Lance Armstrong ez zegoen pozik atzo etapa bukatuta. T-Mobileko txirrindulariek ederki zirikatu zuten, eta taldekideek ez zioten batere lagundu. Sufritzen ikusi zitzaion estatubatuarrari. «Gaur sufritu egin dut. Egun ustela izan da gaurkoa, nazkagarria, ahazteko modukoa. Etapa oso luzea izan da, eraso asko egon dira, eta erritmo oso bizian aritu gara», azpimarratu zuen. Tourreko liderraren arabera, «gertatu dena aztertu behar dugu, lasterketan zein egoeran gauden. Horrelakorik berriro ez dadila errepikatu saiatu behar dugu, besterik ez. 35 txirrindulari sartu gara tropel nagusian, eta ez nuen taldekide bakar bat ere. Hori ez da normala».
Armstrongek aitortu zuen etapa amaitu bezain laster taldekideekin bildu zela, gertatutakoaz hitz egiteko. «Hotelean sartu naizenean, galdetu egin dut zer gertatu den. Ez nengoen haserre, gertatutakoa ulertu nahi nuen. Ez dakit arrazoi fisikoengatik edo psikologikoengatik izan den, baina argi dagoena da egoera aztertu behar dela, eta irtenbide bat bilatu». Schluchteko maldetan T-Mobileko txirrindulariek egin zizkioten erasoez galdetuta, estatubatuarrak azaldu zuen Ullrichen eta Vinokouroven gurpilak zaindu zituela bereziki, eta Kloedenak ez ziola hainbeste larritzen. «Ezin zaie eraso guztiei erantzun. Ullrichena eta Vinokourovena ziren zaindu beharreko gurpilak. Ezin dut gezurrik esan: gaur sufritu egin dut. Ahal nuen guztia ematen saiatu naiz, eta oztopo guztiei aurre egiten. Gelditzen diren bi asteak horrelakoak badira, arazoak izango ditut. Hala ere, uste dut hobera egingo dugula, hurrengo etapan edo Alpeetan».
Poza T-Mobilen
T-Mobile taldea izan zen eguneko protagonista. Alemaniako taldeak lan bikaina egin zuen. «Aurreikusita genuen gaur Armstrongi erasotzea. Bagenekien lan ona egin genezakeela. Zorionez, bete-betean asmatu dugu», azpimarratu zuen Andreas Kloedenek. Alemaniarrak pena zuen, azken unean egin baitzion ihes garaipenak. Hala ere, pozik zegoen egindako lanaz. «Ez nuen espero etapa irabazteko lehian egongo nintzenik. Sailkapen nagusian aurrera egin nahi nuen».
Pieter Weening, etapako irabazlea, berriz, pozez txoratzen zegoen helmugan. «Kloeden aurkari zaila zen etapa irabazteko, baina, zorionez, ondo jokatu dut, eta irabazi egin diot, ederki kostata, hori bai. Itzela da nire ibilbideko lehen garaipena Frantziako Tourrean lortzea. Ametsa da. Oraindik ezin dut sinetsi».
TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA. «Horrela segituz gero, arazoak izango ditut»
Oso etapa gogorra izan dela eta sufritu egin duela aitortu du Lance Armstrongek; «hausnarketa egin behar dugu», esan du estatubatuarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu