Herenegungo eta atzoko etapek gauza asko erabaki behar zituzten hasieran, baina ihesaldiak baimendu ziren, eta lasai samar joan ahal izan genuen tropelean. Hori bai, etapa bakoitzeko azken kilometroetan ikusi ahal izan da Alejandro Valverde (Caisse d'Epargne) oso indartsu dagoela, Cadel Evansek (Silence-Lotto) ez duela etsiko, eta Ivan Basso (Liquias) beti bezain erregular dabilela. Robert Gesink (Rabobank) gurea ere ez da aparte ibili aldapa gora, eta gogotsu ikusten dut.
Helmugan Evans Gesinkekin haserretu zela esan zidaten. Antza, kexu zen australiarra, Gesinkek esprintean bidea itxi omen ziolako. Nire ustez, ez zuen arrazoirik umore txarrean egoteko. Batetik, esprintean ez zion Valverderi irabaziko. Bestetik, Gesinkek ez zuen nahita egin, Evans atzetik baitzuen. Eta, azkenik, ezin zara bihurgunean barrutik sartu tokirik ez duzunean, eta kontrarioak posizioa hartu dizunean.
Lidergoa galdu zuelako zegoen amorratuta. Orain Caisse d'Epargnek lan egin beharko du. Herenegun ere eurek hartu zuten ardura; batik bat Imanol Erbitik eta Txente Garciak. Atzo Erbiti erori egin zen, eta ni haren atzetik joan nintzen lurrera. Ezin izan nuen saihestu. Minduta dudan eskua jarri nuen lurrean kolpea leuntzeko, eta beldurtu egin nintzen. Halere, ondo nago.
Xorret de Catin gora, gainera, ez nuen sufritu. 39x28ko garapena aukeratu nuen aldapari aurre egiteko. Dena den, izan ziren Compaq-a eraman zutenak. Compaq horrek txikiagoa du platera, eta, hartara, piñoiak ere txikiagoak izaten dira normalean: 36x25 erabili zuten atzo batzuek. Ni 36x27ko garapena erabilitakoa naiz. Iaz izan zen, Anglirun gora.
Badira une oro garapen luzea eramatea maite dutenak. Xavier Tondok, adibidez, ahal duen toki guztietan sartzen ditu plater handia eta piñoi txikia. A! Kontuz ibili beharko dugu, birusen bat sartu baita tropelean. Batzuk goragalearekin eta beherakoak jota erretiratu dira.
TXIRRINDULARITZA. Evansek ez du motiborik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu