TXIRRINDULARITZA. EUSKAL BIZIKLETA. Garaipena bizio

Angel Vicioso jaun eta jabe izan da erlojuaren aurkako proban; Aimar Zubeldiak, bere mailatik oso urrun, 1.14 galdu du

Imanol Magro Eizmendi.
2004ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Angel Vicioso garaipen grinarekin iritsi da aurtengo Euskal Bizikletara. Libertyko txirrindulariak lau etapatatik bi irabazi ditu eta beste bietan bigarren iritsi da. Hitz joko errazarekin adieraz liteke: Viciosoren bizioa. Beste norbaitek bertutea dela esango luke, baina Calatuyedeko mutilaren kasuan, bere grina kontrolaezina dela dirudi, eta garaipena gertu ikusten badu, kosta egiten zaio ez saiatzea.

Izan ere, atzo Viciosok berriro erakutsi zuen aurtengo Euskal Bizikletako gizonik indartsuena dela. Ordekan ezin hobeto aritu da, aldapan gora Herasekin ikusi dugu, eta, espezialista izan gabe, erlojuaren kontrakoan ere bere pedal kolpea izan da nagusi. Libertyko txirrindularia lider izateak ematen dituen hegoekin irten zen atzo Elorrion, eta hegan joan zen bukaera arte. Erlojupekoak 18 kilometro zituen, eta berak erdietsi zituen tarteko denbora onenak, eta helmuga marra pasatu arte ez zion utzi hortzak estutzeari. Bukaeran, Viciosok 19 segundoko tartea atera zion bigarrenari, bere taldekide Herasi, eta harrigarriagoa dena, 1.14koa Zubeldiari. Tamalez, itzalik sortzen ez duen argirik ez dagoenez, Abadiñon Viciosok dir-dir egiten zuen bitartean, Zubeldiaren itzalak zaleen itxaropenak estali zituen. Usurbildarra ez zen batere fin ibili atzokoan, erlojupeko guztian ez zuen eman batere itxura onik, eta bere pedal kolpea iazko Tourrean erakutsi zuenetik oso urruti egon zen. Elorrioko irteeran pilatu zen jendearen oihuek argi erakusten zuten Zubeldiaren alde zeudela, eta hala jarraitu zuten bukatu arte; irratiz etaparen nondik norakoak jarraitzen ari zirenen aurpegiak, ordea, tristatzen joan ziren usurbildarra hel-mugara urreratu ahala. Azkenean, Zubeldiak 24. postuan amaitu zuen erlojupekoa, irabaz- learengandik 1.14ra; gehiegitxo 18 kilometro eskasetarako.

Etapako beste ezustekoa Roberto Herasek eman zuen, ez baita ohikoa igotzaile peto batek halako maila ematea atzoko erlojupekoan. Bigarren postuan iritsi zen, irabazlearengandik 19 segundora. Badirudi Libertyko liderra hortzak zorrozten hasia dela Tourrari begira.

Zubeldia: «Ez naiz ibili batere gustura»

Helmugara iritsi zenean, markagailuan ageri zen denborari begiratu eta buruarekin ezetz egin zuen Haimar Zubeldiak, eta gero esan zituen hitzek keinu hori berretsi baino ez zuten egin: «Ezin izan dut erritmoa hartu, ez naiz ibili batere gustura». Hasieran bere helburua «irabaztea» zela azpimarratu zuen Zubeldiak, baina, ikusiak ikusi, badauka non hobetu usurbildarrak.

Gaur beste etapa bat korrituko dute txirrindulariek, Euskal Bizikletako azkena, hain zuzen ere. Azken etapa hori ohikoa da Euskal Bizikletan; beti Arrateko gainean bukatu ohi da, eta gaur ere hala izango da. Aurten, baina, berritasun bat sartu nahi izan dute probaren antola-tzaileek: txirrindulariak hiru aldiz pasatuko dira Ixuako gainetik.

-

LEHEN SAIOA



Konyshev nagusi goizeko sektore bizkorrean



Tropeleko zakur zaharrenetako bat, LPR taldeko Dimitri Konyshev, gailendu zen Abadiñon bukaturiko laugarren etapako lehen sektorean. Abiadura handia izan zen goizeko jardunaldiko protagonista nagusia, izan ere etxeko txirrindularien ezinegon eta garaipen goseak erritmoa nabarmen bizitu zuen. Hala,15. kilometroan, Illes Balearseko Aitor Osak eta Mikel Praderak, La Boulangerieko Matthieu Sprick lagun zutela, tropeletik salto egin zuten. Bi minutu eta erdiko tartea lortu bazuten ere, tropelaren legeak ez zuen barkatu, eta erritmoa bizituz etaparen batez bestekoa orduko 45 kilometrotik gorakoa izan zen aurreko hiru erromesen ametsa helmugatik gertu zapuztu zen. Bukaerako esprint zakarrean Konyseheven ukondo zorrotzak izan ziren nagusi, bigarren Ion del Rio iritsi zen. Faboritoak, aldiz, burua arratsaldekoan zutela, elkarrekin iritsi ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.