Gori-gorri dator 2010eko Vuelta. Gaur iluntzean Sevillan hasi eta irailaren 19an Madrilen amaitu bitartean, 21 etapari eta 3.425 kilometro berori egin beharko diete aurre txirrindulariek. Begiratu batera, igotzaileentzat da aproposa Vuelta, baina igotzaile finak eta igotzen hain finak ez diren espezialista handiak ageri dira faboritoen zerrendan: Denis Mentxov (Rabobank), Frank Schleck (Saxo Bank), Vincenzo Nibali (Liquigas), Igor Anton (Euskaltel-Euskadi), Carlos Sastre (Cervelo), Joaquim Rodriguez (Katuxa)...
Vueltak ez dauka Tourraren glamour-ik, izenik eta oihartzunik; ez dauka Giroaren ikusgarritasunik eta berotasunik; baina bihurria dator Vuelta. Mendiko sei etapetan ageri ez diren etapa amaiera gaizto dezente daude ezkutuan. Lehenengoa, gaurkoa. 13 kilometroko taldekako erlojupekoarekin hasiko da Vuelta, gauez, eta horrek urduritasuna gehituko dio etapari.
Faboritoek kontuz ibili beharko dute datorren larunbata bitartean, mendiko lehen etaparen aurretik zailtasun dezente dauzkalako aurtengo Vueltak. Asteleheneko eta astearteko etapa amaierek goranzko joera daukate. Astelehenean, Leon lehen mailako mendatea daukate helmugara iristeko 37 kilometro falta direnean, eta Malagako azken kilometroak ere %5eko pendiza dauka. Asteartean, berriz, Valdepeñas de Jaenen, %15eko pendiza gogor bat dauka azken kilometroak.
Ondo bidean, lau esprint eta bi etapa amaiera mugitu eskaini beharko lituzke lehen asteak. Baina lehen etapa horietan Munduko Txapelketari begira prestaketa lan ona egiteko aukera daukate klasikozaleek. Hurrengo larunbatean hasiko da benetako Vuelta, Xorret de Cati gainean amaituko den etapan. Hiru kilometro soilik dauzka, baina %12,1ekoa da batez bestekoa -%18ko aldapa bat ere badauka-. Gainetik helmugara 3,2 kilometro besterik ez dago. Eta hain gogorra izan gabe, etapa zaila da igandekoa, sei mendate etzan igo beharko dituztelako, eta azken kilometro eta erdiak goranzko joera daukalako.
Bederatzi eguneko egurraren ondoren, irailaren 6an iritsiko da lehen atseden eguna, eta, gehienetan bezala, arriskutsua izango da hurrengo etapa. Rat Penat lehen mailako mendatea igo beharko dute azken 35 kilometroetan sartuta (4,4 km, %10,8ko batez bestekoa, eta tartean %23ko aldapa bat), eta arriskutsua da hortik helmugara arteko errepidea. Andorran amaituko da 11. etapa, baina etzanegia da azken igoera.
Kantabriak emango dio ongietorria azken asteari, Peña Cabarga sei kilometroko igoera zailarekin. %9,1ekoa da azken mendate horren batez bestekoa, eta %19ko zati bat ere badauka azken bi kilometroetan. Vueltako etapa klasiko baten atarikoa izango da larunbateko etapa, igandean Covadongako aintziretan amaituko delako etapa. Gogorra da azken igoera, %15eko paretak ere bai baitaude.
Vueltako etaparik gogorrenak itxiko du Kantabria eta Asturiasko hirusta. 161 kilometro eta lau mendate dauzka 16. etapak. Samurra da lehenengoa, baina oso gogorrak dira ondorengo hirurak. Lehen mailako mendatea da San Lorenzo. Hamar kilometro dauzka, eta batez bestekoa %8,5ekoa da. Hori bai, kilometro bateko jaitsiera txiki baten aurretik, %14ko aldapa bat ere badauka. San Lorenzo jaistearekin batera hasiko dira Cobertoria lehen mailakoa igotzen (zortzi kilometro, eta %8,5eko batez bestekoa). Azken kolpea faltako zaio itzuliko etaparik gogorrenari, Cotobello, inoiz igo gabeko maila bereziko mendatea. Hamar kilometro dauzka, eta batez bestekoa %8tik gorakoa da. Oso igoera itoa da, pendiza nekez jaisten delako %7ko batez bestekotik.
Bola del Mundo beldurgarria
Mendiko hiru etapa gogorren ondoren iritsiko da bigarren atseden eguna, eta atseden egun horren ondoren, Vueltako erlojupeko luze bakarra. Peñafielen hasi eta bukatu, 46 kilometro dauzka erlojupeko horrek, eta oso aproposa da espezialistentzat. Azken hondarrean, egurrerako gogoz dagoenarentzat propio prestatutakoa dirudi 20. etapak. Leongo gaina (8,5 km, %6,4) eta Navacerrada (8,1 km, %7) lehen mailakoak igo beharko dituzte azken berotua hartu aurretik. Eta handia izango da azken berotu hori, Bola del Mundo beldurgarrian (2.247 metro) amaituko delako etapa. Navacerradatik gora 3,5 kilometroko muturreko gogortasuna dauka igoerak. Errepidea zementuzkoa da, eta batez bestekoa %11,5ekoa -zati batzuetan %21eko pendizak ere badaude-.
Bola del Mundon, zerura bidean, amaituko da aurtengo Vuelta,Madrilen amaituko den azken etapak garaileei omen egiteko balioko duelako. Vueltak ez dauka Tourraren glamour-ik; ez dauka Giroaren ikusgarritasunik. Baina gori-gorri dator urteko hiru itzuli handietan azkena.
Faboritoak
Denis MentxovRabobank, 32 urte
Alde. Bi aldiz irabazi du jada Vuelta, beste behin Giroa eta hirugarren izan da aurtengo Tourrean. Igotzen, onenen pare dabil, eta 46 kilometroko azken erlojupekoan alde handia lor dezake.
Kontra. Nekea eta motibazioa. Hasi eta bukatu, bete-betean egin du Tourra, eta baliteke nekea nabaritzea bigarren astetik aurrera. Mendiko lehen etapetan hutsen bat eginez gero, motibazioa galdu eta erretiratzeko arriskua dauka.
Vincenzo Nibali
Liquigas, 25 urte
Alde. Hirugarren amaitu zuen Giroa; oso talde ona izango du ondoan; prestaketa bikaina egin du Vueltara sasoi betean iristeko, eta behetik gora dator. Igotzaile fina da, oso fina, eta jaisten beste inor baino hobea da.
Kontra. Vueltako ibilbidea ez du ondo ezagutzen, eta lasterketak ezuste asko dauzka gordeta. Taldeburu argi gisa joateak gehiegizko presioa sor diezaioke une jakin batzuetan.
Frank Schleck
Saxo Bank, 30 urte
Alde. Motibazioz gainezka iritsiko da Vueltara, eta Andy anaia ondoan izango du, kirol ibilbideko lehen itzuli handia irabazteko. Talde indartsua dauka, eta Bola del Mundon amaituko den etapan leher dezake lasterketa.
Kontra. Lepauztaia hautsi zuen Tourrean, eta ikusi egin beharko da lesioa erabat ahaztuta daukan edo ez. Min hartu zuenetik ia ez du lehiaketa egunik pilatu. Oso pattal moldatzen da erlojupekoetan.
Igor Anton
Euskaltel-Euskadi, 27 urte
Alde. Heldutasunera iristen ari da, eta podiumera igo daitekeela sinetsi du. Tropeleko igotzailerik finenetakoa da, eta mendiko sei etapa dauzka Vueltak. Burgosko Itzulian erakutsi zuen sasoi betean dagoela.
Kontra. Erlojupekoetan herren egiten du, eta buruak ere huts egiten dio batzuetan. Beñat Intxausti ondo aritzen bada, une jakin batean harentzat lan egitea egokituko zaio agian.