Ailegatu da Frantziako Tourra mendira, urtero ohi duenez. Duela astebete abiatu zen lasterketa Rotterdamgo karriketatik, eta Alpeetara ailegatu da dagoeneko. Gaur, bihar eta asteartean jokatuko dituzte Alpeetako etapak -astelehenean atseden eguna dute-. Hortaz, ezinbertzean, hurrengo etapetan tropela hautsi eginen da. Dena den, ez dira Tourra erabakita uzteko moduko etapak. Gogorrak dira, bai, baina ez dira bertze ekitaldietan bezain izugarriak. Faboritoen artean lehen hautaketa garrantzitsua egiteko balioko dute. Rousseseko eski estazioan bukatuko da gaurko etapa; bihar, Morzine-Avoriazen, eta asteartean, Saint-Jean-de-Mauriennen, bertzeak bertze Colombiere eta Madeleine igo ondotik.
Gaurko etapan, Tournosen eta Rousseseko eski estazioaren artean -165,5 kilometro-, sei mendate igo beharko dituzte txirrindulariek, eta horietako gogorrenak azken hirurak dira, bigarren mailakoak denak: Barrage de Vouglans, Croix de la Serra eta Lamoura. Lehenbizikoa, Barrage de Vouglans, helmugatik 60 kilometrora dago. 6,6 kilometro luze da, eta batez bertze %5,6ko pendiza du. Croix de la Serrak, berriz, 15,7 kilometroko igoera du, eta %4,3ko batez bertzeko aldapa, baina profil irregularra du: malda gogorreko zatiren bat baduen arren, txirrindulariek arnasa lasai hartzeko atseden guneak ere baditu.
Croix de la Serra jaitsi, eta ia berehala hasiko dute azken igoera: Lamoura. 14 kilometro luze da, eta %5eko batez bertzekoa du. Hasierako sei kilometroetan dago mendatearen zatirik gogorrena -%6,3ko batez bertzekoa-, eta, erasorik izatekotan, indartsuenek zati hori baliatu beharko dute, ondoren anitz leuntzen baita pendiza. Mendatearen gainetik Rousseseko eski estazioko helmugara lau kilometro daude, jaitsieran eta sasi-ordekan. Etapa honek sailkapen nagusiari begira izanen duen garrantzia, hein handi batean, faboritoen jarreraren araberakoa izanen da, ez baita alde handiak ateratzeko moduko ibilbidea. Mendateak ez dira hagitz gogorrak, eta talde indartsuek ezarritako erritmoa halamoduzkoa bada, txirrindulari anitzek eutsiko diote tropelaren erritmoari.
Faboritoak mugitzeko aukera
Goi mailako lehen mendateak bihar igoko dituzte. Rousses eta Morzine-Avoriaz arteko etapak 189 kilometro ditu, baina azken berrogeita hamarrak dira gogorrak. Lehenbiziko mailako bi mendate igoko dituzte bertan: Ramaz, eta, helmugakoa, Morzine-Avoriaz. Ramaz 14 kilometro luze da, eta batez bertze %7ko pendiza du. Erdialdean, gainera, hiru kilometrotan %9tik gorako batez bertzekoa du. Gainetik helmugara 35 kilometro geldituko zaizkie txirrindulariei, eta horietatik azken 13,6ak Morzine-Avoriazko igoerari dagozkio. Mendate horrek hasiera eta bukaera ditu tarterik leunenak. Gainerakoan, %7ko batez bertzekoa du Morzine-Avoriazek. Ez du hagitz malda gogorrik, baina atseden hartzeko ere ez du aukera anitzik uzten. Faboritoek hor mugitu beharko dute.
Azkenik, asteartean, Morzine-Avoriaz eta Saint Jean de Maurienne artean, gogortasuna ongi banatuta edukiko dute txirrindulariek etapa guzian zehar -204,5 kilometro-. Bortz mendate igoko dituzte, eta horien artean, lehenbiziko mailako bi - Colombiere eta Saisies-, eta maila bereziko bat -Madeleine-. Erraldoi horiei aitzin egiteko, atseden egunean giharrak ez gehiegi hozten saiatu beharko dute txirrindulariek. Colombiere izanen da eguneko handietan lehena: 16 kilometroko igoera da, ia %7ko batez bertzekoarekin; helmugatik 158 kilometrora dago.
Hurrengo kilometroetan ez da meniarik egonen: Aravis bigarren mailako mendatea igoko dute, eta hura jaitsi bezain pronto, Saisies -14,7 kilometro, %5,1eko batez bertzekoarekin-. Hortik Madeleineren oinera 48 kilometro daude. Hor dute etapako koska: 24 kilometro, %6,3ko batez bertzekoarekin. Onenekin egoteko gai ez denak maldan goiti denbora anitz ez galtzen saiatu beharko du, gainetik helmugara 32 kilometro baitaude maldan beheiti. Mendateek emanen diote, hortaz, ongietorria bigarren asteari. Hiru egun hauetan nabarituko da zein ez dagoen Tourra irabazteko moduan, baina, oraindik ere, anitz geldituko da erabakitzeke.
TXIRRINDULARITZA. Gogorrak, baina ez izugarriak
Gaur hasi eta asteartera bitartean Alpeetan ibiliko da Frantziako Tourra. Morzine-Avoriaz, Colombiere eta Madeleine dira txirrindulariek igo beharko dituzten mendate nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu