian Cancellara (CSC) 0,54ra
3. Aleksandr Vinokurov (Astana) 5era
4. Alejandro Valverde (C. D'Epargne) 13ra
5. Andrei Kaxetxkin (Astana) 26ra
6. Stijn Devolder (Discovery Ch.) 44ra
7. Laszlo Bodrogi (Credit Agricole) 45era
8. Carlos Sastre (Astana) 46ra
9. Stuart O'Grady (CSC) 54ra
10. Vladimir Karpets (C. D'Epargne) 1.03ra
20. Egoi Martinez (Discovery Ch.) 1.59ra
SAILKAPEN NAGUSIA
1. A. Valverde (C. D'Epargne) 54.23.28
2. Andrei Kaxetxkin (Astana) 48era
3. Carlos Sastre (CSC) 1.25era
4. A. Vinokurov (Astana) 1.38ra
5. J. A. G. Marchante (Saunier) 2.06ra
6. Janez Brajkovic (Discovery) 3.49ra
7. V. Karpets (C. D'Epargne) 4.00ra
8. Danilo Di Luca (Liquigas) 4.31ra
9. Manuel Beltran (Discovery Ch.) 5.03ra
10. Ruggero Marzoli (Lampre) 7.02ra
13. Samuel Sanchez (Eusk.-Eusk.) 7.41era
18. Egoi Martinez (Discovery) 9.30era
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. TXIRRINDULARITZA
ESPAINIAKO VUELTA. Millar, izar; Valverdek, haizea alde. Eskoziarrak garaipenaren gozoa dastatu du berriro erlojupekoan; liderrak aurkariak atzeratu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu