Iban Mayo Euskaltel-Euskadiko taldeburua oraindik Courchevelgo helmugan sartu gabe zegoela mintzatu zen Gorospe Radio Euskadin. «20 minutu galduko ditu» iragarri zuen, eta, horretan behintzat, bete-betean asmatu. Bere txirrindularien lan eskasarengatik galdetu, eta etsita mintzatu zen Mañariako txirrindulari ohia: «Ez dago kexatzerik, hau da dagoena». Haimar Zubeldiaren eta Iban Mayoren jardunaz aritu zen zuzendaria. «Ez hain txarra» batena, eta «txarra» bestearena. «Haimar ez da horren gaizki aritu, igoera ona egin du eta hor aurrean gaude. Egia da gure aurretik jende asko daukagula, baina egia da beste askok ere kale egin dutela».Mayoren jardunari buruz, zalantza gutxi. «Lehen mendatean jada gaizki sentitu da, eta hanka altxatu du. Txirrindulari bat horrela, baldintza horietan doanean, hori da gertatzen dena. Ea bihar [gaur] nola aritzen den».Ez baitu Gorospek Mayorekin itxaropenik galtzen. Zubeldiak burua altxatu duela, eta Mayok ere altxatuko duela iragarri zuen. «Ni baiezkoan nago, burua altxatuko duela, errekuperatuko dela eta ongi jarriko dela. Hemendik aurrera askatasun gehiago izango du mugitzeko, eta egun asko gelditzen dira». Hori baita Gorosperen ustez atzokoak utzitako ondorio onuragarri bakarra: «askatasuna».
Jaimerena: «Valverderi ez diogu mugarik jarriko»
Jose Luis Jaimerena Illes Balearseko zuzendari nafarra pozarren zegoen atzo taldearen lanarekin: Valverderen garaipena eta Manceboren jarduna. «Kalitate handiko txirrindularia da Valverde, eta agerian utzi du. Guk bagenuen konfiantza harengan, eta ezustekoa ez da izan bere garaipena, baizik eta askok mendiko lehen etapan emandako maila kaskarra. Hankak lurrean ditugu, hala ere, hau Frantziako Tourra da. Bera ikastera datorrela esan dugu, baina mugarik ez diogula jarriko ere bai».
erreakzioak
ALEJANDRO VALVERDE (Illes Balears)
«Hau da amesten nuen eguna, nire bizitzako egunik handiena»
«Ez dago hitzez azaltzerik gertatu dena. Hau da amesten nuen eguna, nire bizitzako egunik handiena. Aparta izan da niretzat eta taldearentzat, ez dago gehiago eskatzerik. Gogorra izan da, 10 kilometro falta zirela esan dit Armstrongek tiratu egin behar genuela denbora irabazteko, baina Rasmussenek egin du aurrera. Harrapatu dugu eta Armstrongek jo du 450 metro falta zirela, uste nuen ez nuela harrapatuko, baina aukera ikusi dut, hazi egin naiz, eta gainditu egin dut».
LANCE ARMSTRONG (Discovery Channel)
«Valverde ikusgarri aritu da, ezin nuen atzera utzi»
«Ezin izan dut Valverde gainetik kendu. Ikusgarri aritu da, beste guztiak atzera gelditu dira, baina hura ezin nuen atzera utzi. Txirrindulari osoa da, berdin irabaz dezake esprintean edo mendian; erlojupean egiten du kale, baina hor ere hobera egingo duela ziur nago. Nire helburua orain maillot horiari Pariseraino eustea da».
JAN ULLRICH (T-Mobile)
«Ez dut Tourra irabaztea baztertzen; alde hori jatea ez da ezinezkoa»
«Igandean izan nuen erorikoaren ondorioak jasan behar izan ditut, baina ahal dudan guztia borrokatu naiz eta sailkapen nagusiko alde hori jatea ez zait ezinezkoa iruditzen. Frantziako Tourra Parisen amaitzen da eta ez dut lasterketa irabaztea baztertzen. Iaz ere hankak oso ongi izan nituen azken txanpan. Biharkoa beste egun bat izango da».
MARINO LEJARRETA (Liberty Seguroseko zuzendaria)
«Dena okertu da, eta Tour on bat egiteko aukera gutxi dauzkagu orain»
«Courchevel arte ongi joan gara, baina hortik aurrera dena okertu da eta Tour on bat egiteko benetan aukera gutxi dauzkagu orain. Dena dela, Joseba Beloki bere maila onenera ari da bueltatzen pixkanaka eta itxaropena ematen dit horrek datorren urteko Tourrerako».