Euskal Herrian korritzen diren lasterketa gehientsuenetan altxa ditu besoak garaile Viciosok. Euskal Bizikletan aritu da denetan ondoen, eta hiru etapa irabazi (iaz bi, erreskadan). Euskal Herriko Itzulian ere etapa batean nagusitu zen, 2003. urtean, eta 2002an Miguel Indurain Sari Nagusia eta Udaberriko Klasikoa poltsikoratu zituen. Euskal Herrian korritutako probetako garaipenen zerrenda balego, Vicioso izanen litzateke onena.Viciosok eroa eta nahasia, polita eta ikusgarria izan zen etapa irabazi zuen. Pro-Tour Liga entzutetsuko lasterketen distirarekin betetzen dira, ditugu, prentsa orriak, baina Ligatik kanpoko probetan ere badago zer ikusi, zer gozatu. Euskal Bizikletako hasiera bikaina izan zen, ederra, eta hurrengo etapetan ere antzera gerta liteke, Liberty taldeak kontrakoa esaten ez badu.Eurena da liderra eta Vicioso ez da txirrindulari azkar hutsa, gehiago baizik. Iaz Abadiñoko erlojupekoa irabazi zuen eta nagusian 9. postuan sailkatu zen. Itxuraz David Etxebarria eta Luis Leon Sanchez dira Marino Lejarretaren agindupean ari den taldearen buruak, baina Viciosok segundo dezente irabazi zituen atzo haiekiko.
Isasik lana egin, saria Viciosorentzat
Viciosok eraman zuen saria, baina Iñaki Isasik egin zuen meritu gehien etapa irabazteko. Euskaltel-Euskadiko arabarrak etapa hasi eta berehala, bosgarren kilometroan, egin zuen hanka. Tropel buruan etengabeko aldaketak egon ziren etapa osoan, baina han egon zen beti Isasi. Etapa bukaeran ere zaintzaile lanean jardun zuen, azken kilometroetako erasoak saihesteko. Bera ere saiatu zen, esprintean jai zeukala onartuta, baina alferrik izan zen.
Alferrik, aurrean geratu zen 12 laguneko tropeltxoan txirrindulari garaile asko zeudelako, bi batez ere: Igor Astarloa eta Angel Vicioso. Haiek esprinta nahi zuten eta Astarloak taldetxoan zituen bi taldekideak helburu bakar horrekin hustu ziren. Kaikuko Palomares eta Jon Bru, Comunitat Valencianako David Latasa, Isasi, Agritubeleko Alberto Martinez, Barloworldeko Cavallari eta Cox, Saunierreko Joaquim Rodriguez, Relaxeko Luis Perez eta LPRko Masolino sartu ziren aurrean.Taldetxo horrek egin zuen bidea etapako azken 30 kilometroetan, baina aurrez beste asko ere saiatu ziren, zorterik gabe. Zorterik gabe, Euskaltel-Euskadi artaldea zaintzen saiatu zelako. Gehienez minutuko aldea izan zuten aurretik joandakoek, eta horregatik, egoera aitaren batean aldatzen zen. Eraso festa ikusgarria izan zen uneoro, eta Euskaltel-Euskadik atzean amore eman zuenean baketu zen apur bat proba. Antton Luengo eta Markel Irizar aritu ziren jo eta su tropel buruan, Iñaki Isasirekin zail zutelako nagusian postu ona lortzea. Aurrekoak harrapatzen ez zituztela jabetuta, Joseba Albizu azpeitiarra saiatu zen aurrekoekin bat egiten aurrena, eta David Herrero bilbotarra gero. Ahalegin kamutsa izan zen.Lan itzela eginda, aurreko taldetxoak 26 segundoko errenta murritza lortu zuen. Errenta txiki samarra da, baina erabakigarria izan daiteke. Alberto Martinez ederki moldatzen da erlojupekoan, atzokoan iheskide izan zituen denak baino hobeto, baina mendian gora asko dira bera baino su gehiago dutenak. Vicioso liderra bera, Jon Bru eta David Latasa nafarrak, Joaquim Rodriguez kataluniarra... Oreka hori hausten duenak egingo du urrats handiena. Tropel nagusian helmugaratu zirenak, dena den, ez daude aparte, eta gaurko etapa bihurrian nagusia zeharo irauli daiteke.
Zalaparta handiagoaespero da gaurko etapan
Azken 50 kilometroetan Udana, Olaberria, Lazkaomendi, Larraitz, Altzo, Alkiza eta Hernialde gainak igoko dituzte. Aldapa laburrak dira denak, hiruzpalau kilometrokoak, asko jota, baina mina egin dezaketenak: Alkiza eta Hernialde, batez ere. Atzo, Bizkaiko Uribe-Kosta eskualdeko muinoetan sekulakoa izan baldin bazen zalaparta. Gipuzkoako barnealdeko aldapetan handiagoa izango dela pentsa daiteke.
-
Sailkapenak
1.go ETAPA eta NAGUSIA
1. Angel Vicioso (Liberty) 3.58.522.