TXIRRINDULARITZA. Harrotasun kontua izan da batez ere

Pellizottik behe-behetik jo du, bera nagusitu da Blockhaus gainean, eta hirugarren tokia kendu dio Sastreri

Igor Susaeta.
2009ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Buruarekin ezetz esaten zuen Franco Pellizottik (Liquigas) orain astebete pasatxo. Pineroloko helmugan izan zen, Danilo di Lucaren (LPR) atzetik bigarren sailkatu zenean. Ezkerrera eta eskuinera etengabe. Ezetz, ez zela posible. Pramartino mendatean erasoa jota etapak berea izan behar zuela pentsatzen zuen. Eta, era berean, Pinerolotik hiru kilometrora zegoen muinotxoan Di Lucak nola ihes egin ote zion ari zitzaion galdetzen bere buruari. Ia dena ondo egin gabe ere, ezin. Atzo, ordea, itxuraz Ivan Basso taldeburuaren mesedetan egindako jokaldi taktikoa errematatu zuen 31 urteko txirrindulari ilehoriak 17. etapan, 83 kilometro eskasekoan. Blockhaus igotzen hasi eta berehala jo zuen erasoa, behe-behetik, eta inork ezin izan zion jarraitu hurrengo 15 kilometroetan. Gainera, helmugara hurbildu ahala atzekoekiko aldeak handitu zituen. Harrotasun kontua izan zen batez ere, urte asko besteen morrontzan pasatu ondoren, oilarretako bat izatea dagokiola pentsatzen baitu. Bassoren ordez, Liquigaseko taldeburua berak izan behar duela sinetsita dago. Lasterketa nola dagoen kontuan hartuta, hala behar du. Izan ere, atzoko etaparen ondoren nagusiko hirugarren tokira jauzi egin du Pellizottik, Carlos Sastreren (Cervelo) kaltetan. Di Lucak, berriz, 13 segundo baino ez zizkion kendu -gainsariei esker- Denis Mentxov (Rabobank) liderrari, azkeneko 200 metro pikoetan jotako eraso bati esker.

Hartara, tarte labur horretan aurreko 17 kilometroetan lortu ez zuena lortu zuen Killerrak: Mentxov gurpiletik ateratzea. Pellizottik, ordea, den-denak atzeratu zituen, eta, gainera, txirrindulari bakoitzak Blockhaus igotzeko zenbat denbora behar izan zuen aztertu izan balitz, Pellizotti nagusituko litzateke era berean. Kilometroak osatu ahala aldeak handitu zituen. Berez igotzailea da, baina peto-petoa ere ez. Alessio taldearekin egin zuen debuta 2001ean, eta talde harekin lau denboraldi osatu. Tarte horretan, bederatzigarren izan zen 2003ko Giroan, eta 11. hurrengo urtekoan. 2002an, berriz, Itzuliko eta Tirreno-Adriatikoko etapa bana irabazi zituen. Liquigas taldearekin fitxatu, eta 2006an Giroko hamargarren etapan gailendu zen, Peschicin. Zortzigarren egin zuen nagusian, eta 2007an, orduan taldekide zuen Di Lucak irabazi zuenean, bederatzigarren; Killerraren alde lan eskerga egin ondoren, bestalde.

Lehertu, baina, iazko Corsa Rosan lehertu zen. Taldeburua zen bere ibilbidean aurrenekoz, eta horretarako gaia bazuela erakutsi zuen: laugarren nagusian, eta Plan de Coronesen (Kronplatz) jokatutako kronoigoera beldurgarri bezain gogoangarrian, garaile.

Eta Liquigaseko ilehoriak nagusiaren hirugarren tokira jauzi egin zuen atzo. Cervelok lasterketa gogortu zuen, erritmo bizi-bizia jarri tropelean, etapako mendateko bakarraren oinera heldu aurretik, baina aldapa gora Sylvester Szmyd Liquigasekoak jo zuen aurrena, eta gero, segidan, garaileak.

Goizean hoteleko arbelean marraztutakoa gauzatzen ari zirela zirudien, baina, bai zera: Pellizottik irabazteko alde egin zuen onenen tropeletik. Lance Armstrong (Astana) saiatu zen haren gurpila hartzen. Harrotasun kontua hori ere. Oraingoz ez da erretiratu aurrekoa, ez du pedal kolpe harrigarri hura, baina uneoro hor dagoela erakutsi nahi du AEBetarrak.

Di Luca bakarrik lanean

Eta 10 kilometro falta zirela Di Lucaren saioa. Harro bera ere. Giroa irabazi nahi du, eta hortzak estutu zituen, Killerraren begirada jarri zuen Abruzzoan, bere zale sutsuen aurrean. Mentxov liderra, Basso eta Stefano Garzelli (Acqua&Sapone) eraman zituen berarekin eta Armstrong atzean utzi. Ezin, ordea, Pellizotti harrapatu. Di Lucak taldetxo horren buruan egin zuen igoera guztia, eta berriro ahalegindu bi kilometroren faltan. Mentxovek, baina, aise bezain harro erantzun zion,erasoa jo ondoren bere bizikletaren gurpila parean jarrita.

Eta Sastre, berriz, egiten ari denaz harro, amore eman gabe, baino gainontzeko faboritoak baino atzerago. Izan ere, atzokoa harrotasun kontua izan zen batez ere.



Sailkapenak

HAMAZAZPIGARREN ETAPA

1. Franco Pellizotti (Liquigas) 2.21.06

2. S. Garzelli (Acqua&Sapone) 42ra

3. Danilo di Luca (LPR) 43ra

4. Denis Mentxov (Rabobank) 48ra

5. Ivan Basso (Liquigas) 57ra

6. Marzio Bruseghin (Lampre) 1.54ra

7. Sylvester Szmyd (Liquigas) 1.55era

8. Michael Rogers (Columbia) 1.59ra

9. Carlos Sastre (Cervelo) d.b.

10. Lance Armstrong (Astana) d.b.

16. David Lopez (Caisse) 3.18ra

61. Iker Camaño (Fuji-Servetto) 10.18ra

NAGUSIA

1. Denis Mentxov (Rabobank) 72.28.24

2. Danilo di Luca (LPR) 26ra

3. Franco Pellizotti (Liquigas) 2.00ra

4. Ivan Basso (Liquigas) 3.28ra

5. Carlos Sastre (Cervelo) 3.30era

6. Levi Leipheimer (Astana) 4.32ra

7. Michael Rogers (Columbia) 7.05era

8. S. Garzelli ( Acqua&Sapone) 8.04ra

9. Tadej Valjavec (Ag2r) 9.58ra

10.Marzio Bruseghin (Lampre) 10.33ra

42. Iker Camaño (Fuji) 1.18.31ra

90. David Lopez (Caisse) 2.30.24ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.