Vueltako etapa gogorrena korrituko da gaur, Asturiasen. Erabakigarriena izango den edo ez, 10 egun barru jakingo da. Ibilbidearen aurkezpena egin zutenean 9. etapak eragin zuen harridura handiena: 207 kilometro, lehen mailako hiru mendate, hirugarren mailako bi eta maila bereziko beste bat. Igoko diren mendateak, gainera, nahiko ezezagunak dira. Horri, Asturiasko errepide gaiztoak gehituz gero, koktel perfektua lortzen da.
Osagai bakarrak egingo du kale: euriak. Errepide bustiek bizitasun handia eman ziezaioketen etapari, baina laino gutxi agertuko da zeruan bihar. Bestela ere egongo da, bai, izerdi tanta jarioa txirrindularien kopetatik behera.
San Lorenzo eta Cobertoria dira etapako mendate gogorrenak, baina haien aurretik dauden maldetako borroka handia izan edo ez, halakoa izango da triskantza helmugan. Borrokak ez du zertan etengabeko erasoa izan, talde batek edo gehiagok aldapan gora jartzen duten erritmo itoak eraso bortitzena baino min handiagoa egin dezake.
Eraso festa etapa hasierarako espero da, seigarren kilometroan baitago Miñide gaina, hiru kilometroko aldapa. Connio mendatea da hurrengoa. Luzea da Connio, baina etzana. 19 kilometro ditu, eta %5,1eko desnibela. Tropelak kide asko galtzeko apropos-aproposa, dena den. Motzagoa da lehen mailako bigarrena, Rañadoiro gaina: 10 kilometro eta %5,4ko malda. Azken zazpi kilometroetan %6,7koa da aldapa.
Kantauri Mendikateko bihotzean sartuko da Vuelta ondoren, Cerredo eta Somiedo mendateak zeharkatuz. Aldapa gogorrak izan gabe, txirrindulariek gorroto duten ibilbidea da hori: gorabehera etengabea.
Leondik berriro Asturiasera sartuta, jaitsierek igoerek hautsiko ez dutena hautsiko dute, agian. Samuel Sanchezen moduko txirrindularientzat une egokia izan daiteke, San Lorenzo mendateko jaitsiera beranduegi izan daitekeelako, dagoeneko, ihes egiteko.
San Lorenzo lehen aldiz igoko da. Mendatea ikuskatzera joan direnak beldurtuta itzuli dira. Ez da luze-luzea, 10 kilometro dituelako, eta batez besteko desnibela ere ez da handi-handia: %10,8. Lau kilometro oso ditu %10etik gorako aldaparekin, eta kilometro bateko atseden gunea ere badu mendate erdian. %17 eta %15eko pendizak ditu atseden gune hori pasa eta berehala.
Jaitsiera ere kontuz egiteko modukoa omen da, San Martin de Tevergaraino. Sasiordekan kilometro batzuk egin, eta Cobertoriari ekingo diote, orain arte gorako aldapengatik ez, jaitsierengatik ezagun egin den mendatea. Cobertoriak bederatzi kilometro ditu eta mendate tentea da. %7tik gorakoak dira kilometro guztiak, eta azken hirurak %8tik gorakoak. Cobertoria gainari ekiten diotenerako, 200 kilometroko zigorra izango dute txirrindulariek hanketan, eta aintzat hartzeko moduko datua da hori.
BRAJKOVICEN ZELATAN. San Lorenzon eta Cobertorian oilarren txanda izango da. Valverde, Sastre eta Brajkovicen arteko buruz buruko lehia espero da. Valverdek eta Sastrek jo beharra daukate, liderra biak baino indartsuagoa delako erlojupekoan. Sailkapenean bi minututik beherako atzerapenarekin dauden txirrindulariak ere arriskutsuak dira gaur, Kazakhstango bikotea, batez ere: Vinokurov eta Kaxetxkin.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. TXIRRINDULARITZA
ESPAINIAKO VUELTA. Euririk gabe ere, gaiztoena. Tourreko edo Giroko etapa gogorrenen antzekoa da gaurkoa: 207 kilometro eta aldapa tente asko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu