TXIRRINDULARITZA. Gezurra egia bihurtzean

Gaur ehun urte beteko dira Tourrean Tourmalet lehen aldiz igo zela. Octave Lapize izan zen orduan onena, eta berak irabazi zuen Baionan amaitutako etapa.

2010eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Historia guztiek dute hasiera bat, amaiera non izango duten jakingo ez badakigu ere. Tourmaletek ere badu berea. Gaur ehun urte beteko dira Tourrean Tourmalet lehen aldiz igo zela, eta txirrindularitzaren mito bihurtu den mendiari omenaldia egingo dio urteko lasterketarik garrantzitsuenak.

1910eko udaberrian, Alphonse Steines L'Autoko erredaktoreak Tourmaleteko gaina deskubritu zuen. Hain zuzen, Henri Desgranges Frantziako Tourreko ideologoaren aginduz bidaiatu zuen Steinesek Paristik Pirinioetara. Konfiantzazko gizona zuen. Mandatua: Frantziako Tourreko hurrengo urterako etapa berri bat bilatzea. Eta bilatu zuen. Luchon eta Baiona arteko bidea egin zuen Steinesek, eta hamaika komeri pasatu ondoren, 1910eko Tourrean historian lehen aldiz Tourmalet igo zuten txirrindulariek.

Neguko elurrak oraindik urtu gabe zeudela ekin zion Steinesek gailurreranzko bideari. Hango harri kozkor eta malda gogorrek orduko autoen gabeziak argitan utzi zituen. Nabari zen teknologiak asko zuela garatzeko oraindik. Saint-Marie de Campanen egin zuen lehen geldialdia. Hango taberna batean mendian gora egiteko bideagatik galdetu zuen. Zorotzat hartu zuten. Kontuak kontu, hartu beharreko bidea erakutsi zioten. Lainoakzeharkatzerainoko bidea zuen aurretik Steinesek.

Lau kilometro falta zirela, autotik jaitsi egin behar izan zuen, elurra zela-eta ezin izan baitzuen aurrera jarraitu. Burugogorkeria zer den. Berandu zen, eta iluntzen hasi zuen. Steinesek, baina, Desgrangeseri bide berri baten berri eman behar zion inondik ere. Hala, txoferrari Baregesen itxaroteko eskatu zion, Tourmaleten beste aldean. Steinesek, autotik jaitsi bezain laster, artzain batekin egin zuen topo. Hogei frankoren truke gailurreraino eramateko eskatu zion. Hala zapaldu zuen Steinesek gaina estreinakoz. Zeharkaldia, baina, ez zen han amaitu erredaktorearentzat. 40 franko gehiago eskaini zizkion Baregesera gida zezan eskatuz, baina artzain gazteak ezetz erantzun zion. Arriskutsuegia zen edonorentzat zeharkaldi hura: hotz handia egiten zuen, eta, gainera, gauetan ohikoak ziren otso eta hartzak paraje horietan. Steinesek beheranzko bideari ekin zion orduan, baina zapatek ere huts egin zioten. Ondorioz, sekulako izozketa jasan zuen gorputz guztian. Goizaldera gendarmeek aurkitu zuten. Bizirik zegoen. Gainontzean sekula ez zion Desgrangesi telegrama hau bidaliko: «Tourmalet ibilbidea. Bide oso ona. Perfektua bertatik pasatzeko».

Gezur handi bat badirudi ere, halaxe aurkitu zuten Tourmalet Tourrerako. Henri Desgrangesek hurrengo urterako Pirinioetako etapa bat osatu zuen, Peyresourdeko, Aspineko, Tourmaleteko eta Aubisqueko gainekin. Sekulako etapa izan zen 1910eko uztailaren 21eko hura. Gogorretan gogorrena. 326 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten egunhartan irten ziren txirrindulariek. Luchonen hasi zen etapa, 03:30ean. Arratsaldeko seiak arte, baina, ez zuten Baionako helmuga zeharkatu. Hamalau ordu eta hamar minutu behar izan zituzten denera.

Octave Lapize bezperako etapako garailea izan zen lehena Tourmalet zapaltzen; Baionan irabazle eta urte hartako Tourreko garailea ere izan zen. Amaieran L' Autoko Victor Breyerkazetariak etapagatik galdetu zionean, hala erantzun zion txirrindulariak: «Hiltzaile batzuk zarete!».

Lehen aldi hartatik beste 74 alditan igo dute Tourmalet Tourrean. Gaurkoa 75.a izango da. Joan diren urteek merezi dute, eta 1910eko etapa hura gogoratuz, Luchonetik irtengo dira txirrindulariak. Peyresourdeko, Aspineko eta Aubisqueko gainak igoko dituzte orduan bezala Tourmaletekin batera. Gaurkoak, ordea, 199,5 kilometro izango ditu. Steinesen gezurra, urteen poderioz, txirrindularitzako egiarik handiena bihurtu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.