TXIRRINDULARITZA. Haizearen justizia (ia)

Juanma Garate.
2010eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Prest neukan titulua, baina azken unean «ia» bat gehitu behar izan diot. Haizeak behingoz justizia egin duela esan behar nizuen, baina... Tourreko erlojupekoan azken blokean irten zen Denis [Mentxov], haizeak norabidea aldatu zuen orduan, eta Cancellarari egin zion mesede. Eta oraingoan, neurri batean, alderantzizkoa gertatu da, nahiz eta ibilbidea lauki itxurakoa zen.

Lehen txirrindulariak irten direnean haizea hasieran alde zeukaten, eta gero aurka. Eta bukaeran erabat kontrakoa gertatu da. Horregatik zihoan Denis erlojupekoaren erdian Cancellara baino 58 segundo okerrago, eta amaieran 25 segundo aurretik. Hobea da haizea hasieran aurka edukitzea, hasiera horretan indartsuago egoten garelako. Denisi mesede egin dio egoera horrek, baina denok harrituta geratu gara Peter Velitsekin.

Autobusean ia-ia garaipena ospatzen ari ginen, eta orduan jaso dugu albistea. Ez dela ezer gertatzen esan digu Denisek, bere buruari lehiakor dagoela erakutsi diolako. Eta, tira, Velitsek aurretik ere erakutsi du oso indartsu dagoela. Ezin dugu ahaztu, gainera, Sevillan eurek irabazi zutela taldekako erlojupekoa.

Erlojupekoa oso luzea zen, eta Puritorentzat amaiezina izan dela uste dut. 46 kilometro beharrean, beretzat 56 zeuzkala ematen zuen. Bizikletako postura ez zen txarra, eta dezente hobetu duela esango nuke. Hasieran, gainera, ez dut uste lan txarra egiten ari zenik, baina amaieran, potentzia behar zenean, ezin zuen.

Nibaliri, berriz, zigor lotsagarria jarri diote. Itxuraz, hasieran behar baino segundo bat lehenago irten da, eta segundo hori bera gehitu diote amaieran. Hori ez da zigorra. Harrigarria da irteerako sistema oraindik berritu ez izana. Ehunenekoen artean jokatzen ari gara itzuliak, baina oraindik eserlekutik eusten digute irteeran, eta eskuekin kontatzen dute hasteko zenbat falta den. Nire kasuan, Pasamontesek pasatu egin nau, eta harekin iritsi naiz. Baina 1.12, alde hori ageri da bion artean. Bihar galdetuko diet zergatik den hori. Ez dut ulertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.