Juan Jose Haedo (Saxo Bank), Manuel Cardoso (Footon Servetto), Tyler Farrar (Garmin), Samuel Dumoulin (Cofidis)... Beste maila bateko esprinterrak dira horiek. Edo Cavendish da, horien ondoan, beste maila bateko esprinterra. Matthew Harley Gossek, Cavendishen taldekideak, gogotik bizitu behar izan zuen erritmoa, Quick Stepek hautsi egin zuelako tropel burua. Gossek eman beharrekoak emanda, ohi baino urrutiagotik jo zuen esprinta Cavendishek. Eta hor geratu zen nabarmen Vueltako esprinterren arteko aldea. Bizikleta bateko aldea atera zion Columbiakoak Haedori. Ordurako etsita, atzean geratuta zegoen Koldo Fernandez de Larrea (Euskaltel-Euskadi).
Zortzi laguneko ihesaldia -Pablo Urtasun (Euskaltel-Euskadi) sartu zen bertan, baina 2.40 minuturen aldea izan zuen gehienez- eta Caisse d'Epargneren haize-babes ahalegina, besterik ez zuen eskaini etapak. Sailkapen nagusiko lehen laurek lau segundoren aldea atera zieten faborito gehienei.
Piedrahita eta Toledo artean, Vueltako etaparik luzeena izango dute gaur: 231,2 kilometro. Chia bigarren mailako mendatea igo beharko dute etapa hastearekin batera, eta ihesaldia sortzeko aproposa izango da hasiera hori. Toledoko azken kilometroa, berriz, gogorra da. %6,2ko batez bestekoa dauka azken 200 metroetan sartu aurreko kilometro erdiak.
Garate, Zubeldia eta Erbiti
Jose Luis de Santos Espainiako hautatzaileak atzo jakinarazi zuen zein bederatzi txirrindulari ariko diren Espainiarekin Munduko Txapelketako gizonezkoen errepideko proban. Eta bederatzi horien artean daude Juanma Garate (Rabobank), Haimar Zubeldia (RadioShack) eta Imanol Erbiti (Caisse d'Epargne). Samuel Sanchez ere (Euskaltel-Euskadi) bederatziko horretan dago. Zubeldia 2002an aritu zen, azkenekoz, Munduko Txapelketan, eta Erbitirentzat estreinakoa izango da. Aurten Australian jokatuko da Munduko Txapelketa, eta gizonezkoen errepideko proba urriaren 3an izango da.
Sailkapenak
HEMEZORTZIGARREN ETAPA1. Mark Cavendish (Columbia) 3.27.11
2. Juan Jose Haedo (Saxo Bank) d.b.
3. Manuel Cardoso (Footon) d.b.
4. Tyler Farrar (Garmin) d.b.
5. Samuel Dumoulin (Cofidis) d.b.
6. Robert Forster (Milram) d.b.
7. Enrique Mata (Footon) d.b.
8. Greg Van Avermaet (Lotto) d.b.
9. Wouter Weylandt (Quick Step) d.b.
10. Danilo Hondo (Lampre) d.b.
29. Juanjo Oroz (Euskaltel) 9ra
40. Mikel Nieve (Euskaltel) d.b.
NAGUSIA
1. Vincenzo Nibali (Liquigas) 74.47.06
2. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 38ra
3. Peter Velits (Columbia) 1.59ra
4. Frank Schleck (Saxo Bank) 3.43ra
5. Joaquim Rodriguez (Katuxa) 3.48ra
6. Xavier Tondo (Cervelo) d.b.
7. Thomas Danielson (Garmin) 3.58ra
8. Nicolas Roche (Ag2r) 4.02ra
9. Carlos Sastre (Cervelo) 4.16ra
10. Luis Leon Sanchez (Caisse) 5.42ra
13. Mikel Nieve (Euskaltel) 9.27ra
33. Amets Txurruka (Eusk.) 43.40ra