Aurrekoan bezala, oraingoan ere gozatu egin dugu atseden egunean. Izugarri ondo pasatu dugu. Baina lehen atseden egunean nahiko biharamun gogorra izan nuen, eta oraingoan ez dugu arretarik galdu. Bi ordu eta erdiko entrenamendua egin dugu, eta nahiko azkar ibili gara, gainera. Autoaren atzetik ere ibili gara momentu batean. Atseden eguna atseden eguna izan da, baina serio hartu dugu, Alpeen erdi-erdian baikaude, eta oso etapa garrantzitsua baitaukagu aurrez aurre. Alde horretatik, atseden eguneko bromak alde batera utzi ditugu. Burua behar den lekuan eduki dugu.
Beste batzuk lasaiago ibili dira. Cuneoko plaza batean ikusi ditugu Silence-Lotto eta Liquigaseko txirrindulariak, terrazan. Lasai-lasai zeuden, Coca cola, opilak, hanburgesak... dena barrura. Haiek benetan ari ziren atseden egunarekin gozatzen. Gu geurean oso serio eta ondo ari garela uste dut, eta beste aldean daude atseden egunarekin guk baino gehiago gozatu dutenak, ziurrenik, baina biharkoan guk baino dezente okerrago pasatuko dutenak. Azken finean, ez da oso ona atseden egunean gehiegi erlaxatzea. Atseden egun polita pasatuko zuten, baina ikusiko dugu Lottoko eta Liquigaseko txirrindulariak nora iristen diren! Hala ere, onartu behar dut, Evans eta Popovitx ez zeudela han.
Eta gu orduan hasi gara Tour amaieran urtero-urtero ateratzen diren kontuei bueltaka. Etxera itzultzean... batek hondartzara joan behar duela, besteak ez dakit non gosalduko duela, beste batek pizzeria batera joan nahi duela, beste batek txuleta handi bat jan nahi duela... Zoritxarrez, Tourrean egin ezin ditugun gauza horiekin ametsetan pasatu dugu eguna. Baina, zorionez, amestu bakarrik egin dugu, ez baitugu horrelakorik egin. Ulertuko duzuenez, ez da unerik egokiena.
Eta, tira, alde horretatik, harro gaude gure profesionaltasunaz. Argi daukagu bi egun gogor geratzen zaizkigula Alpeetan; beste bi egun gorabeheratsu gero; gogor samarrak, baina mendate gogor-gogorrik gabeak; erlojupekoa; eta Parisko etapa. Sei egun dira, eta zin egin dugu sei egun hauei eutsiko diegula, bai fisikoki eta bai mentalki. Igandetik aurrera egingo ditugu amestu ditugun plan guztiak!
TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA. NIRE TXOKOA. Etxera itzultzean...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu