Etapa irabazi nahi zuen, eta irabazi egin zuen. Esan eta egin, erraza batzuentzat. Alejandro Valverderentzat, adibidez. Sekulako talentua dauka espainiarrak, eta dagoeneko hamaika erakustaldi eman baditu ere, zaila da Valverderen joarekin nekatzea. Ikusgarria delako ia beti. Morredero gainean ere bai.
Caisse d'Epargne taldeko liderrak taldekideen laguntza ona izan zuen. Morredero eguneko mendate bakarra izan zen heinean, jendea fresko eta gogotsu iritsi zen aldapara, egurra emateko prest. Valverde ona da, baina ezin ditu eraso denak kontrolatu, eta Joaquim Rodriguez, Vladimir Karpets eta Xabier Zandio nafarra morroi finak izan zituen zeregin horretan.
Morredero luzea da, 20 kilometro baino gehiago, derrigorrezkoa da indarrak ondo neurtzea. Luis Perez espainiarrak jo zuen aurrena, 15 kilometrora. Zortzi-hamar laguneko taldetxo batek minutu erdiko aldea lortu zuen, baina Valverdek ez zien baimenik eman, eta pedal kolpe arinarekin harrapatu zituen.
Oilarren enbata etorri zen ondoren. Valverde bersaiatu zen aurrena, bederatzi kilometrora. Jo, indartsu jo zuen, baina erasoari segida emateko kemenik gabe geratu zen. Zaintza lanean murgildu zen orduan Valverde, eta jendarme eraginkorrenaren pare aritu zen. Iban Mayorekin, aurrena, bi aldiz. Vinokurovi hanka egiten utzi zion, Karpets ondoan zuela ikusita. Vinokurovek tartea egin zuen, baina atzetik tximistaren pare heldu zen berarengana Janez Brajkovic gaztea, eta Valverde bere motorra berotzen hasi zen.
Tropelaren buruan jarri zen, azken orduko erasoak saihestu eta Brajkovic harrapatu. Vinokurov berriro saiatu zen, egoskor. 200 metroko zuloa ireki zuen, eta 300 metroren faltan, Kazakhstangoarena zirudien garaipenak. Valverde, ordea, beti da arriskutsua, eta 300 metroko sarrera ikusgarria jo eta Vinokurov irentsi zuen gupidarik gabe, garaipen dotorea lortzeko.
BRAJKOVIC, LIDER SENDOA. Etapa garaipenak joko asko eman zion Morrederoko etapari, baina sailkapen nagusia ez zen asko aldatu. Di Lucak lidergoa galdu zuen, baina ez zen ezustekoa izan. Brajkovicen jardun bikainak harridura sortzen jarraitzen du. Gaztea dela, eta egunen batean huts egingo duela diote askok, baina atzo ikusitakoaren arabera, kostako zaie lidergoa kentzen. Valverde eta Sastre ere ez daude bete-betean. Ez dute hausten, baina hutsik egin ere ez, eta zalantza asko daude argitzeko, oraindik. Brajkovicek Valverderi eta Sastreri erlojupekoan minutua ken diezaiekeela ez da zalantza.
saILKapenaK7.ETAPA
1. A. Valverde (Caisse d'Epargne) 4.01.05
2. Carlos Sastre (CSC) 4ra
3. J. A. G. Marchante (Saunier) 6ra
4. Janez Brajkovic (Discovery) 7ra
5. Manuel Beltran (Discovery) d. b.
6. A. Vinokurov (Astana) 12ra
7. Luis Perez (Cofidis) 16ra
8. Andrei Kaxetxkin (Astana) d. b.
9. Stijn Devolder (Discovery) 23ra
10. Ruggero Marzoli (Lampre) 29ra
11. Iban Mayo (Eusk.-Euskadi) d. b.
26. Xabier Zandio (C. D'Epargne) 2.09ra
28. Igor Anton (Eusk.-Euskadi) 2.40ra
29. Samuel Sanchez (Eusk.-Euskadi) d. b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1. Janez Brajkovic (Discovery) 26.48.27
2. A. Valverde (Caisse D'Epargne) 5ra
3. Carlos Sastre (CSC) 10era
4. J. A. G.-Marchante (Saunier) 22ra
5. Andrei Kaxetxkin (Astana) 23ra
6. Manuel Beltran (Discovery) 51ra
7. Ruggero Marzoli (Lampre) 1.17ra
8. Bernhard Kohl (T-Mobile) 1.37ra
9. Danilo Di Luca (Liquigas) 1.47ra
10. Aleksandr Vinokurov (Astana) 2.28ra
10. Iban Mayo (Euskaltel-Euskadi) 2.37ra
22. Igor Anton (Eusk.-Euskadi) 4.38ra
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. TXIRRINDULARITZA
ESPAINIAKO VUELTA. Talentua ez du presak estutzen. Valverdek hamaikagarren erakustaldia eman eta Morredero gainean irabazi du; Brajkovic da lider berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu