TXIRRINDULARITZA. EUSKAL BIZIKLETA. Urreak baditu dozenaka distira

Arreitunandia nagusitu da Oroko Santutegian; bukaera ezagutzen zuen eta azti irabazi zuen Mutrikukoak; Jimenezek aise eutsi zion lidertzan

Andoni Urbistondo.
2005eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Herenegungo jardun eskasaren ondoren euskal txirrindulariren batek neurria eman behar zuela-eta, euskaldun bat nagusitu zen Arabako leku ederrenetakoan, Oroko Santutegian: Peio Arreitunandia mutrikuarra. Euskaltel-Euskadi taldekoei begira zegoen jende guztia atzo, baina Euskal Herriko talde ezagunenean lekurik ez duen txirrindulariak, etorkizuna eta soldata atzerriko talde batean irabazi behar izan dituen karreristak bereganatu zuen atzo arreta guztia (Barloworld). Garaipen denak dira ederrak, ahaztezinak, beti gogoratzeko modukoak, baina zenbaitzuren kasuan, garaipenak iraganean jasandako miseriak ahazteko baliagarriak ere badira. Urreak dozenaka distira dituelako. Urreari nondik begiratzen zaion.

Horixe da Arreitunandiaren kasua. Bere bizibidea, arrakastarako atea, aldapa gorak badira, bizitzak aurrez aurre jarri dizkion aldapak ez dira gainditzen errazagoak izan. Aldapa malkartsuenak igotzen eskarmentu handia du mutrikuarrak, bizitzako oztopoak gainditzen duena bezainbestekoa, ziurrenik.

Afizionatuak, Portugal, Baque, Barloworld...

1999an egin zuen jauzia afizionatuetatik profesionaletara Arreitunandiak. Euskaltel-Euskadirekin korritu zuen urte bitan. 2000ko udan, ordea, taldeak lasterketa gehiago ez zituela korrituko jakinarazi zion gipuzkoarrari, eta kontraturik ez zuela berrituko. Arrazoia, lesio asko izaten zituela. Alferrik haserretu zen Arreitunandia. Bere hitzak haizeak eraman zituen. Eta hitzekin batera kirol ibilbide bat egiteko itxaropena ere bai.

Zerutik infernura jaitsi zen hilabete gutxi batzuetan. Txirrindulari profesionala zen abuztuan, etxeko taldean. Mendiko bizikletako Euskadiko Irekia korritu zuen urtarrilean, errepideko ateak itxita zituelako. Afizionatuetan hasi zen berriro, derrigortuta, irtenbiderik gabe, eta Portugalera joan zen eltzetik babak ateratzera. Carvalhelos-Boavista taldean aritu zen bi urtez, eta Portugalgo Itzulia irabazi ostean (2003ko abuztua), Euskal Herrira itzuli zen, Baque taldera. Baque desagertu egin zen neguan eta Barloworld talde ezezagunean txoko bat egin zioten. Txoko hori handitu egin zen Murtzian. Ikaragarria da gaurtik aurrera.Oroko Santutegian urrezko garaipena lortu zuen Arreitunandiak. Martxoan, Murtziako Itzuliko etapa nagusian lortu zuenaren parekoa. Han Damiano Cunego eta Koldo Gil, etorkizunean zeresan handia emango duten txirrindulari bi hartu zituen mendean. Atzo gainditu zituenak ez dira hain ezagunak (Jure Golcer eta Fabian Jeker), baina Murtziakoa baino distira handiagoa duen garaipena lortu zuen. Etxean lortu zuelako, etxeko proba ezagunenetakoan, ateak itxi zizkion taldeak nahi zuen etapan. Lagun min batek, Igor Astarloak, profesionaletan jarraitzeko aukera eman ziolako, azken unean. Arreitunandia bera bezain kontent egongo da Astarloa.Arreitunandiak Altube gainean egin zuen aurrera, minutu erdiko aldearekin zihoan boskotea harrapatzeko: Tonkov, Golcer, Jeker, Navarro eta Aitor Gonzalez. Sei elkartu ziren orduan, baina etapa osoan etengabekoa izan zen mugimendua. Orora igo aurretik Golcer saiatu zen. 15 segundoko aldeari ondo eutsi zion igoerako lehen kilometroan, baina bigarrengoan gainera etorri zitzaion aldapa, eta itotzear zela, Jeker. Isil-isilik, atzetik, Arreitunandia agertu zen. Igoera ederki ezagutzen du mutrikuarrak eta azken 200 metroetan, gogorrenetan, hustu egin zen, aurkariak urrundu eta eroso helmugaratzeko. Lortu zuen, merezita. Bere bizitzako bost segundo luzeenak izan ziren.

-

Sailkapenak



3. ETAPA



1.-

P. Arreitunandia

(Bar.) 3.34.332. Fabian Jeker (Saunier) 5era3. Jure Golcer (Acqua&Sap.) 11ra4. Daniel Navarro (Liberty) 19ra5.

Aitor Gonzalez

(Eus.-Eus.) 19ra6. Pavel Tonkov (LPR) 19ra7. J. Rodriguez (Saunier) 29ra8.- D. de la Fuente (Saunier) 34ra9. J. Hernandez (Liberty) 37ra10. E. Jimenez (Com. Val.) 37ra

SAILKAPEN NAGUSIA



1. E. Jimenez (Com. Val.) 12.09.282. A. Palomares (Kaiku) 3.01era3.

Aketza Peña

(Eus.-Eus.) 5.48ra4. J. Rodriguez (Saunier) 7.26ra5. J. Golcer (Acqua&Sapo.) 7.38ra6. Pavel Tonkov (LPR) 7.42ra7.

David Latasa

(Com. Val.) 7.44ra8.

P. Arreitunaindia

(Barl.) 7.55era9.

Jon Bru

(Kaiku) 8.00ra10.

A. Gonzalez

(Eus.-Eus.) 8.02ra13.

D. Galparsoro

(Kaiku) 8.55era 16.

J. R. de Larrinaga

(Kai.) 10.35era18.

A. Hernandez

(LPR) 10.48ra 22.

R. Oarbeaskoa

(Kaiku) 11.57ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.