TXIRRINDULARITZA. Gosetiak asetzeko

Espainiako Vuelta gaur hasiko da Herbehereetan, Assengo zirkuituan, eta Alejandro Valverde da irabazteko faboritoa

Igor Susaeta.
Donostia
2009ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Parte hartu izan balu, Alberto Contador (Astana) iazko garailea litzateke Espainiako Vuelta irabazteko faborito argia. Ia irailean egonagatik, Frantziako Tourra eta beste hainbat lasterketa irabazi dituen arren, hautagai nagusia. Udaberria, uda edo negua izanda ere gainontzeko txirrindularien gainetik dagoelako, batetik, eta espainiarra delako, bestetik. Baina Astanakoa ez da lehiatuko gaur Herbehereetan hasiko den Vueltan. Bai, ordea, Andy Schleck (Team Saxo Bank), Tourrean Contadorren atzetik sailkatutakoa. Dagoeneko aseta dago, halere. Lieja-Bastogne-Liejan erakutsi zuen erakutsi beharrekoa baita gero uztail osoan ere. Cadel Evans (Silence-Lotto) ere Vueltan aritzekoa da, baina Tourra pot eginda eta atzean amaitu ondoren, ez dirudi orain ahaleginak bata bestearen atzetik pilatzeko moduan egongo denik. Iraila ez baita horretarako garaia. Horregatik, txirrindulari gosetiak asetzeko lasterketa izan ohi da Vuelta 1995etik -irailean jokatzen hasi zenetik-. Denboraldian zehar ez egindakoa edo atzeratutakoa egiteko proba; soldata edo estatusa justifikatzeko tokia. Eta hori egitea dagokio, esaterako, Alejandro Valverderi (Caisse d'Espargne). Bai, lasterketa txikiak eta ez hain txikiak irabazi ditu sasoi honetan espainiarrak, ohi bezala, baina Tourra korritzea debekatu zioten antolatzaileek Italiako Olinpiar Batzordeak (CONI) jarritako zigorra dela medio, eta Valverdek itzuli handi batean luzitzeko beharra dauka. Hura da faborito nagusia. Lasterketa, berriz, mendian erabakiko da: bost etapa amaituko dira gainean.

Ezin esan Valverde igotzaile peto-petoa denik, baina irailean eskalatzaileek ez dute udaberrian edo udan bezala hausten. Erlojuaren kontra egin beharreko kilometroak, berriz, ez dira gehiegi: 60 baino ez, hiru astean. Gainera, sasoiko egon denean, ondo moldatu izan da Valverde. Egia esan, puntuan egonda, toki guztietan nabarmentzen da espainiarra.

Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi) ere bai. Hura da bigarren faboritoa. Orain bi urte hirugarren izan zen nagusian. Ezin indartsuago bukatu zuen lasterketa, eta hiru etapa irabazi zituen azken aste horretan: Granadan, Abantosen eta erlojupekoa Collado Villalban. Orduko sasoia erakusten baldin badu, podiumera igoko da Euskaltelekoa. Hark, ordea, irabazi egin nahi duela esan du; denboraldia horretarako prestatu duela. Hasteko, bat zenbakidun dortsala eramango du bizkarrean.

Zerrenda laburra

Gose direlako, bi horiek dira faborito nagusiak. Eta euren atzetik, zerrenda labur samarra da: Andy Schleck, Cadel Evans, Robert Gesink (Rabobank), Ivan Basso (Liquigas), Ezequiel Mosquera (Xacobeo) edo Damiano Cunego (Lampre) aipa daitezke. 64. aldi honetan, 3.266 kilometrori aurre egin beharko diete; 21 etapa guztira.

Eta aurrenekoa, gaur: 4,8 kilometroko erlojupekoa Assengo zirkuituan, motoziklismoaren katedralean. Vuelta Espainiatik kanpo hasiko den bigarren aldia izango da. Izan ere, 1997an, Lisboatik (Portugal) abiatu zen. Kanpoan hasteak, behintzat, zerbait berezia emango die normalean aspergarri samarrak izaten diren aurreneko etapei. Bigarrena eta hirugarrena -kilometro batzuk egingo ditu Alemanian- aproposak dira esprintean amaitzeko, eta laugarrenak udaberriko klasikoen tankera du. Amstel Gold Raceko Cauberg eta Lieja-Bastogne Liejako Saint Nicolas muinoak igoko dituzte, Liejara bertara heldu aurretik.

Gero, aurreneko atseden eguna, baina 1.000 kilometro pasatxoko lekualdatzea egiteko baliatuko dute. Mediterraneo itsasoaren alboan pare bat etapa jokatu ondoren, lehen erlojupeko serioa: 30 kilometro Valentzia hiriaren bueltan. Ondoren, berriz, mendiko aurreneko etapak, Aitanan eta Xorret de Cati pikoan. Halere, Vuelta hauts dezaketen etapak Andaluzian jokatuko direnak dira. Izan ere, 12., 13. eta 14. etapak gainean bukatuko dira. Handik Madrilerantz egin beharreko bidean, izango dituzte ordekan egin beharreko pare bat etapa. Baina Avila inguruan eta Guadarrameko mendilerroan jokatuko diren etapak ez dira txantxetakoak.

Sailkapena erabakita ez baldin badago, azken-aurreko egunean Toledon korrituko den etapak zehaztuko du zehazteke dagoena. Aurreneko begiratuan, Vueltak gogorra dirudi, eta, Igor Gonzalez de Galdeano eta Eusebio Unzue Euskalteleko eta Caisse d'Epargneko kirol zuzendarien ustez, «aspaldiko gogorrena» da aurtengoa. Alexandr Vinokurovek (Astana) hainbesterainoko den ala ez egiaztatu ahal izango du. Txirrindulari kazakhstandarrak bi urterako kontratua sinatu du Astanarekin, eta goi mailako lasterketa bat korrituko du, bi urte dopina dela-eta zigortuta pasatu ostean. Bera ere, ziur, gose dela, eta Vuelta, gosetiak asetzeko lasterketa izan ohi da.



Faboritoak

Alejandro Valverde
Caisse d'Epargne, 29 urte
Tourra zeukan begiz jota, baina CONI Italiako Olinpiar Batzordeak jarritako zigorra dela eta, ezin izan zen Frantzian lehiatu. Vuelta buru-belarri prestatzeari ekin zion, eta, hasiera batean, hura da faborito nagusia. Gainera, sasoiko dagoela erakutsi du atariko probetan. Vueltan bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren izandakoa, irabaztea bakarrik falta zaio, hortaz.

Ivan Basso
Liquigas, 31 urte
Italiako Giroko sailkapen nagusian bosgarren izan zen, ia bi urte dopinagatik zigortuta pasatu ondoren. Ez zuen garai bateko txirrindulariaren klasea erakutsi, baina polito ibili zen. Sekula ez da Vueltan aritu, baina aurtengoa serio prestatu du, eta garaiera handian entrenatu da italiarra. Hasiera batean, sentipen onak baldin badauzka, irabazteko hautagaia da.

Samuel Sanchez
Euskaltel-Euskadi, 31 urte
Denboraldiaren hasieran bi helburu zituela aitortu zuen: Euskal Herriko Itzulia eta Vuelta. Aurrenekora primeran heldu zen, baina belaunetako batean zeukan minak ez zion nahi adina ibiltzen utzi. Halere, hirugarren azkenean. Vuelta, berriz, gustura prestatu ahal izan du, eta fresko helduko da irteerara. Orain bi urte hirugarren izan zen, eta, orain, irabaztea dauka buruan.

Robert Gesink
Rabobank, 23 urte
Herbehereetako txirrindularitza zaleak haren zain daude. Gesinkek itzuli handi bat irabaz dezakeela uste dute. Tourrean aurrean ibiltzeko hautagaietako bat zen, baina bosgarren etapan eskuin eskuko eskumuturra hautsi zuen. Horregatik, Vuelta ondo prestatu ahal izan du. Igotzaile petoa da, eta aurtengo Vueltak nahi adina mendi du nabarmentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.