Sarri bisitatu du Frantziako Tourrak Euskal Herria. Askoz gehiago Ipar Euskal Herria, Frantziatik gertuago dagoen heinean, baina inoiz ez ibilbide berarekin. Urrian jakin zen Tourreko etapa bat Kanbotik, Lapurditik abiatuko zela. Etapa Pauen, Biarnoko hiriburuan bukatuko zela jakin zen gero. Hala gertatzea espero zen, Pauen ia urtero antolatzen dutelako etapa bukaeraren bat. Pirinioetatik gertuen dagoen hiri handiena da.
Tourrak hainbat aukera zituen Euskal Herritik Pauera iristeko, eta Pirinioetako lehen etapa zela jakinda, bide logikoena lehenetsi zuen. Alegia, mendia bai, baina ibilbide lasaia ere bai. Nola uztartu bi osagai horiek? 10. etapako lehen erdian mendate gogorrik jarri gabe, eta bigarren erdian Pirinioetako bi mendate mitiko igarota. Burdinkurutzeta, adibidez, aldapa gogorra da, eta ez dago Kanbotik urrun (60 bat kilometro). Mendate horretan, ordea, sarraskia handi samarra izan zitekeen, eta Tourrak, mendiko lehen etapan behintzat, nahiago du ikuskizuna etapa bukaerarako utzi.
Biharko etapako lehen erdiak 80 bat kilometro izango ditu eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat bailara eta herri zeharkatuko ditu. Kanbotik irten eta Baionatik Donibane Garaziraino doan errepidean barrena egingo du bidea tropelak, hasieran. Itsasu eta Luhuso igaro eta atzean utziko dute Lapurdi, Heletatik barrena Nafarroa Beherean sartzeko. Nafarroa Beherean eta Zuberoan Lapurdin baino kilometro gehiago egingo ditu Tourrak. 10 kilometro eskas Lapurdin, 40 pasatxo Nafarroa Beherean, eta ia 50 Zuberoan.
Nafarroa Behereko bidea ez da erraza, gorabeheratsua baizik. Heleta gain batean dago, eta Irisarritik Suhuskune eta Lakarrarainoko errepidea ere ez da aproposena arnasa hartzeko. Ipar-ekialdera egiten du bideak Lakarratik Larzabaleraino, eta han, ekialdera berriro, Bunuze eta Donaixti-Ibarretik igarotzeko.
Zuberoara sartu aurretik igoko dute lehen mendatea. Hirugarren mailakoa: Oskitx. Sei kilometroko aldapa da, eta %5,3ko batez besteko pendiza du. Tourreko lehen aldapa serioa izango da.
ZUBEROATIK BIARNORA. Behin Zuberoan sartuta, Muskildi eta Urdiñarbetik pasako da tropela, eta Zuberoako hiribururantz joan ordez (bost kilometrogatik ez da pasako), hegoalderantz joko du Tourrak, garbi-garbi, Pirinioetako gailur garai eta dotoreenen bila. Idauze-Mendi, Mendikota eta Iruriko herritarrek Tourra gertu-gertutik ikusteko aukera izanen dute.
Uhaitzandi ibaiaren bideari segika, Atharratzera iritsiko da aurrena tropela, Zuberoako bigarren hiri garrantzitsuenera. Ligi herri politera, hurrena, eta han, Larrainera doan errepidea bazter utzi eta Santa Graziraino joko dute. 101. kilometroan, Soudet gainean, esango dio agur Tourrak Euskal Herriari. 90 kilometro daude handik Paueraino, eta tartean, Soudet baino erabakigarriagoa izan daitekeen aldapa puska: Marie-Blanque.
Etapan zer gerta litekeen asmatzea zaila da. Ziurtzat jo daiteke zalaparta handia egongo dela Kanbotik abiatu eta berehala. Muinoak aproposak dira horretarako, eta Soudet hasi baino lehen errenta polita lor dezake ihesaldiak. Faboritoek ere kontrarioak estutzeko gogoa izango dute. Non jo pentsatzeko astia izango dute gaur, Bordele-Akize etapa lauan (170 km.).
[email protected]
TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA. TXIRRINDULARITZA
FRANTZIAKO TOURRA. 100 kilometro, eta eraso festa. Hiru ordu inguru egingo ditu Tourreko tropelak Euskal Herrian, bihar; etapa ikusgarria espero da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu