8.38 minutuko aldea ere izan zuten bi iheslariek, baina Bettinik berak, bakar-bakarrik, lau minutu kendu zizkien tropel buruan jarrita. Liztorra lanean hasi zen arte. Aceboko igoera zeukaten txirrindulariek etapa hastearekin batera, baina lehen kilometrotik bertatik nabaritu zen etapa ez zela normal-normala izango. Artean berotzen ari ziren itxura emanez, den-denek elkarrekin igo zuten lehen mailako mendate gogorra. Lasai-lasai, aurreko egunetako berotuekin nahikoa izan dutela esanez bezala. Datu bat da erabat argigarria: lehen ordubetean 15 kilometro egin zituzten txirrindulariek, Ponferradatik Acebo gainera, justu-justu. Lehen mailako mendatea izanagatik, oso batez besteko apala da hori.
Eta Acebotik helmugara arteko ikuskizuna ere apala izan zen oso. Acebon behera jo zuen erasoa Jesus Rosendok, eta atzetik segika joan zitzaion Walter Fernando Pedraza. Tropela, berriz, lasai, oso lasai. 15 kilometro orduko batez bestekoa lehen ordubetean, 28,3 kilometrokoa bigarren ordubetean, 31,530ekoa hirugarrenean... Eskerrak liztorra agertu zen! baina pena bakar-bakarrik agertu izana. Tropelak ziztada bakar bat ez, gehiago behar zituen atzo esnatzeko. Ezezkoan zeuden txirrindulariak, ez zutela behar baino neke gehiago pilatu behar, eta horrela egin zuten bide guztia.
Rosendo eta Pedraza aurretik, eta tropela atzetik, Quick Step, Silence-Lotto eta Milram buruan zirela. Une oro hiruzpalau minutuko aldearekin, erabat kontrolpean izan zituen tropelak aurreko biak. helmugara iristeko zortzi kilometro falta zirenean harrapatu zituen tropelak aurreko biak, eta orduan bai, orduan hegan joan ziren. Hain azkar zihoazen, helmugarako hiru kilometro falta zirenean behar ez zen bidea hartu zuen, besteak beste, Koldo Fernandez de Larreak (Euskaltel-Euskadi), eta hortxe agortu zitzaizkion indar apurrak. Quick Stepen lan ona baliatuta, dotore irabazi zuen esprinta Boonenek.
Sailkapenak
HAMASEIGARREN ETAPA1. Tom Boonen (Quic Step) 5.21.16
2. Filippo Pozzato (Liquigas) d.b.
3. H. Haussler (Geroslteiner) d.b.
4. Mickael Delage (F. des Jeux) d.b.
5. Tomas Vaitkus (Astana) d.b.
6. K. Fdez. de Larrea (E. Euskadi) d.b.
7. Alexandre Usov (Ag2r) d.b.
8. M. Santambrogio (Lampre) d.b.
9. Oscar Gatto (Gerolsteiner) d.b.
10. S. Hinault (C. Agricole) d.b.
NAGUSIA
1. A. Contador (Astana) 66.35.04
2. Levi Leipheimer (Astana) 1.17ra
3. Carlos Sastre (CSC) 3.41ra
4. E. Mosquera (Xacobeo) 4.35ra
5. Robert Gesink (Rabobank) 5.49ra
6. A. Valverde (C. d'Epargne) 6.00ra
7. J. Rodriguez (C. d'Epargne) 6.11ra
8. Egoi Martinez (E. Euskadi)8.56ra
9. D. Moncoutie (Cofidis) 9.32ra