TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Berotan, ezetz dio

Alan Perez bigarren, Priamok irabazitako etapan; tropela asko atzeratu denez, Visconti da lider berria

Igor Susaeta.
2008ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Burua ezkerrera eta eskuinera mugitzen ari zela helmugaratu zen Alan Perez (Euskaltel-Euskadi) atzo Peschicin, Adriatiko itsasoko bazter eder bezain argitsu batean. Ezezko keinua egiten ari zen. Bere buruari ezetz, ezin zitekeela hala izan esaten zion momentu horretan. Izan ere, Giroan eta antzeko lasterketetan garaipena hain gertu eduki eta azkenean bigarren izatea... Gogorra eta etsigarria behar du. Horregatik, berotan, azken pedalkadak ematerakoan, behin eta berriro ezetz zioen Zurukuaingo (Nafarroa) txirrindulariak. Hotzean pentsatzen hasten denean, baina, aldartea aldatuko zaio, ziurrenik. «Lasterketa bukatzearekin eta etaparen batean bazterrak nahastearekin konformatuko nintzateke», adierazi zuen Giroa hasi baino lehenago. Beraz, bere buruari jarritako erronka bete duela konturatuko da; sobera bete duela, gainera. Hori bai, berotan ezetz. Ezetz, ihesaldi luze batean sartu, helmugara beste batekin bakarrik heldu, eta lanari erremate egokiena emateko gai izan ez zelako. Matteo Priamo (CSF Navigare) Perez baino osoago, indartsuago heldu zen helmugara, Giroko etaparik luzeenean (231 kilometro). Tropela, 11 minutura; lasai, eguzkipean. Hartara, eta eguneko ihesaldian sartu zenez, Giovanni Visconti (Quick Step), Italiako txapelduna, da lider berria.

Egia esan, Franco Pellizottik eta Liquigasek ez zuten maglia arrosari eusteko gogorik. Ziurrenik, lidergoa gaurko etapan galduko dutela jakinda, Liquigasekoek ez zuten erantzukizuna hartu nahi. Hortaz, eguneko ihesaldia baimendu zuten. 53. kilometroan sortu zen, eta tartean zeuden Danielle Nardello (Diquigiovanni) zakur zaharra, Visconti bizia edota gorputzaldi onean dagoen Maxim Iglinsky (Astana), eta Alan Perez ere bai, noski.

Ibiliaren ibilian tartea ireki zuten, eta, egin kontu, helmugarako 45 kilometro falta zirenean 14 minutu eta 40 segundokoa zen aldea. Hartara, helmugarako 10 kilometro falta zirela Priamok jo zuen muinotxo batean. Perezek aise eutsi zion, eta elkarrekin heldu ziren helmugara. Gorako joera zuten azken metroetan, ordea, hobeto moldatu zen italiarra. Gaurko etapa mendian bukatuko da. Azkeneko bi mendateak ez dira gogorregiak baina aldeak eragin ditzakete.



saILKaPena
SEIGARREN ETAPA

1. Matteo Priamo (CSF Navigare) 5.24.49

2. Alan Perez (E. Euskadi) 8ra

3. Nikolay Trusov (Tinkoff) 27ra

4. Paul Martens (Rabobank) 31ra

5. Maxim Iglinsky (Lampre) 32ra

6. Daniele Nardello (Diquigiovanni) 36ra

7. Francesco Gavazzi (Lampre) 40ra

8. Giovanni Visconti (Quick Step) d.b.

11. Daniele Bennati (Liquigas) 11.34ra

42. Juanma Garate (Quick Step) d.b.

60. Markel Irizar(E. Euskadi) d.b.

80. Iker Camaño (Saunier Duval) 11.57ra

84. Dioni Galparsoro (E. Euskadi) d.b.



NAGUSIA

1. Giovanni Visconti (Quick Step) 27.14.04

2. Matthias Russ (Gerolsteiner) d.b.

3. D. Nardello (Diquigiovanni) 1.22ra

4. Alan Perez (E. Euskadi) 4.42ra

5. Francesco Gavazzi (Liquigas) 5.34ra

6. Matteo Priamo (CSF Navigare) 9.07ra

7. Franco Pellizotti (Liquigas) 9.08ra

8. Danilo di Luca (LPR) 9.15era

9. Morris Possoni (High Road) 9.16ra

10. Vincenzo Nibali (Liquigas) d.b.

24. Juanma Garate (Quick Step) 9.51ra

68. Iker Camaño (Saunier Duval) 11.18ra

74. Bingen Fernandez (Cofidis) 12.19ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.