EUSKAL HERRIKO ITZULIA

Txirrindularitza ez baita matematika

Movistarren laguntzarekin, Oricak kontrolpean izan du eguneko ihesaldia, baina Michael Matthewsek etsi egin behar izan du gero Fabio Felline (Trek) parean zuela; italiarrak irabazi du bigarren etapa, esprintean. Ihesaldian sartuta, Amets Txurrukak jantzi du mendiko maillota.

jarraia109715.jpg
unai zubeldia
2015eko apirilaren 7a
07:39
Entzun

Gasteiz aipatu eta Orica agertu. Euskal Herriko Itzulian lotura berezia sortu da Gasteizko etaparen eta Australiako taldearen artean, baina gaur artekoa izango da lotura hori, Fabio Felline italiarrak (Trek) aurrea hartu diolako Michael Matthewsi. Esprinta prestatzeko txirrindulari gehiegi gabe, tarteka desagertu egin da Orica tropel burutik, baina agertu behar zuenean eta agertu behar zuen moduan agertu da. Esprinta bera ere ondo bideratu diote Matthewsi, baina urrutitik esprinta jota, garaipen handia lortu du Fellinek. Bere txarrean, liderraren maillotari eutsi dio, behintzat, australiarrak.

Esprintaren aurretik, eta Omar Fraileren maillotak babesteko helburu argiarekin, Amets Txurrukak (Caja Rural) erasora jo du etapa hastearekin batera, eta berekin joan dira ihesean Sebastien Reichenbach (IAM), Louis Vervaeke (Lotto), Kevin De Weert (Jumbo) eta Thierry Hupond (Giant). Tropelaren baimenarekin, berehala lortu dute hamar minututik gorako aldea. Lehen etapan bezala, Movistar aritu da lanean atzean, eta Gasteizera gerturatu ahala erreleboa eman dio liderraren taldeak. Reichenbach lehian sartu arren ordurako Txurrukak mendiko puntu asko pilatuta, helmugara iristeko hamabost kilometro pasatxo falta zirela utzi du tropelak ezerezerean aurrekoen ahalegina. Oricak eta Etixxek ondo kontrolatu dute Zaldiarandik Gasteizko helmugara arteko bidea, baina Fellinek aurrea hartu die denei.

Gasteizen hasi eta Zumarragan amaitu, hirugarren etapa jokatuko da bihar, 170,7 kilometrokoa. Azazeta (2), Iturrieta (1), Urbasa (1), Urkillaga (2), Gabiria (3), Antigua (2), Atagoiti (3) eta Antigua (2) igo beharko dituzte. Amaiera da bereziki gogorra, aldapa beldurgarria dagoelako Antiguako gainera bidean. 2,5 kilometroko igoera da, eta %9,6koa da batez besteko aldapa; hori bai, %20tik gorako pendizak ere badaude tartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.