Sokratesi egozten zaio Ezagutu zeure burua Delfoseko tenpluko paretetan idatzi izana. Hogeita lau mende geroago, Igor AntonekPirinioetako haitzetan zizelatu du, eta amets egiteko eskubidea irabazi. Plakoa zen Vueltako lehen igoera luzea, eta helmugarako bost kilometro falta zirenean tropela bat eginda zegoen. Antonek ordura arte ez zuen itxura onik eman, tropelaren atzealdean baitzegoen. Rodriguez eta Nibali, berriz, aurrean ziren. Halere, Mosquera izan zen lasaitasun larria hautsi zuena, eraso gogor batekin. Galiziarrak aurrera jo zuen, eta berak pizturiko sua baliatu zuten Puritok eta Nibalik. Anton, berriz, atzean gelditu zen, Franck Schleckekin (Saxo Bank).
Jota zirudien, hamar segundora, baina ez, eskarmentuari kasu egiten ari zen. «Ez betetzen jakin dut», azaldu zuen helmugan, « burua hotz izan dut». Lau kilometro gogor falta ziren, eta Valdepeñasen irabazi zuen gasolina motorea diesel bilakatua zen. Hiru kilometro falta zirenean pasatu zuen Rodriguez. Kataluniarrari, lehertuta, luze egin zitzaion igoera. Nibali, berriz, kilometro erdi geroago pasatu zuen. Hark ere ez zuen ahalegina neurtzen asmatu.
Helmugarako bi kilometro falta zirela, Mosquera zen aurretik, zazpi segundoko aldearekin, baina hura ere bete egin zen. Antonek azken kilometroan pasatu zuen. «Mosquerak irabaziko zuela uste nuen», onartu zuen, baina ez zion utzi. Hortzak estututa egin zituen azken mila metroak, ipurdia eserlekuan pausatu gabe. Itzulia segundoen kontua izango da, eta ahal diren denak urratu behar dira. Garaipena ospatu zuen, ez oso sutsu, nekeak ez ziolako besoak luzatzen utzi. Euskal herritar batek jarraian irabazitako Espainiako Itzuliko hirugarren etapa izan zen.
«Zeure buruan sinetsi behar duzu», esan zion Alberto Contadorrek Antoni amaieran. Liderra, baina, umila da, edo zuhurra, edo biak batera, eta itzuliko garaipena «oso urrun» ikusten du.Andorrako aldapak, baina, aurkarien sasoia neurtzeko lagina izan ziren. Gauzak hala, Nibali dirudi gogorrena, 45 segundora, eta Tondo zaindu behar du. Rodriguez 1.17ra dago, eta Mentxovek, zortzi minutura, pot egin du.
Sailkapena
HAMAIKAGARREN ETAPA1. Igor Anton (Euskaltel) 5.25.44
2. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 3ra
3. Xavier Tondo (Cervelo) 10era
4. Marzio Bruseghin (Caisse) 15era
5.Rigoberto Uran (Caisse) d.b.
6. Vincenzo Nibali (Liquigas) 23ra
7. Franck Schleck (Saxo) d.b.
8.David Moncoutie (Cofidis) d.b.
9. Iñigo Cuesta (Cervelo) 32ra
10. Carlos Sastre (Cervelo) d.b.
15. Mikel Nieve (Euskaltel) 53ra
28. Amets Txurruka (Euskal.) 2.02ra
53. Egoi Martinez (Euskal.) 4.56ra
NAGUSIA
1. Igor Anton (Euskaltel) 47.37.15
2. Vincenzo Nibali (Liquigas) 45era
3. Xavier Tondo (Cervelo) 1.04ra
4. Joaquim Rodriguez (Katuxa) 1.17ra
5. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 1.29ra
6.Marzio Bruseghin (Caisse) 1.57ra
7. Ruben Plaza (Caisse) 2.07ra
8. Rigoberto Uran (Caisse) 2.13ra
9. Nicolas Roche (Ag2r) 2.30era
10. Franck Schleck (Saxo) d.b.
18. Mikel Nieve (Euskaltel) 4.50era
37. Egoi Martinez (Euskal.) 16.04ra
38. David Lopez (Caisse) 17.56ra