TXIRRINDULARITZA. ESPAINIKO VUELTA. Hamilton agertu da

Phonakeko txirrindulariak irabazi du Valentziako erlojupekoa, eta hirugarren da orain; Landisek urrezko maillota berreskuratu du, eta faboritoen arteko aldeak uste baino txikiagoak izan dira

Xabier Lopetegi.
2004ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Erorikoekin betidanik izan du zorte txarra Tyler Hamiltonek. Itzuli handietako zaurituen zerrendan beti ageri da haren izena. Estatubatuarra ez da, ordea, erraz kikiltzen diren horietakoa; ez zaio axola gorputza bendaz josita daukala jarraitzea. Espainiako Itzulian ere, bera da faboritoen artean lurrera joan diren bakarrenetarikoa, eta eskumuturrean min hartu zuen. Toki txarrean, erlojupekorako behintzat. Atzo, baina, mina akuilu bihurtu eta, berriz ere, irabaztea lortu zuen Hamiltonek.

Tourretik erretiratu ondoren, Olinpiar Jokoak prestatzen hasi zen estatubatuarra. Atenasen helburua beteta, sasoia aprobetxatzen saiatuko dela adierazi du Hamiltonek. Falta diren bi asteetan eusteko gai izango den ez dakiela dioen arren, erne ibili beharko dute gainerako faboritoek. Txintik atera gabe aritu da orain arte, oharkabean, baina sailkapen nagusian hirugarren da orain, Landis liderrarengandik 32 segundora.Nabarmentzekoa da, era berean, US Postalek atzo eginiko lana. Landisek indartsu hasi zuen proba. Hamahirugarren kilometroan berak zuen denborarik onena: Hamiltoni eta Victor Hugo Peñari lau segundo kentzen zizkien, baina bigarren zatian pott egin zuen, eta 30. kilometroan 12 segundo galdu zituen Hamiltonen aldean. Azken hamar kilometroetan ongi eutsi zion; sei segundo baino ez zituen galdu tarte horretan irabazlearen aldean. Hirugarren sailkatu zen, Hamiltonen eta Peñaren atzetik.US Postalek hiru gizon sartu zituen lehen lau sailkatuen artean: Landis, Peña... eta Beltran. Bere bizitzako erlojupekorik onena egin zuen atzo arte urrezko maillota zuenak. Peña eta Nozal espezialisten mailan aritzea marka handia da bere ezaugarriak dituen txirrindulari batentzat. Armstrongen ondoan eginiko lana ondo baino hobeto etorri zaio Beltrani.

Eskalatzaileak, bikain

Aipatzekoa da eskalatzaileek emandako maila ere. Ibilbidea espezialistentzat egokia izanik ere, uste baino denbora gutxiago galdu zuten igotzaileek. Beltranena ez da adibide bakarra. Mancebok, esaterako, seigarren denbora lortu zuen, 57 segundora baino ez. Sastre zortzigarren izan zen, 1:09ra. Valverdek 1:32 baino ez zuen galdu, eta Herasek, 1:37 bakarrik.

Kale egin zutenen artean, berriz, Mentxov eta Beloki daude. Errusiarrak 2:20 galdu zuen, eta lazkaotarrak 3:26. Lasterketa lasai hartu beharko du Belokik. Orain arte ez da gaizki ibili, baino atzo galdutako denborak frogatzen du oraindik urrun daukala sasoirik onena. Etsigarriagoa izan zen Aitor Gonzalezen lana; seinale txarra da Herasen denbora berbera egin izana (1:37ra), ondoena moldatzen den proban, gainera.Oro har, ezer gutxi erabaki zuen Valentziako erlojupekoak. Oilarren arteko aldeak handiagoak izango zirela pentsatzen zuten askok, baina, ondorio bat ateratzekotan, azpimarratzekoa da faboritoen zerrenda inoiz baino luzeagoa dela. Mendiko etapek jarriko dute bakoitza dagokion tokian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.