TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA. TXIRRINDULARITZA

FRANTZIAKO TOURRA. Aurrenekoa: mitikoa . Gainean bukatu zen Tourreko lehen etapa Alpe d'Huezen bukatu zen, 1952. urtean; 25. aldiz igoko dute gaur, eta 18. bihurgunearen 'jabetza' partekatu beharko du Henni Kuiperrek

Andoni Urbistondo.
2006ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Alpe d'Huez izango da Tourreko mendate ezagunenetakoa, ezagunena ez bada. Ez da gehien igo den mendatea, ezta gogorrena, luzeena edo garaiena ere, baina bai mitikoa. Eta mitikoa den heinean, ederrenetakoa ere bai. Zerk eman dio, baina, mitikotasuna Alpe d'Huez eski estazioari? Igo den 24 aldietan han gertatutako kirol balentria eta ahulaldiek, ziur aski, baina batez ere datu esanguratsu batek: gainean bukatu zen Tourreko lehen etapak Alpe d'Huezen izan zuen bukaera. Historiako lehena izan zen, 1952. urtean.

Tourrak mende erdiko historia zuen ordurako. Ehunka mendate igo ziren, zegoeneko, baina proba ez zen inoiz mendate batean bukatu. Georges Rajonen ekimenez bukatu zen Tourra mendate batean. Rajon Bourg d'Oisans hiriko semea zen, hiri hori sortu zuen Mauriceren semea. 1935a arte oinez bakarrik igo zitekeen Alpe d'Huezera. Ez zegoen errepiderik. Rajon sarri igotzen zen oinez 1.900 metrora zeuden belaze haietara, eta inguru hartan eski estazio bat altxatzeko ametsa zeukan. Lehen pausoa, ordea, haraino igotzeko errepidea egitea zen.

Ez zen erraza izan. 1.100 metroko desnibela gainditu behar zen, eta bidea egin beharreko mendia bertikala ia. Hainbat proiektu egin ziren, baina denak zakarrontzira bota zituzten, batez besteko desnibela %20koa zelako. Igoezina garaiko autoentzat. Bakarren batek aldapa aldez alde egitea pentsatu zuen, orduan, 180 graduko bihurguneekin, eta horrela iritsi zen zibilizazioa Alpe d'Huezera. 21 bihurgune itxi pasatu ondoren. Urteek aurrera egin ahala munduko 21 bihurgune ezagunenak bihurtuko ziren.

1952ko uztailaren 4an Tourra Alpe d'Huezen bukatu zen. Fausto Coppi handiak irabazi zuen han, baita urte hartako Tourra ere. Zenbaitzuk telebistan ikusi zuten igoera hura. Henri Persinek egungo kamera arinekin zerikusirik ez daukan traste pisutsua zeraman bizkarrean. Irudiak grabatu eta gauean emititzen zituzten.

Igoera arrakastatsua izan zen, baina Tourra Alpe d´Huezera itzuli arte 24 urte luze pasatu ziren. 1976an bueltatu zen berriz, baina ordurako itxura aldatuta zegoen igoera. Rajonek, Esloveniako Kranjka Gora eski estazioko igoerako 53 bihurguneak atzetik aurrera zenbatuta zeudela ikusi zuen, eta antzera egin zuen Alpe d'Huezeko 21 bihurguneekin.

90eko hamarkada hasieran, bihurgune bakoitzean etapa garaileen izena jartzea erabaki zuten bertakoek, eta bihurgune oro mito bihurtu. Bihurguneen jabeak ikusita, ez zen gutxiagorako. 21. bihurgunea Fausto Coppi bihurgunea zen. 20.a Joop Zoetemelk herbeheretarrarena. 19.a eta 18.a Henni Kuiper herrikidearena... Fede Etxabek bere bihurgunea dauka, 10.a, 1987an garaipena lortu baitzuen han, eta Iban Mayok ere bai, 2003ko garaipenari esker. Mayoren izena 20. bihurgunean aurki daiteke, Zoetemelk handiarenaren alboan. Lehen hiru bihurguneek bi jabe dituzte, 2001. urtean 22. aldiz igo zelako Tourra Alpe d'Huezera. 21 bihurguneak bukatuta, bihurguneetako jabetza partekatzea erabaki zuten bertakoek. Kuiperrek bi bihurgune zituen berarentzat 2004a arte. Armstrongen izena dago, berearen ondoan, 2004az geroztik, eta gaur bigarrena ere partekatu egin beharko du.

HERBEREHEETARREN MENDIA? Zoetemelk, Kuiper, Peter Winnen, Steven Rooks, Gert Jan Theunisse... mendirik gabeko herrialde hartako askok jaso dituzte besoak garaile Alpe d'Huezen, eta herbeheretarren mendia deitzen zaio, horregatik. Kontua da 17 urte daramatzatela hango txirrindulariek Alpe d'Huezen irabazi gabe, baina igoal-igoal bilzen direla milaka zale malda osoan, euskaldunak Pirinioetan bezalatsu. Mickael Rasmussen eta Michael Boogerd dira herbeheretarren itxaropena, gaur.

Mitoak hizpide ditugula, ezin ahaztu Alpe d'Huezeko mito handienetakoa, Marco Pantani zena. Italiarrak bitan irabazi zuen Alpe d'Huezen, 1995 eta 1997an. Urte horretan, gainera, marka guztiak hautsi zituen eta 13,8 kilometroko aldapa tentea 37.35eko denboran igo, betiko denbora onena. Hirugarren eta bigarren bihurgunean dago idatzita Pantaniren izena. Hare ere partekatu beharko du, noizbait, baina urteak pasako dira, hori gertatu arte. Pantanik hori eta gehiago merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.