Tourra bukatu zenetik hiru aste igaro dira jada, eta orduan Euskaltel-Euskadi taldean zintzilik zeuden kontuek halaxe jarraitzen dute egun ere. Zintzilik, kolokan. Batzuek besteek baino gehiago, eta guztietan ilunena, Iban Mayoren etorkizuna. Abuztu hasieran batzartu ziren Mayo, Angoitia managerra eta Euskaltel-Euskadiko Julian Gorospe kirol zuzendaria eta Migel Madariaga managerra. Orduz geroztik ez da izan berrikuntzarik.
Ezkorretik gehiago zuela esan zuen herenegun Madariagak, Mayok eta bere ordezkariak ez diotelako erantzun egindako eskaintzari. Berria Sabino Angoitiarekin mintzatu zen atzo, eta hala baieztatu zuen. «Iban [Mayo] buelta asko ematen ari da gaiari. Ez da egon barru-barruan, ezta ere kanpo-kanpoan. Jakina da Euskal Herrian geratzeko gogoa duela, baina bere neurrian balora dezaten nahi du». Angoitiaren esanetan, «Tourra korritzeko eta irabazten saiatzeko zortzi taldekide jarriko dizkion talde serio baten eskaintza dauka [Rabobank taldea], eta ez daki Euskaltelen hori eskaini ahal izango dioten edo ez. Dirua ere kontu garrantzitsua da, noski».
26 urte bete zituen atzo Iban Mayok. Angoitiak berak ez daki noiz argituko den egoera, baina ahalik eta azkarren izatea espero du. Haimar Zubeldiaren eta Samuel Sanchezen etorkizuna, aldiz, bihar argitu daiteke. Madariagaren hitzetan, baliteke ostegunean sinatzea biek kontratu berria Euskaltel-Euskadi taldearekin.
Didier Rous, Petacchi eta Di Lucaren garaipenak
Bulegoetatik urrun, errepidean proba batzuk jokatzen ari dira. Limousingo Tourrean Didier Rous frantziarra (Brioches La Boulangere) nagusitu zen lehen etapan. Vareseko Hiru Bailarak probako lehen saioan, Danilo Di Luca italiarra gailendu zen (Saeco), esprintean. Herbeheretako Itzulian, berriz, denboraldiko esprinter onenak bere palmaresa handitzen jarraitu zuen. Petacchik Zabel eta McEwen hartu zituen mendean.
TXIRRINDULARITZA . Iban Mayo zalantzan da eta Zubeldia eta Sanchez sinatzear dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu